Astelehenero 8:00etan zure epostan
Euskal Herrian guztira 330 makroproiektu daude eta gehienek badute haien aurkako tokiko taldea. Talde horien guztien arteko sarea da Euskal Herria Bizirik, eta partekatzen dituzten oinarriak ezagutzera eman berri dituzte, 49 eragilek sinatu duten manifestuan. Manifestazio bat ere deitu dute: maiatzaren 23an Gasteizen, lurraren defentsan eta makroproiektuen aurka.
Euskal Herria Bizirik mugimenduko Susana Dominguez eta Iraitz Elordirekin mintzatu gara manifestuaz, energiaren arazoaren sustraiez eta azaleratu diren adar berriez...
Susana Dominguez eta Iraitz Elordi, EH Bizirik mugimenduko kideak.
Herritar gehienok dugu energia berriztagarriekiko ikuspegi positiboa, baina Euskal Herria Bizirikek gogorarazten du zoritxarrez arazoa konplexua dela...
SUSANA DOMINGUEZ. Energia berriztagarriak eskala txikian oso interesgarriak dira eta autokontsumora bideratuta baldin badaude erreminta interesgarriak dira, eta noski, horien alde gaude. Aurka gaude eskala handian egitearena, lurraldean eta biodibertsitatean dituen inpaktuengatik eta enpresen interesei erantzuten dielako.
"Hau ez da trantsizio bat, egiten ari direna energia berriztagarrien ekoizpen sistemak pilatzea da, eta behar berriak sortzea (batez ere datu zentroei lotuta), energiarekin espekulatzeko"
Sistema kapitalistan gaudenez, guztiarekin ari dira negozioa egiten, baita ingurumenarekin ere. Hau negozio bat gehiago da, ez da egia trantsizio energetikoa egiten ari denik, zeren eta gaur egun ezin da ekonomia osoa, ekoizpen osoa elektrifikatu. Muga bat du, %30 ingurukoa; adibidez, Espainiako Estatuan ekonomiaren %22 dago egun elektrifikatuta. Hau ez da trantsizio bat, egiten ari direna energia berriztagarrien ekoizpen sistemak pilatzea da, eta behar berriak sortzea (batez ere datu zentroei lotuta), energiarekin espekulatzeko. Sortu nahi duten energia hau dena ez doa autokontsumora bideratuta, enpresa horien espekulaziora baizik.
IRAITZ ELORDI. Energia berriztagarriak beharrezkoak dira, baina egun planteatzen duten moduan, eskala handiko makroproiektuak zuzenean lotzen dituzte tentsio altuko lineekin, eta horietan elektrizitatea produktu bat da, saldu beharreko merkatzia, ez da zuzenean herritarren beharrei erantzuteko erabiliko den argindarra. Horregatik daude egungo inbertsio guztiak goi tentsioko lineak handitzera eta berritzera bideratuta; tentsio ertaineko linea, jendearen eguneroko beharrei erantzuten diena, ez dute indartzen. Adibidez, lan handia egiten ari dira Frantziako interkonexioa lotzeko, horrek aukera ematen duelako argindarra merkantzia moduan saltzeko, baina baserrietarako argindar zutoinak berritzea asko kostatzen da, hor ez dute inbertitu nahi. Horrek erakusten du eskala handiaren atzean dagoen interesa dela argindarra merkantzia moduan saltzea eta elektrointentsiboa izango den industria erakartzea.
Zertarako erabiliko da makroberriztagarriekin sortutako argindarra?
S. DOMINGUEZ. Jendeak uste du berriztagarrien bidez burujabetza energetikoa etorriko dela, Ormuzeko pasabidea ixteak ez digula eragingo... eta hori ez da horrela, ikusten ari gara munduko gerrak energia fosilak bereganatzeari lotutakoak direla; burujabetzarena egia balitz, estatu guztiak arituko lirateke elektrizitatez bere burua hornitzen, baina ezin da.
Jende batek energia berriztagarriak fosilen alternatiba moduan planteatzen ditu, baina hau ezinezkoa da. Esan dugun moduan, ezin delako dena elektrifikatu, energia berriztagarria intermitentea delako, ezin delako pilatu eta sektore batzuk elektrifikatzeko ez dagoelako tekonologia nahikoa garatuta. Gainera, ezin da gorde sortzen ari den gehiegizko energia berriztagarri guztia.
I. ELORDI. Etorkizunean eman daitezke elektrifikazio maila altuagoak, ez dakigu, baina momentu honetan ikusten dugu kontsumitzen den energiaren %20 dela elektrizitatea, eta elektrizitate horren %50 dela berriztagarrietatik ekoizteko gaitasuna dagoena Espainiako Estatuan. Beste %50, batez ere, fosiletatik eta nuklearretik ekoiztera behartuta daude. Egoera hau 2025eko apirilaren 28an egon zen itzalaldiaren ondorio zuzena da: mugarria izan zen, ez dagoenez energia berriztagarriak biltzeko gaitasunik –teknikoki garapen bidean dagoen teknologia bat delako eta inbertsio oso handiak eskatuko lituzkeelako–, horren ondorioa da kontsumitzen den elektrizitatearen %50 soilik izan daitekeela berriztagarriekin ekoitzia. Nahiz eta momentu honetan instalatuta dauden berriztagarrien gaitasuna dexente handiagoa den.
"Badirudi zenbat eta berriztagarri gehiago jarri hobe dela, eta ez, une honetan ez dago gaitasunik ezta ezarrita daudenak erabiltzeko ere"
Hori kontuan hartzea garrantzitsua da, ze bestela badirudi zenbat eta berriztagarri gehiago jarri hobe dela, eta ez, une honetan ez dago gaitasunik ezta ezarrita daudenak erabiltzeko ere. Horregatik, behar dutena da edo elektrizitate kontsumoa handitzea (datu zentroak horretara datoz) edo biltegiratzeko azpiegitura sortzea, baina azken horrek askoz inbertsio handiagoak eskatzen ditu. Korapilo horretan daude, eta horren aurrean diru publikoa sartzen hasi dira: Jaurlaritzak iragarri du 2030 bitartean 80 milioiko inbertsioa egingo duela energia berriztagarrietan. Mugimendu hau inbertsio pribatua moteltzeko joera erakusten hasi den momentua etorri da. Horren aurrean, datu zentroak sartzen edo Nafarroan txinatarrek egin nahi duten moduan bateriak modu masiboan jartzen hasten badira, beste fase bat irekiko da eta ikusiko da gaiak ze garapen izango duen, baina argi dago garapen hori etortzekotan elektrizitatearen kontsumoaren handitzearekin batera etorriko dela. Inola ere ez desazkunde proposamen batekin, bestela ez baita errentagarria.
"Merlin Properties enpresaren Ribabellosako datu zentroak 1,15 bider elektrizitate gehiago kontsumituko du Araba osoak baino"
S. DOMINGUEZ. Esan duzun moduan, elektrizitate kontsumoa handitzeko, energia behar izugarria duten datu zentroak sortzen ari dira: Araban, Merlin Properties enpresaren datu zentro bat dago martxan, eta handitze prozesuan, Arasur industrialdean, Ribabellosan. Eraikitzen guztiz amaitutakoan 350 MW ko potentzia izango du, hau da, urtero Araban gaur egun urtean kontsumitzen den energia elektriko guztia (etxeetako eta industriako kontsumo osoa batuta) baino 1,15 bider gehiago kontsumituko du.
Datu zentro hori %100 jatorri “berriztagarriko” elektrizitatez hornituko dutela esana dute, eta horretarako Iberdrolarekin hitzartuta dute oraindik eraiki gabe dagoen Ekienea makrozentral foltovoltaikoan sortuko den elektrizitatearen erosketa. Baina Ekienea oso motz geratzen da Arasurreko datu zentroaren kontsumo erraldoiaren aurrean. Arasurreko datu zentroa hornitzeko Ekienea bezalako 200 hektareako ia 20 makrozentral fotovoltaiko beharko lirateke. Edo Solariak Araba osoan zehar eraiki nahi dituen 50 MW-ko ia 50 makrozentral fotovoltaiko.
Beraz, datu zentrorako elektrizitatea %100ean “ berriztagarria” dela ziurtatzeko ordaindu beharreko prezioa milaka hektarea okupatzea da. Horrek kalte handia dakar lehen sektorearen biziraupenerako, eta ondorio larriak ditu gizartearen elikadurarako sarbidean.
