Asteroko buletina
Itzaur guti eta arroitu anitz

Ur lasterretako erregina

Errekastoa bizi doa harri eta harkaitz artean. Ur salto txikiak, ur lasterrak eta putzuak nahasten dira ibilguan zehar. Hotza dago ura, baina hala du gustuko uhandre piriniotarrak. Izan ere, korrontearen kontra igeri egitera ohituriko anfibio txiki honek ez du edozein bizitoki aukeratzen. Baldintza bereziak behar ditu, eta agian, horrek berak egiten du berezia espeziea. Uhandre piriniotarra arre kolorekoa da, zapala eta azal lakatzekoa. Hasiera batean, estetikoki ez oso polita, baina behin ikusita, ezingo duzu unea ahaztu. Mundu osoan soilik Pirinio inguruan dagoen animalia bat topatzea ez baita eguneroko kontua izaten.

Iñaki Sanz-Azkue
Iñaki Sanz-Azkue

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2024ko irailaren 02a
Argazkia: Iñaki Sanz-Azkue.
Uhandre piriniotarra (Calotriton asper)

TALDEA: Ornoduna/Anfibioa.

NEURRIA: 10-15 cm isatsa barne.

NON BIZI DA? Erreka harritsu, hotz eta ur lasterdunetan.

ZER JATEN DU? Erreketako ornogabe txikiak.

BABES MAILA: Interes bereziko izendatua. EAEn eta Europan babestua.

Uhandre piriniotarrak 400 metro inguruko altueratik hasi eta 2.500 metro inguruko altuera arteko errekak ditu gustuko batez ere. Baina ez guztiak! Ondo oxigenaturikoak, garbiak eta 15ºC baino hotzagoak egongo direnak urte osoan. Hargatik, Pirinio goi aldeko errekastoen zalea da, nahiz eta altuera baxuan ere aurkitu izan den Euskal Herriko errekasto batzuetan. Euskal Herrian ipar ekialdean du bere banaketa: Iparraldean eta Nafarroan. Gipuzkoan, Leitzarango ibar batean baino ez da aurkitu.

Uhandre piriniotarrak buru zapala du, harri azpietan ezkutatzea baitu gustuko eta hala eutsiko dio mendian behera datorren ur korronteari. Horregatik, harri askoko edo zirrikituz beteriko arrokez osaturiko errekak gustatzen zaizkio. Sedimentu gutxikoak. Bertan aurkituko ditu, era berean, erreketako makroornogabe txikiak. Bere bazka.

Beharrizan horiekin, ez da harritzekoa uhandrea erreka garbien indikatzaile moduan hartzea. Aragoi inguruan ere oso ondo erroturik dagoen ezagutza da eta hortik aragoieraz duen izena ere: Guardafuens (erreken zaintzailea).

Uhandrea izanik, anfibioa da, lau hanka ditu eta isatsa. Isatsa lodia izan ohi du. Arrek batez ere, ur lasterretan igeri egin ahal izateko darabilte; baina era berean, buztan hori bera estalketan emea eusteko ere erabili ohi dute. 

Etsaiak ere baditu, ordea, uhandre piriniotarrak. Amuarraina, esaterako. Horregatik, uhandrea desagertu den erreka eta ibai batzuetan, gizakiak askaturiko amuarrainak hartzen dira horren erantzule. Aranzadi Zientzia Elkarteak Goizuetako udalerrian berriki egindako ikerketa batean ere, uhandre piriniotarra aurkituriko erreka gehienetan amuarrainik ez dagoela behatu da, nahiz eta oso puntu gutxitan, bien presentzia ikusi den.

Klima aldaketaren testuinguruan, uhandre piriniotarra ikerketarako espezie interesgarria izan daiteke. Izan ere, altuera baxuenetariko populazioak, Euskal Herrikoak asko, izango dira ziur aski horren eragina jasango dutenak, eta beraz, haien jarraipena interesgarria izan daiteke zientziarako. Edo batek daki, haien banaketaren mugan egonda, ez ote diren Euskal Herrikoak izango tenperatura beroagoei aurre egiteko prestutasun gehiago izango dutenak genetikoki.

Kontuak kontu, espezie txiki honek erakusten digu, beste behin, ikusezinak egiten zaizkigun animalia askoren ikerketek arazo globalei buruzko erantzun batzuk bilatzen lagun diezaguketela. Gizakiak ez ezagutzeak ez baitu esan nahi espezie horrek garrantzirik ez duenik.

Sugandila bat “ezer ez dagoen lekuan”
2024-11-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Asko hitz egiten da basoaz azken aldian. Basoak berreskuratzeaz, basoak sortzeaz eta basoaren hedadura zabaltzeaz entzungo duzu sarri. Eta ekintza ona izan daiteke zalantzarik gabe,... (+)
Lau hanka txiki gorputz bat azkarra egiteko
2024-10-14 | Iñaki Sanz-Azkue
Bi argazki aterako dizkiogu gure memoriari: batak Nafarroako Bardeetara eramango gaitu. Bertan, hautsez beteriko pista baten aldamenean, belar luzez osaturiko zelaitxo bat aurkituko dugu. Argazkiak... (+)
Sinplearen konplexutasuna
2024-06-24 | Iñaki Sanz-Azkue
Gaztea denean ez du zalantzarako tarte askorik uzten. Suge gorbatadunak badu ezaugarri bat gainontzekoetatik bereizten duena: gorbata. Gorbata, edo batzuek deitzen dioten moduan, lepokoa. Izan... (+)
Dragoitxo arrunta eta klima aldaketa: etsaia lagun duzunean...
2024-05-14 | Iñaki Sanz-Azkue
Euskal Herriko gune batzuetan bizilagun ezaguna dute jada dragoitxo arrunta. Nafarroa hegoaldean, esaterako, urteak daramatza (gutxienez 1980ko hamarkadatik) bertako hormetan eta etxe inguruetan gora eta... (+)
Ospea ez da beti ona
2024-03-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Euskal Herriko muskerren artean ez da handiena, baina ziur asko, bai ezagunena. Musker berdeak, izenak dioen moduan, gorputz berdea du oso, eta ugal garaian, buru... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora