Baratzezaintza da ikasi, ikasi eta ikasi. Hori da ondo pasatzea. Beti ari zara ikasten.

“Upategietan parakaidisten eredua nagusitu da”

Ardogintza borborka dago: mundu mailan gaineskaintza dagoela-eta, iaz milaka litro erosi zituen Jaurlaritzak destilatzeko. Espainiako Gobernuak diruz lagundu zuen mahats berdea lurrera botatzea. Aurten ere antzeko neurriak hasi dira agertzen. Baina nola iritsi gara egoera honetara? Galdera hori egin dio Eli Pagolak Egonarria saioan eta Esti Besak erantzun dio horretaz, eta ardogintzak izan duen bilakaeraz, jatorri izendapenaz, mahastigintza ereduez...


2024ko apirilaren 12a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Araba Errioxako ardoa bezala, plazerez irentsiko duzu osorik Egonarria saio hau:

Hona aipatu diren hainbat ideia:

Nola iritsi da ardoa mundu mailako gaineskaintza izatera?

Esti Besak hainbat faktore aipatu ditu: "Alde batetik, ez da hainbeste kontsumitzen, jaitsi egin da kontsumoa, orokorrean, munduan. Arazoa denontzat da: upategi handiak, txikiak eta denontzat. Baina ez da hori bakarrik". Besak ohartarazi du batzuek bilatzen dutena kantiatea dela, eta Arabako Mahastiak jatorri izendapenak, aldiz, kalitatea lehenetsi dutela: "Orduan, ez dugu horrenbeste mahats hartzen". Kantitatea bultzatze horretan, behar baino mahasti gehiago jarri direla azaldu du Besak: "Errioxako jatorri deituraren Kontseilu Arautzaileak mahasti berriak landatzeko baimenak eman ditu, landatu behar ez ziren lekuetan gainera, esan nahi dut, lurrak ez zirela bereziki onak horretarako. Eta orduan, ba lehen igual gehiago saltzen zen? Ba agian baina superprodukzioa dago eta denok zaku berean sartzen gaituzte".

Erakundeek gainekoizpenaren aurrean hartu zituzten neurriez zera dio Besak: "Euskal gobernutik proposatu zen soberan zegoen ardoa distilatu behar zela; nahi zuenak, noski. Horrela likoreak eta alkohola lortzen da. Espainiatik etorri ziren beste diru-laguntza batzuk mahats bilketa baino lehenago, uztailan, mahats berdea lurrera botatzeko. Oso konplikatua izan da diru-laguntzak jasotzea, arazo asko izan dira, burokrazia handia, eta oraindik adibidez, bat bai kobratu da baina bestea ez... Baina momentuko irtenbideak dira horiek, adabakiak. Zerbait orokorragoa egin behar da, horrela ezin dugu jarraitu. Bestela, gure mahastiak zertarako dira?".

Parakaidista moduan dabilen kapitala nagusi

Upategiaren eraikina txikia edo handia den ikusten dugula iradoki dio Pagola aurkezleak, baina galdetu dio zenbatekoa den upategi txiki bat eta noiztik aurrera den handia. Besaren azalpena: "Upategi txikien artean ere neurri ezberdinak daude. Guk, adibidez, 8,5 hektarea ditugu, agian txikienetarikoak izango gara. Oroitzen naiz 1991. urtean, herrira itzuli ginenean, “ondo” bizi ginela bi familia (aita eta ama familia bat ziren, eta gurea beste familia). Lan handia eginda, ondo bizitzeko ematen zuen. Baina gaur egun asko kostata ematen du. Beste familia batzuek 10-12-16 hektarea dituzte. Gero zenbat kide diren familian, hor dago gakoetako bat". Txikitasuna familiak aurrera eramaten duen mahastigintzarekin lotzen du Besak: "Baserriak bezala, eta noski, kanpoko jendea bai kontratatu behar duzu mahatsa biltzeko, baina horiek gara txikiak".

Upategi motetan bilakaera handia izan dela azaldu du: "Gu herrira joan ginenean 700dik gora upategi zeuden Arabako Errioxan. Gaur egun 200era ez dakit iristen garen. Horrek zer esan nahi du? Eredu txiki hori desagertzeko bidean dela. Eta zer eredurekin gelditzen gara? Iritsi diren parakaidisten ereduarekin: bertan bizi ez direnak, baina lurrak erosten ari dira, eta kapitala beraiek daukate".