"Argigarria da nola ari diren makro mailako berriztagarrien azpiegiturak hedatzearekin batera, aldi berean, datu zentroak eraikitzeko proiektuak egiten"
I. ELORDI. Oso adibide argigarria da nola ari diren makro mailako berriztagarrien azpiegiturak hedatzearekin batera, aldi berean, datu zentroak eraikitzeko proiektuak egiten. Horrek erakusten digu, batzuk izan dezaketen borondate onaren gainetik (edo ez), benetan norabide ekonomikoa zein den: kapital akumulazio ahalik eta handiena eta bizkorrena ematea. Eta une honetan, mundu mailan datu zentroen garapena da ekonomiaren hazkundearen arrazoi nagusia: AEBetako 2025eko lehen hiruhilekoan, bere hazkunde ekonomikoaren %92 datu zentroen eta Adimen Artifizialaren garapenari esker izan zen. Akats larria da pentsatzea makro mailako berriztagarriak klima larrialdiari aurre egiteko baliatuko direla, hau bultzatzen ari diren kapitalista guztiak etekin ekonomikoari begira daudenean –datu zentroak dira adibiderik argiena–.
Honen antzera, hor dago Solaria, Araban 25 proiektu fotovoltaiko baino gehiago ezarri nahi dituena, eta Petronorrekin kontratua lotua duena elektrolizadore plantarako. Petronorrek hidrogenoa ekoizten du, argindarrarekin uretik hidrogenoa eta oxigenoa banatuta (hori da elektrolisia). Eta orain energia berriztagarrietako argindarrarekin hidrogeno “berdea” ekoizteko 100 megawattioko planta egin nahi du, eta horretarako behar ditu Solariak Araban jarri nahi dituen plaka fotovoltaiko horiek denak: guztira, 1.700 hektareatik gora. Baina teknologia horrek arazo ugari ditu, eta diru publiko pila bat jaso ostean, Josu Jon Imaz bera agertu da esaten argindarraren prezioa merketu egin behar dela, hidrogeno “berdea” errentagarri izateko. Beraz, ikusteko dago azpiegitura hori zertarako erabiliko duten.
Manifestua atera berri duzue, lema gisa hau duena: “Lurraren defentsa, larrialdi ekologikoa gainditzeko ezinbesteko borroka”. Larrialdi ekologikoaz mintzo zarete, ez klimatikoaz. Eta larrialdi hori gizakiak eragindakoa dela azpimarratzen duzue, lotua dagoena “hazkuntza ekonomiko etengabeari eta fosilen erabilera masiboari”. Erakundeen diskurtsotik bereizten den zuen ikuspegian zein dira hitz gakoak?
"Zentroan jarri behar ditugu bizitza, natura, lurraldea, biodibertsitatea; aldiz, lehenesten ari direna kapitalismoaren interesak dira, etengabe haztea, bizitzaren eta naturaren gainetik. Hori da krisi ekologikoa eragiten ari dena"
S. DOMINGUEZ. Bizi garen planetan baliabideak mugatuak dira eta kapitalismoa naturak birsortzeko duen gaitasunetik gora ustiatzen ari da. Estokolmoko Erresilientzia Institutuaren arabera, planetaren bederatzi muga biofisikoetatik zazpi dagoeneko gainditu ditugu. Hori arriskuan jartzen ari da gure biziraupena bera. Beraz, zentroan jarri behar ditugu bizitza, natura, lurraldea, biodibertsitatea; aldiz, gaur egun lehenesten ari direna kapitalismoaren interesak dira, etengabe haztea erritmo ero eta mugagabean, bizitzaren eta naturaren gainetik. Hori da krisi ekologikoa eragiten ari dena.
Eskala handiko azpiegitura energetikoak ezartzeak ingurumen inpaktu handiak ditu. Makroproiektu energetikoak landa lurretako milaka hektarea hartzen dituzten proiektuak dira. Lur batzuk pribatuak dira, beste batzuk komunalak, batzuk basoak dira, beste batzuk larreak eta nekazal lurrak. Proiektu horiek guztiek lurraldea erabat eraldatzen dute.
