Urtarrileko elur, burdinazko elur.

Udaberriko Uzta: Olatz Salvadorren eta marmeladaren gozoa

Ekainaren 15ean Olatz Salvadorren kontzertua izan zen Beltzitina baserrian, Anuzitan (Araban). EkimenaEHKO, laborarien kolektiboak, iametzak eta ARGIAk garatu dute elkarlanean. Baserriko Uztaren helburua herritarrek etxaldeak bertatik bertara ezagutzea da, baserritarren lanak eta produktuak nola lantzen diren ezagutuz.


2019ko ekainaren 28a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Añanako koadrilan da Anuzita, Euskal Herriko erdigunetik ez oso gertu, egia esan. Baina ez da aitzakia izan egun ederra igarotzeko intentzioarekin herrialde guztietatik 60 lagun bertaratzeko. 10:30etarako zen hitzordua, baina ordu erdi lehenago jada iritsi dira adin guztietako lehen bisitariak.

Berandu baino lehen hasi dira bisitarekin Amparo eta Xabier, Beltzitina etxaldeko nagusiak. Bi talde antolatu dituzte, euskaraz bata, gazteleraz bestea, eta inguruan dituzten fruta-arbolak erakusteari ekin diote. Hogei fruta ezberdin dituzte txukun antolaturik: udareak, mahatsak, sagarrak... denak ez dira, noski, garai berean ateratzen, eta horri esker ia urte osoan dute garaiko marmelada.

Duela bost urte inguru etorri zen bikotea Anuzitara, Amparok fabrikan lan egiteagatik zituen gaixotasunak sendatze aldera. Agroekeologian topatu zuten sendabidea, eta gutxika hasi ziren marmeladekin esperimentuan, senide eta lagunei oparitzen hasieran, eta ekoizpena handituz urtez urte.

 

Udaberriko Uzta, uda giroa izan dugu eta 12:00etarako hamaiketakoa prestatu dute. Gazta mota ezberdinak marmeladekin nahastu ditugu, eta azalpen interesgarrien artean dastatu ditugu gutiziak. Galleta marroi ilun batzuk piztu dute kuriositatea, eta azalpen bateratua jaso dugu: ezkurrez eginikoak dira! Harridura handitu du bertaratutakoen artean, eta den-denak amaitu egin dira.

Sabela elikatu ostean, belarriei gozamena emateko prestatu dira Olatz Salvador eta bere anaia Jagoba Salvador. Iaz Zintzilik diskoa kaleratu zuenetik han hemen ari da diskoa aurkezten, taldean, banaka edo gaurkoan bezala, biko formatuan. Jagobak gitarra elektrikoarekin konponketa ederrak egin dizkio, jada ederrak diren kantuei. Sampler baten laguntzaz erritmoa gehitu egin diote kantuei. Eta ze giro atsegina. Batzuk sekula entzun gabe artistak, eta besteak letra guztiak abestuz ordu beteko emanaldi goxo eta kitzikagarria eskaini digu bikoteak.

 

Eta berriz ere sabela betetzera. Inguruko ekoizle agroekologikoekin osatutako menua eskaini digute, entsalada freskoa eta pasta haragi eta shitakearekin. Postrea jogurta, nola ez, marmeladarekin, eta kafea. EHKolektiboko kideak pozik ari dira batarekin zein bestearekin tertulian.

Egun ederra igarota, baserri mundua eta ekoizpen agroekologikoa zabaltzea lortu dute beste behin ere. Hurrengo aukera ez galdu: abuztuaren 31an Eñaut Elorrieta izango da Pagolan (Zuberoa).

 

 

Laborategiko haragia: Donostiatik mundura
Etorkizuna dirudiena gertatzear da: Donostian, Zubietako Eskusaitzeta industrialdean, haragi sintetikoen fabrika bat eraikitzen ari da BioTech Foods enpresa. Munduko laugarren laborategia izango da Eskusaitzetakoa, oraindik... (+)
"Urtean 4.000 tona Frankenstein haragi egingo dituen munduko laborategirik handiena egin nahi dute Donostia"
Eskusaitzeta industriagunean BioTech Foods enpresa eraikitzen ari den haragi sintetikoen laborategi erraldoiaren aurrean elkarretaratzea egin du EHNE sindikatuak, makroproiektua salatzeko. Garikoitz Nazabal EHNEko lehendakariak salatu... (+)
Igandean Gladys del Estali omenaldia egingo diote, erailketaren 43. urteurrenean
Ostiralean, ekainak 3, 43 urte beteko dira Jose Martinez Salas guardia zibilak Gladys del Estal ekologista donostiarra buruan tiro bat jota hil zuenetik. Tuteran izan... (+)
"EHKolektiboa laborari agroekologikoen eredua jendarteratzeko tresna da"
2019-11-07 | Xalba Ramirez
Sosola baserria Eibarko Mandiola bailaran kokatua dago, Amaña auzotik gora igota. Enrike Gisasolak aittitta-amamen eskutik jaso zuen baserriaren martxa eta 1994az geroztik ekoizpen ekologikoan murgildu... (+)
Tren sozialaren aldeko Iruñerriko Plataforma aurkeztu dute
2017-09-29 | Xalba Ramirez
Tren sozialaren aldeko eta AHTren kontrako Iruñerriako Plataforma aurkeztu dute Oltza Zendea, Itza, Egillor eta Orkoiengo hainbat bizilagunek. (+)
gora