Utzi naturari zure baratzean bizitzen.

Elikadura, energia eta Ormuz. Arazoak eta aukerak


2026ko maiatzaren 14a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Talka geopolitikoek eragin zuzena dute elikagaien ekoizpen kostuetan eta Ormuzeko krisiak agerian utzi du, beste behin, aurretiaz Ukrainako gatazkak utzi zuen bezala. Oraingoan, erregai fosilak izan dira neurrigabeko prezio gorakadaren kausa; jakinik elikadura sistema globalizatuen oinarria ekoizpen agroindustriala dela, eta haren menpekotasuna erabatekoa dela erregai fosilekiko eta ongarri sintetikoekiko. Kontutan izan behar dugu elikadura sistema globalizatuek produktu petrokimiko guztien %40 kontsumitzen dutela, eta erregai fosilen %15. Egoera larria da, Ormuzeko itsasartetik pasatzen baita munduan komertzializatzen den ongarri kimikoen %20-30 inguru.

Agerikoa da eredu agroindustrialaren hauskortasuna eta beharrezkoa dugu beste ibilbide bat abiatzea elikadura burujabetzarantz eta fosiletatik urrunduta. Ezinbestekoa da Europar Batasuneko nekazaritza komisioak 2030 agendaren bidean plazaratutako “baserritik mahaira” estrategian zehazten diren helburuak lehenbailehen praktikan jartzea: pestizida eta antibiotikoen erabilera %50 murriztea, ongarri kimikoen erabilera %20 murriztea eta ekoizpen ekologikora bideratzea lurren %25. Gutxieneko abiapuntua litzateke ekoizpen eredu iraunkorragorantz trantsizioa martxan jartzeko.

Sakondu beharra dugu ekoizpen fotovoltaikoa eta nekazaritza-abeltzaintza jardueren bateragarritasunean, eta dagoeneko abiatu dira ikerketak mahasgintza zein artzaintzari lotuta

Botere publikoa ezin da mugatu laguntzak eta plangintzak zehaztera, esku-hartze zuzena behar du merkatuarekiko trantsizio justua bideratu nahi bada. Kontrol publikoa ezinbestekoa da elite ekonomikoaren aurrean, oinarrizko lehengaiak (elikadura, energia) espekulazioaren saretik ateratzeko. Eta era berean, elikadura eta energia ekoizpena ahalik eta hurbilen ekoiztea da biderik eraginkorrena beharrezkoak ditugun trantsizioak azkartzeko eta burujabetzaren bidea garatzeko.

Euskal Herriak ia 30 mila kilometro koadro ditu; azalera horren %58 basoa eta eremu naturala da, %37,5 elikagaien ekoizpenerako lurrak, %4 eremu artifizializatua eta beste %0,5a hezeguneak eta ur azalerak. Energia berriztagarriek gure lurraldearen %2 inguru hartuko lukete. Hortaz, tokia badugu burujabetzarantz pausu sendoak emateko, baina horretarako premiazkoa da lurraldearen okupazioa orekatzea, elikadura eta energia ekoizpenaren beharrei erantzuteko. Alde batetik, elikagaien ekoizpenera bideratutako ustiategiak dimentsionatzea eta baserriratze prozesuak indartzea, lurra bermatuta; eta bestetik, energia berriztagarrien bidez gure ekonomiak elektrifikatzea ahalik eta gehien. Garrantzitsua da prozesu horiek bideratzeko irizpide argiak ezartzea, ezinbestekoa baitugu ekoizpenak handitzea bai elikaduran zein energia berriztagarrietan, nahiz eta kontsumoa murrizteko bidea ere jorratu behar dugun.

Soilik EAEn 200.000 hektarea baso-landaketa (pinuak, eukaliptoak…) daude. Aukera bat litzateke %30etik beherako malda koefizientea duten lur azalerak eta egun basoak direnak elikagaien ekoizpenera bideratzea, eta %60ra arteko malda koefizientea duten azalerak basoko artzaintza mistora bideratzea. Irizpide logikoa da lur emankorrenak elikagaien ekoizpenera bideratzea, eta ekuazio horretan biodieselera (bere garaian “agroerregaiak”) bideratutako ekoizpenak zalantzan jartzea bidezkoa litzateke.

Aldi berean, energia sorkuntza fotovoltaikoa aukera bezala irudikatzea ezinbestekoa dugu eta beste erabilerekin bateragarria izan daiteke agrovoltaikoaren ereduaren bitartez. Sakondu beharra dugu ekoizpen fotovoltaikoa eta nekazaritza-abeltzaintza jardueren bateragarritasunean, eta dagoeneko abiatu dira ikerketak mahasgintza zein artzaintzari lotuta. Hegaztien lur gaineko ekoizpenarekin (arrautzak, oilaskoa) ere bateragarria izan liteke eta, aldi berean, gaur egungo eredu agroindustriala aldatzeko aukera jorratzeko bide berriak sortu ahal dira. 

Beharrezkoa dugu gure begirada zabaltzea eta baserritarren begirada luzea berreskuratzea.

Unzalu Salterain Basagutxibeaskoa, baserritarra eta Stop Fosilak sareko partaidea

gora