Eztabaida sinplifikatu egiten da, kontsumo eredua aldatu gabe berriztagarriek petrolioa guztiz ordezka dezaketela sinestarazteraino. Eta hori ez da egia, lurraldea industrializatzen bada energia kontsumoaren eredu bera mantentzeko, orduan ez dugu sistema aldatzen, teknologia soilik aldatzen dugu. Benetako eztabaida da nork duen kontrola, zenbat behar dugun bizitzeko eta zer baliabide ditugun. Planetaren mugak errespetatuko direla bermatuko duen eta biodibertsitatea, lurraldea eta justizia soziala erdigunean jarriko dituen gizarte eredua behar dugu.
I. ELORDI. Lurraren defentsa eta larrialdi ekologikoa kontzeptuak erabiltzen ditugu. Lurraren defentsak berez erreferentzia egiten dio gizakiaren biziraupena sostengatzeko behar diren elementu guztien defentsari. Eta hor larrialdi ekologikoa da egungo arazo nagusia, eta horren barruan dago larrialdi klimatikoa: larrialdi klimatikoari ezin zaio ezikusia egin, hori eta biodibertsitatearen galera baitira epe ertainera arazo gehien ekarri ditzaketenak eta gizakiaren biziraupena bera zalantzan jar dezaketen elementu nagusiak. Baina ez dira bakarrak.
"Biodibertsitatearen galera ez dute inola ere kontuan hartzen politika instituzionalean eta enpresarialean. Zeren eta horrek ezinbestean ekarri beharko luke kapitalak naturatik hartzen dituen elementuen gutxitzea"
Biodibertsitatearen galera ez dute inola ere kontuan hartzen politika instituzionalean eta enpresarialean. Zeren eta horrek ezinbestean ekarri beharko luke kapitalak lurraldetik edo naturatik hartzen dituen elementuen gutxitzea. Hori ezin dute permititu, eta beraz, diskurtsotik kanpo uzten dute eta afera klimatikora mugatzen dira, energia berriztagarriekin tekno-optimismo moduko bat eginez, hortik beste berrindustrializazio bat emateko ate bat zabaltzen saiatzen ari direlako, instituzioen eta enpresen arteko elkarlanean.
S. DOMINGUEZ. Makroproiektu hauek egiteko erabiltzen ari diren argudio indartsuenetakoa da krisi klimatikoari aurre egiteko dagoen beharra. Baina horretarako ez du inongo zentzurik mendiak eta natura industrializatzeak, justu alderantziz da. Makroproiektu hauek guztiak ezartzeak ondorioak ditu naturan, biodibertsitatean, lurraren azidotzean eta antzutzean, urak kutsatzean, paisaian, bertan bizi diren pertsonen bizitzetan... eta horren guztiaren gainetik jartzen dute enpresa batzuen negozio interesa. Enpresa horiek oraingo honetan energiarekin egin nahi dute negozioa, lehen adreiluekin egon zen burbuila, eta beste garai batean automobilgintzan...
Horren aurrean, lurraren defentsak berarekin dakar komunalaren defentsa, laborantzaren defentsa, landagunearen defentsa, herrietan bizitzen jarraitu ahal izatearen defentsa, bizitzaren defentsa... beste era batera artikulatzea dakar, eta bere oinarria da kapitalak ezin duela bizitzaren gainetik egon. Ezin dugu erritmo honetan jarraitu, errealitate hori ari zaigu natura begien aurrean jartzen.
I. ELORDI. Horregatik da afera zaila, horregatik arazoa ez da mugatzen iturri energetiko batzuk erabiltzera eta lau errota jartzera. Gaia da nola gainditu behar dugun gizarte kapitalista, eta horren baitan etorriko da larrialdi ekologikoa eta zapalkuntza sozial guztiak gainditzeko aukera. Posibilitatea hor irekiko da.
Manifestuak lortu du 49 eragileren babesa. Ze testuingurutan eta ze helbururekin atera duzue manifestua?
"Instituzioek eta eragile zehatzek defendatzen duten diskurtso sinplista, ez dago errotuta lurraren defentsan ari diren eragileen gehiengoaren artean"
I. ELORDI. Bi funtzio izan ditu manifestuak. Batetik, lurraren defentsaren aldeko borrokak indartsu daude eta hori irudikatu nahi genuen manifestuaren bidez; nolabait, lurraren defentsan ari garenok gutxieneko ze oinarri sendoen gainean ari garen lanean ikusarazi nahi genuen. Oinarri horiek dira egungo eredu ekonomikoa gainditzea ezinbestekoa dela eta larrialdi ekologikoa bere osotasunean hartzen dugula.
Beste funtzioa da erakustea instituzioek eta eragile zehatzek defendatzen duten diskurtso sinplista, ez dagoela errotuta egunerokotasunean lurraren defentsan ari diren eragileen gehiengoaren artean.
Uste dut bi funtzioak bete dituela, baina hedabideetan behar baino oihartzun txikiagoa izan du.
S. DOMINGUEZ. Bai, ikusarazi nahi izan dugu Euskal Herrian lurraldearen aldeko eta makroproiektu hauen aurkako borroka handia dagoela. Hau da, makroproiektu hauei planto egiten ari garela eta apustu
"Lurralderik gabe ez gara ezer. Lurraldea da guztiaren oinarri"
egiten dugula beste sistema ekonomiko baten alde. Borroka ikusarazteko balio izan du manifestuak, oso pozik gaude jasotako atxikimenduekin. Eztabaida sortu dugu eta berriro ere kalera atera dugu lurraldearen garrantzia, lurralderik gabe ez garelako ezer. Lurraldea da guztiaren oinarri.
Maiatzaren 10ean Iruñean manifestazioa egin zuten, biometanizazio planten aurka. EH Bizirik ez zegoen deitzaileen artean, baina hara joateko deia zabaldu zenuten. Behien pixetatik biometanoa sortu badaiteke, zergatik zaudete horren aurka?
I. ELORDI. Biometanizazio plantak gasa ekoizteko helburuarekin Euskal Herri osoan zehar zabaltzen ari diren azpiegitura mota bat dira. Nafarroan ezarri dira gehien, sei daude martxan eta beste 17 daude ofizialki aurreikusiak.
Ekologiaren ikuspegitik, eskala handian ematen denean, nagusiki bi ondorio kaltegarri ditu. Batetik, materia organikoa kopuru handitan sartu eta digestatoa atera behar da, eta hori distantzia motzean kudeatzeko zailtasunek kamioien joan etorri handia eskatzen dute. Horrek berarekin CO2 isuriak eta kamioien joan etorri handiak dakartza.
Bestetik, digestatoak (soberakina) bi arazo ematen ditu: batetik, biometanizazio planta erraldoiak materia organiko kantitate handia behar duenez, bertara zer sartzen den ziurtatzeko ez du kontrol eraginkorrik izaten eta ondorioz, hor sortzen den digestatoa oso kutsakorra izan daiteke, metal astunak ere aurkitu izan dira digestatoa zabaldu den lurretan. Eta bestetik, errentagarritasun arrazoiengatik, kamioiekin ez dituzte digestatoa zabaltzeko kilometro asko egiten, eta beti inguruko lurretan zabaltzen dute; ondorioz, Nafarroan ikusi da azken urte gutxian nitrato kopurua mugatik gora duten eremuak asko handitu direla proiektu hauek dauden inguruetan.
Makroproiektuen irabazien zati bat inguruan bertan geratzeko lan egingo dutela promes egiten dute ordezkari politikoek. Herritarrak makroproiektuen parte izateko tentatzen gaituzte?
"Labrazako (Araba) makroproiektu eolikoan martxan jartzen ari dira crowdlending-a (mailegu kolektibo). Apurrak banatzen dituzte, proiektuaren aurrean jendea isilarazteko"
I.ELORDI.Trantsizio Energetikoko Legeak, Mikel Otero eta Arantza Tapiaren arteko besarkada famatua ekarri zuenak, ezartzen du irabazien %20 eskualdeko jendearekin partekatzera derrigortuta daudela enpresak. Baina ez du gehiegi zehazten nola emango den partekatze hori. Finean, bake soziala bermatzeko neurriak dira. Horren adibide da Labrazako (Araba) makroproiektu eolikoan martxan jartzen ari diren crowdlending (mailegu kolektibo) mekanismoa: Iberdrola eta Eusko Jaurlaritza elkarrekin ari dira makroproiektua egiten, eta bertako biztanleei lehenik eta geroago eremu zabalagokoei, aukera ematen diete enpresaren irabazien zati bat bereganatzeko, jarritako diruaren arabera. Crowdlending hori Nafarroa hegoaldean egin zuten lehenago. Apurrak banatzen dituzte, proiektuaren aurrean jendea isilarazteko. Bake soziala da makroproiektuak egiteko berme soziala ematen diena, bestela, jendea kontra badago, makroproiektuak gelditzea lortzeko aukerak handiak dira.
