Batekoz beste, kukua euri eske.

Udaberrian sakura loreak eta itsas-tomateak

Itsasoan badira landareen itxura izan arren animalia harrapari diren izaki eder batzuk: anemonak. Kantauri itsasoan hainbat anemona espezie ditugun arren, bada bat, guztien artean bereziki erraz atzemateko aukera eskaintzen diguna: itsas-tomatea.

Nagore Zaldua
Nagore Zaldua

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2025eko martxoaren 31
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Itxuraz kaltebera dirudien arren, aurkako baldintzetara egokitzeko gaitasun ikaragarria garatu du, bizi den ingurunean, itsas-mareen tarteak ezartzen dizkion baldintzei aurre egiteko moldatu behar izan baita. Marmoken ez hain urruneko ahaide (irudikatu buruz behera jarritako marmoka, arroka batera atxikita), apurtutako nahiz galdutako gorputzaren zatiak birsortzeko ahalmena duen izaki bitxia dugu honakoa.

Udaberria urtaro aproposa da naturari begira jartzeko, lurra neguko loalditik esnatzen ikusteko, usaintzeko… Japonian hanami deritzon ohitura edo kultura sustraitua dago, sakurak (gereziondoaren loreak) eskaintzen dituen ikuspegiez gozatzeari esaten zaiona, alegia. Gure inguruan halako gereziondorik izan ezean, jakin ingurune kresaltsuagoetan bestelako sakura batzuk ere topatu ditzakegula; begiratu erne harkaitz arte batean, ur gaziko putzuren batean, Itzurun, Laga, Sopela, Jaizkibel edo euskal kostaldeko beste txokoren batean, oso posible baita bertan itsas-tomatea aurkitzea. Itsasgoran nahiz itsasbeheran, itsas-tomate gorri mamitsua irekitzen edo ixten ikusi ahal izango duzu. Marearteko eremuko argitasun, haize, olatuen indar, tenperatura, gazitasun, eta abar luze baten ondorioz, bertan bizi diren izakiek bizi-baldintza oso aldakorrei aurre egin behar diete, kasu batzuetan muturrekoak ere izan daitezkeenak. Itsasgoran tenperatura, gazitasuna eta oxigenoa egonkor mantentzen diren bitartean, itsasbeherak baldintza gogorrak dakartza. Izan ere, eguraldia eguzkitsua denean, putzuetako tenperatura eta gazitasuna asko igotzen dira; eguraldi euritsuak bestalde, kontrako efektua sor dezake. Bada, halako eremuetan bizi da itsas-tomatea.

 Magnefi CC BY SA 4.0 via Wikimedia Commons

Bost eta zazpi cm bitarteko altuera eta 6 cm-ko diametroarekin, kolore gorrixka izan ohi du, berdea, marroia edo laranja ere izan badaiteke ere. Hala, bi modutan topatu dezakegu: batetik, beso guztiak gorputz-enbor barruan gordeak dituela, bere burua gotortu eta, izen arruntak dioen bezala, tomate distiratsu baten itxurarekin; bestetik, modu irekian, sei zirkulutan ahoa inguratzen duten ia 200 garro gorputzetik at dituela, lore sorta kaltegabearen itxuraz, baina harrapakinak ehizatzeko erne. Itsas-tomateen garroen oinarrian pinporta urdin distiratsu batzuk ere ikus daitezke, gorputz-enborraren kanpo-ertzean, garatxoak diruditen poltsa urtsuak bailiran. Egitura hauek bere bizileku den ur-putzuan sartzen diren animalien aurkako defentsan erabiliko ditu. Guk ere kontuz ibili beharra dugu, azalean sumindura sor diezaguke-eta.

Udaberriko Japoniako gereziondoen edertasuna gutxietsi gabe, bertatik bertara naturak eskaintzen dizkigun bestelako loraldiez ere gozatu dezakegu; kasu honetan, marearteko eremuan. Bertaratu, aztertu, ikusi eta ikasi. Ingurune-baldintzen aldaketak itsas-tomatearentzat atzera ezinak ez diren bitartean, negutegi nahiz baratzetako tomateez gain, gure marearteko itsas-ekosistemako izaki ezezagun bezain bitxi hau ere izango dugu. Gogoratu, itxuraz hala bada ere, ez dela landarea, marea igotzen den bakoitzean loratzen den animalia baizik.

 

ITSAS-TOMATEA  (Actinia equina)

TALDEA: Ornogabea / Anemona (aktinidiarioa).
NEURRIA: 5-7 cm-ko altuera eta 6 cm-ko diametroa.
NON BIZI DA? Marearteko eta ur azpiko sakonera txikiko (<20 m) eremuetan, arrokei eta pitzadurei itsatsita. Urpean nahiz uretatik kanpo iraun dezake itsasbeheran.
ZER JATEN DU? Arrain txikiak, krustazeoak eta moluskuak harrapatzen ditu, garroez baliatuta.
BITXIKERIA: Pozoia du: toxina indartsuak ditu bere burua defendatzeko eta bere harrapakinak mugiezin utzita lixeritzeko. Gizakioi, ukituz gero, sumindura eta deserosotasuna eragin diezazkiguke.
BABES MAILA: Natura kontserbatzeko nazioarteko batasunaren zerrenda gorrian "Kezka Txikiko" dago sailkatua.

Amorrotxa, odol urdineko ameslaria?
2025-02-17 | Nagore Zaldua
Trebea, burutsua eta iheskorra; olagarro arruntak, izenak hala adierazten ez badu ere, aparteko trebetasunak ditu. Itsas molusku zefalopodo haragijale honek txundituta gauzka, bere ezaugarri eta... (+)
Ohartarazpenaren artelanak
2025-01-06 | Nagore Zaldua
Koloretsuak, distiratsuak, forma xelebre bezain ederrekoak diren heinean, nudibrankioek beste planeta batetik iritsitako izakiak dirudite. Itsas hondoko izaki biluzi hauek 1980ko hamarkadako gandorretako kolore biziak... (+)
Zaldun, dantzari edo zaindari; altxor ikusezin, betiere
2024-11-18 | Nagore Zaldua
Antzinako greziar eta erromatarrek izaki mitologikotzat zituzten animalia hauek, itsas hondoan jaio eta hazi ostean, lehorreko zaldien tamainara heltzean, Neptunoren gurditik tiratuko omen zuten. Urrutian... (+)
Adiorik ez, J.
2024-09-23 | Nagore Zaldua
A ze fauna! atalaren lehen denboraldian, olatuz-olatu hainbat  itsas izaki aurkeztu dizkizuet txoko honen traineruko kareletik. Ordea, bigarren denboraldiko nire lehen artikulua lagun bati gorazarre... (+)
Itsas dortokak lozorrotik esnatu ote dira euskal kostaldean?
2024-06-17 | Nagore Zaldua
Udako solstizioa gerturatzen ari den honetan, euskal kostaldean itsas dortokak ikusteko aukerak ugaritu dira. Gure uretan ezagunena Egiazko kareta (Caretta caretta) da. Ale helduen oskolaren... (+)
gora