Zertarako Arabako Mahastiak sor marka?

Errioxako ardoa mundu mailan estimatuena izanik, aparteko sor marka sortzeko zer arrazoi dauden galdetu dio Pagolak. Besak zera ohartarazi du: "Hori kontua da, ez da egia. Ospetsua izango da eta ezagutuko dute baina oso merkea da, Errioxako ardoa da munduan merkeen saltzen dena.

Errioxa sor markarekin izan dituzten eztabaidak azaldu ditu: "Sor marka honek 120 urte inguru ditu, baina asko aldatu da. Hor daudenen artean, ardogile txikiak %5 edo gara. Boterea upategi handiek dute. Gu ez gara babestuak sentitzen, guri trabak baizik ez dizkigute jartzen, bai paper kontuen aldetik, bai diruen aldetik, bai ikuskaritza aldetik... dena trabak dira". Arabako Errioxa azpi-marka gisa onartzeko eskaera aspaldikoa dela oroitarazi du: "Aurreko mendean ere, 1990eko hamarkadan, eskatzen ari ziren eta erakundeek babesten zuten, bai Arabako Aldundiak eta bai Eusko Jaurlaritzak. Orduan jada Errioxakoek (tira, hori Logroño zen, eta lapurtu digute baita izena ere) esan zuten ezetz. Lortu genuen Arabako Errioxa jarri ahal izatea botilen etiketan, baina Rioja baino 10 aldiz txikiago. Hori da lortu genuen bakarra. Orduan guk bereizi nahi genuela erabaki genuen".

Arabako Mahastiak sor marka sortzeko badirela motiboak nabarmendu du Besak: "Gu Toloño-Kantauri mendilerroa eta Ebro artean gaude. 40 kilometroko zerrenda bat da, zabaleran ere oso txikia, baina eguraldi berezia dauka, lurra pobrea du, mahastientzat berezia. Mahasti gehienak txikiak direnak, maldan daudenak eta horrek behartzen gaitu lan asko eskuz egitera... Berezitasun asko biltzen dira eta gero handik ateratzen diren ardoak ere desberdinak dira. Guk hori erakutsi egin nahi dugu, zeintzuk diren gure ardoak, nola egiten dugun. Gainera gure herrian, Eskuernagan, 40 upategi txiki ditugu: mundu mailan upategi gehien duen herria da, proportzioan". Bada izaera baten seinale.

 

“Zuhaitzen hizkuntza kimikoa da, baina humanizatu egiten ditugu”
2026-06-06 | Estitxu Eizagirre
Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokan aurkeztu da estreinakoz Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua. Jakoba Errekondo, Markel Arriolabengoa eta Iñaki Etxebeste egileek Ainhize Madariaga izan... (+)
Stop Fosilak taldeak "energia burujabetzarantz" bide-orria aurkeztu du
2026-06-01 | Estitxu Eizagirre
Stop Fosilak taldeak bide orri bat aurkeztu du maiatzaren 31n Hernanin. Planetaren bederatzi mugetatik zazpi gaindituta dauden honetan eta "ziurgabetasun handieneko nazioarteko testuinguruan" kokatuta, "konpromiso... (+)
Amasamendiko zentral eolikoak hegazti babestuengan eragin "oso nabarmena" izango lukeenez, udalak enpresarekin harremanak eten ditu
2026-05-29 | Estitxu Eizagirre
Amasa-Villabonako Udalak eskatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak ingurumen txostena egin du eta hori irakurrita, udalak ondorioztatu du Amasamendin Premier Groupek eraiki nahi duen makroproiektu eolikoak hegazti... (+)
Labraza zentral eolikoa eraikitzeko lanetan Aixeindar araudia "behin eta berriz urratzen" ari dela salatu dute
2026-05-27 | Estitxu Eizagirre
Arabako Mendiak Aske taldeak Eusko Jaurlaritzaren jarduera salatu du, Aixeindar SA sozietate publikoa (Energiaren Euskal Erakundeak %40ko partaidetza duena) Labrazako zentral eolikoa eraikitzeko lanetan biodibertsitatea... (+)
Kateak
2026-05-24 | Estitxu Eizagirre
Lurraren aldeko bost ekintzailek euren buruak Labraza (Araba) makroproiektu eolikora lotu zituzten ostiralean eta eraikitze lanak geldiarazi. Iberdrolak (%60) eta Energiaren Euskal Erakundeak (%40) osatutako... (+)
gora