SUSANA. Energia eredu honetan elite ekonomikoek eta politikoek errentagarritasun ekonomikoa helburu nagusitzat hartuta jarduten dute. Lurraldearekiko gutxiespen honen erakusle dugu Eusko Jaularitzaren egungo Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS). Hau herritarron zerbitzura lurraldea babestu eta ordenatzeko tresna izatetik urrun, multinazional energetikoentzat
"Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS) herritarron zerbitzura lurraldea babestu eta ordenatzeko tresna izatetik urrun, multinazional energetikoentzat jarritako alfonbra gorria bihurtu da"
jarritako alfonbra gorria bihurtu da. LPS-ak gure mendi eta haranen balio ekologikoa, nekazaritzakoa eta soziala kontuan hartzen ez duen zonakatze bat ezarri nahi du, ingurumenaren babesa merkatuaren interesen mende jarrita eta landa eremuen industralizazioa bultzatuta, tokiko komunitateak kontuan hartu gabe. Hori gutxi balitz, Eusko Jaurlaritzaren Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, azelerazio plan bat aurkeztu da, LPSean izendatutako sakrifizio eremuetako batzuk enpresa handiei eskaintzeko, makroproiektuak instalatu ahal izan ditzaten. Hori guztia diru publikoko 80 milioi eurorekin lagunduta, inbertitzaile pribatuak erakartzeko.
Manifestazioa deitu duzue maiatzak 23rako, “Makroproiekturik ez” lemapean. Ingurumenaren eta landa eremuaren suntsiketa geratzea jarri diozue helburu.
S. DOMINGUEZ. Bai, makroproiektuen aurka atera behar dugu kalera. Euskal Herrian 5.354 MW eta 330 proiektu baino gehiago izapidatzen ari dira gaur egun. Espoliazio honek paisaia mintzen du, ondasun naturalak pribatizatzen ditu, lur eta mendi komunalak desjabetzen dizkigu, landa eremuko bizi proiektuak hausten ditu eta gure komunitateak abandonura bultzatzen ditu.
Maiatzaren 23an, plataforma herritar asko kalera aterako gara ozen ohiukatzeko lurraren defentsan borrokatzeko prest gaudela. Asko gara lehen lerroan gaudenak eta herri bakoitzean burutzen den
"Euskal Herrian 330 proiektu baino gehiago izapidatzen ari dira gaur egun. Espoliazio honek paisaia mintzen du, ondasun naturalak pribatizatzen ditu, lur komunalak desjabetzen dizkigu eta komunitateak abandonura bultzatzen ditu"
borroka, guztion borroka da.
I. ELORDI. Momentuak ere badu bere garrantzia: bada denbora makroproiektu hauen aurkako borrokak martxan direla, jende asko mobilizatu da, jende askok ikusi du zer dagoen makroproiektu horien atzean, eta oraingo manifestazio hau mahai gainean kolpe bat jotzeko modu bat da, kontuan hartuta hurrengo urteetan hauteskundeak datozela, bai herri mailan eta bai estatu mailan.
Herrietan ikusi dugu EH Bildu hasi dela prozesu parte-hartzaileak martxan jartzen, eta makroproiektuen aurkako tokiko taldeak horietara gonbidatzen... Desmobilizatzeko modu bat da eta mekanismo bat, bozetan ahalik eta emaitza onenak ateratzeko gatazka hau baliatuta. Eta bozak pasatutakoan betikoa, hitz politak ahaztu eta sakrifiziorako momentua dela esango digute. Horregatik, hauteskundeak plataformetatik presio egiteko momentuak dira.
S. DOMINGUEZ. Gaur egun ez dago alderdi politikorik, lurraldea babesteko lehen lerroan ari denik. Ez dago mugimendu hau entzuten eta babesten duen alderdi politikorik, kapitalaren defentsara, enpresen interesen defentsara pasatu dira. Ez dira ari landagunea, komunala babesten.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545