Asteroko buletina
Agorrilak ontzen, buruilak biltzen

Ur hotzetan ur epel

Hobeto ezagutzen dugu ilargiaren gainazala, inguratzen gaituzten ozeano, itsaso eta ur sakonak baino. Eremu urdin eta zabal horietan murgilduz gero, telebistako dokumentaletan lurralde urrun, bero eta exotikoak erakusten dizkigute. Ametsetako uharte huts bateko kokondo okerren baten aldamenean, dortoka eme bat ikusten dugu ilargiaren argipean arrautzak erruten, begiak malkotan dituela. Sekula pentsatu al duzu dortoka hori gure kostaldean ikus daitekeenik? Bada Bizkaiko Golkoko itsas bazterretan arrantzaleek noiz behinka ikusteko parada izaten dute, erne ibiliz gero, haren larruazal beltzak bat egiten baitu Kantauri itsasoaren kolore ilunarekin.

Nagore Zaldua
Nagore Zaldua

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2023ko abenduaren 18a
Larruzko dortoka (Dermochelys coriacea)

Taldea: Ornoduna / Narrastia

Neurria: 1,80-2,20 m luze. 250-900Kg artean.

Non bizi da? Itsas zabalean, munduko ozeano guztietan.

Zer jaten du? Ornogabe lirdingatsuak.

Babes maila: Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundearen zerrendan: Kaltebera.

 

Zortzi dira Lurreko ozeanoetan ezagutzen diren itsas-dortokak. Larruzko dortoka da, ordea, ikusgarri eta erakargarriena, hainbat nolakotasunek besteengandik bereizten baitute. Hasteko, izena esanguratsua da. “Laute dortoka” bezala ere ezagutzen den arren (instrumentuaren formarekin duen antzekotasunagatik), “larruzko dortoka”-k men egiten dio berezitasun nabarmenenari. Izan ere, honen gorputza larru beltz eta leun batek biltzen du, gainazal leun eta aldi berean sendoak. Gainazal ilun hau, gau iluneko izarrak bailiran, orban argiz zipriztinduta ageri ohi da. Bere oskolak luzetara 7 gila ditu, egurrezko txalupa baten karelaren itxurakoa. Aurreko bi hegats handiekin batera, gila hauek bere igeriketan lagunduko dute, itsas dortoketan hidrodinamikoena eginez. Itsas dortoketan handiena izateaz gain (916 kg eta ia 2 m-ko aleak topatu dira), azkarrena ere bada uretan, nabigazio transozeaniko handiak egiteko ahalmena duena.

Kostalde beroetan (Mexiko, Brasil, Guyanak…) ernalketa burutu eta errute garaia amaitutakoan, udaberri-udan larruzko dortoka iparraldeko bazka lekuetara abiatzen da, Bizkaiko Golkoa izanik bere helmugetako bat, Ipar Atlantikoko ekialde nahiz mendebaldearekin batera. Bere aho eta eztarriaren morfologiak argi adierazten dute animalia honek duen elikagaiarekiko espezifikotasuna: izaki lirdingatsuz soilik elikatzen da (hala nola salpaz, marmokaz eta abarrez) eta horretarako du hain moko berezia, keratinizatua eta W forma duena, harrapakin lirdingatsuak harrapatzeko egokitua.

Halako itsas-bidaia luzeak direla medio, larruzko dortokak ezinbestekoa du gorputzeko tenperatura erregulatzea. Izan ere, narrastia izaki, ektotermoa da: gorputzeko tenperatura kanpoko tenperaturak baldintzatzen du. Larruzko dortokak beste itsas-dortokek baino egokitze-ahalmen zabalagoa du, besteei ez bezala, ur hotzetan elikatzeko aukera ematen diona. Duen tamaina handia eta gantz kopurua bere odoleko tenperatura aldaketak mantsotzeko lagungarri badira ere, espezie honek termo-erregulaziorako super-botere ezkutu bat  du: bere aurreko eta atzeko hegatsak funtzio honetarako moldatuta daude, haien zirkulazio sistemak korrontearen kontrako bero trukagailuak dituzte, bero galera murrizteko. Esan genezake, beraz, larruzko dortokak high tech galtzerdi bikainak dituela. 

Animalia honek badu berezi egiten duen beste ezaugarri bat. Nola daki, bere bidaian aurrera egin ahala, noiz iristen zaion berriz ur beroagotara bueltatzeko ordua? Erantzuna buruko orban arrosean dago. Bakoitzak orban desberdina du, ikerlariek bakoitza bereizteko “hatz-marka digitaltzat” erabili ohi dutena. Zertarako dute orban berezi hori buru gainean? Leiho bat da, argia garuneraino helarazteko. Orban arrosaren azpian dagoen egitura eskeletikoak, argiaren aldaketarik txikiena ere atzematen du; horrela, orban hau dortokaren erloju biologikoaren leihoa dela esan genezake, bazka gune horietatik noiz alde egin behar duen esaten dion iratzargailua. Udazkeneko ekinokzioan (egunak 12 ordu argi eta 12 ordu ilun dituenean) argi aldaketak hautematen ditu eta hegoalderanzko bidaia hasiko du, euskal kostaldetik gertuago dauden bazka-guneak utzi eta tropikoetako ur beroagotara itzulerako bidaia hasiz.

Larruzko dortokak ez du GPS gailurik, ez berokirik, ezta Internet-en beharrik ere. Eta hala, munduan zehar bidaia transozeanikoak egiteko gai da, ilargi, argi, korronte eta abar irakurriz, bere sorlekua den hondartza eta bazka eremuak aurkitzeko. Whatsappik ere ez dute behar elkar topatu eta hitzordua jartzeko. Eta ikusi dugunez, halakoak ez dira soilik Cabo Verdeko edo Guyanako ur tropikaletan bizi. Ozeano osoa da haien bizilekua, eta errute hondartzak bezainbeste behar dituzte elikatze eremuak. Gai izango al gara haien bizilekua errespetatzeko? Gure kostaldea haiena ere badelako. Eta bestela, egin dezagun behintzat hondartzetan hain deseroso egiten zaizkigun marmokak jaten dituztelako.

Batzuen aberastasuna, gehiengoaren miseria, biodibertsitatearena barne
"Biodibertsitatearen galera: kausak eta ondorioak" hitzaldia eman zuen Iker Apraizek Azpeitian apirilean, Euskal Herria Bizirik taldeak antolatutako "Lurraren defentsan" egunaren baitan. Nagore Zalduak eta Eneko... (+)
Kanpaiak nonahi
2024-03-18 | Nagore Zaldua
Taxonomia, espezieen ezaugarri txikienak kontuan hartuz bata bestearengandik bereiztea eta identifikatzea helburu duen zientziaren alorra da. Mila jatorri, mila izen arrunt, eta izen zientifiko bakarra... (+)
Ipurtargi gaziak
2024-02-05 | Nagore Zaldua
Zein gauza liluragarria argia sortzeko ahalmena izatea, ezta? Ipurtargiak, kakalardoen familiakideak, lehorreko izaki dirdiratsu ospetsuenak dira; baina itsasoan ere badira, ozeanoetan, distira egiten duten hainbat... (+)
Haizea buruan eta ibili munduan
2023-10-30 | Nagore Zaldua
Ez dugu animalia lirdingatsu honen inguruko ezagutza handirik oraindik. Hala ere, uda honetan gure hondartzetan ospetsu izatera iritsi da. Izan ere, haize-orratzak hego-ekialdera begira jartzen... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora