Asteroko buletina
Apiril biribil, egun erein bihar hil.

Zaldun, dantzari edo zaindari; altxor ikusezin, betiere

Antzinako greziar eta erromatarrek izaki mitologikotzat zituzten animalia hauek, itsas hondoan jaio eta hazi ostean, lehorreko zaldien tamainara heltzean, Neptunoren gurditik tiratuko omen zuten. Urrutian ikusten omen zituzten, olatu tontorretan jauzika.

Nagore Zaldua
Nagore Zaldua

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2024ko azaroaren 18a

Gaur egun ere animalia bitxia iruditzen zaigu, beste planeta batekoa. Izan ere, itsas zaldia arraina da, zaldi muturra eta buru gaineko koroa dituena. Arrain honek ez du ezkatarik, baina soinean, XV. mendeko zaldunen gisa, gorputz osoko armadura darama. Ikusmena harrapakin bila dabiltzan arrain txiki eta bestelako krustazeo txikiak atzemateko egokitua du, kamaleoien antzera, begiak buruaren alde banatara izaki, begirada bi norabidetara kokatuta. Aurpegiera serio eta buruaren makurdurak itxura lotsatia ematen diote. Jatun ona den arren, ez du hortzik eta bere muturraren formak animalia txikien zurrupatzailea dela erakusten digu. Kupela txikia ere badu, bereziki, arretan nabarmen handiagoa. Ez da igerilari trebea, bere hegatsak, ipuinetako maitagarrien hegal hauskorrak baitira. Haren buztanak ere ez du gure larreetako zaldien mototsaren antzik, baina, tximuek bezala, kiribilduta izateari esker, hondoko itsasoa denean, itsas ekaitz bortitzen enbatari aurre egiten dio, itsas belar, koral adar edo beste edozertara erraz ainguratuta. Bizilekuari dioten atxikipena dela-eta, itsas zaldiak bikote monogamoetan bizi ohi dira, eta elkarri konplizitate keinuak egiten dizkiote maiz.

Urpean murgilduta ere, benetan animalia zaila da topatzen. Izan ere, duen kamuflajerako trebezia bikainak Etxalarko uso ehiztariei ere itzal egiten die; ez soilik koloreekin jolasteko duen ahalmenagatik (mimetismoa), baita gorputzeko arantzek duten itxura aldatzeko gaitasunagatik ere. Egun gutxitan, beroki berri bat bailitzan, gorputzeko arantzek luzakin berriak sortuko dituzte, beharren arabera.

Bada bereziki famatu bilakatu dituen beste ezaugarri bat: “Arren haurdunaldia”. Arrainen artean, arrautza ernalduen garapena itsasoan eman ohi den bitartean (ugalketa obiparoa), itsas zaldien kasuan, arrak haurdunaldiaren “zama” beregain hartzen du (obobibiparoa). Ar eta emearen arteko ugalketan, orduak iraun ditzakeen dantza ikusgarria egin ohi dute; gune itxi eta intimo horretan, emeak arrautzak askatu eta arrak ernaltzen ditu, eta arrak arrautza ernaldu guztiak bere kume-poltsan jasoko ditu, emea harengandik aldendu edo askatu aurretik. Horrela, itsas zaldi arrak izaten dira, arrautzak ernaldu ostean, haien garapena bermatuko dutenak. Arrak 14-45 egunen ostean askatuko edo “erdituko” dira itsas zaldi txikiez, itsaso zabalean barreiatuak izanen direnak (habitat pelagikoan). Ohi bezala, gutxi batzuk soilik lortuko dute helduarora iritsi eta bizilekutzat hartuko duten gunera atxikitzea (habitat bentonikoa).

Munduan 50 itsas zaldi espezie inguru ezagutzen dira. Gurean baditugu gutxienez horietatik bi, itsas zaldi muturmotza (Hippocampus hippocampus) eta itsas zaldi mutur luzea (Hippocampus guttulatus). Biak ala biak nahiko ezezagunak izaki, gure kostaldeko bioaniztasunaren erakusle dira. Ekonomikoki garrantzitsuak diren arrainen populazioak aztertzen diren moduan, bioaniztasuna aberasten duten espezie ezezagunen populazioak ere ikertu beharko lirateke. Itsas zaldiek ere premiazko populazio-ebaluazioak eta epe luzerako monitorizazio-programak behar dituzte, haien desagertze-arriskua ebaluatu ahal izateko. Epe luzeko ikerketarik ezean, bi espezie hauen egoera zein den ezingo da argitu. Espezie fosil bizia dugu, eta gure itsasoan bizirik dirau oraindik ere. Baina gure esku dago, hala jarraitu dezan, itsasoko habitatak zaindu eta babesteko ahaleginak egitea. Gure ondorengoek itsas zaldia ez dezaten soilik Neptunoren gurditik tiraka ikusi.

ITSAS ZALDI MUTUR LUZEA (Hippocampus guttulatus)

TALDEA: Ornoduna/Arraina.
ESPEZIEAK BEREIZTEKO EZAUGARRIAK: muturraren luzera, buruko koroa, gorputzeko eta isatseko uztai kopurua, hegalaren radio kopurua.
NEURRIA: 16-300 mm artekoak, gehienak 150 mm ingurukoak.
ESPEZIEAREN ADINA: Duela 40-50 milioi urte sortu ziren. Ale bakoitza bost urte izatera iritsi daitezke.
NON BIZI DA? Gazteak pelagikoak dira eta beraz, korronteek eramaten dituzte. 120 mm inguruko tamaina hartzean, isatsarekin toki batera atxikitzen dira eta bizi eremu txikia dute.
ZER JATEN DU? Planktona, krustazeo txikiak, arrain txikiak, kopepodoak...
BABES MAILA: Ez daude babestuta.

Adiorik ez, J.
2024-09-23 | Nagore Zaldua
A ze fauna! atalaren lehen denboraldian, olatuz-olatu hainbat  itsas izaki aurkeztu dizkizuet txoko honen traineruko kareletik. Ordea, bigarren denboraldiko nire lehen artikulua lagun bati gorazarre... (+)
Itsas dortokak lozorrotik esnatu ote dira euskal kostaldean?
2024-06-17 | Nagore Zaldua
Udako solstizioa gerturatzen ari den honetan, euskal kostaldean itsas dortokak ikusteko aukerak ugaritu dira. Gure uretan ezagunena Egiazko kareta (Caretta caretta) da. Ale helduen oskolaren... (+)
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle
2024-05-06 | Nagore Zaldua
Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri... (+)
Batzuen aberastasuna, gehiengoaren miseria, biodibertsitatearena barne
"Biodibertsitatearen galera: kausak eta ondorioak" hitzaldia eman zuen Iker Apraizek Azpeitian apirilean, Euskal Herria Bizirik taldeak antolatutako "Lurraren defentsan" egunaren baitan. Nagore Zalduak eta Eneko... (+)
Kanpaiak nonahi
2024-03-18 | Nagore Zaldua
Taxonomia, espezieen ezaugarri txikienak kontuan hartuz bata bestearengandik bereiztea eta identifikatzea helburu duen zientziaren alorra da. Mila jatorri, mila izen arrunt, eta izen zientifiko bakarra... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora