Astelehenero 8:00etan zure epostan
Darwinen aurretik Bruguière-k lehen aldiz aztertu gintuenean (1789an), sumendi itxurako krustazeo zirripedo bezala aurkeztu gintuen. Nire itxurari erreparatuz gero, garai batean Euskal Herriko baso eta erreka inguruetan ikazkinek orbel eta lurrez estalitakoan egosi ohi zituzten egur pilaketa haiek ere oroitarazi ditzaket.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Krustazeo sesila (ez da muskuilua) / Zirripedoa / Itsas-ezkurra (Balanoa).
NEURRIA: 3 cm-ko diametroa eta 3 cm-ko altuera.
NON BIZI DA? Itsasoan, 20 metrorainoko sakoneraraino.
ZER JATEN DU? Iragazlea da, operkulutik sartzen den planktonaz eta zirruek sortutako ur-korronteak bultzatuta barneratzen diren bakterio, mikroalga eta planktonez elikatzen da.
HERMAFRODITA DA Zakila garatzen duenak ondokoaren barrunbean esperma jaulkiz, elkarren arteko ernalketa gurutzatua burutzen dute.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.
Itsas-txondorra naiz, gure kostaldeko itsas-ezkurren (balano) artean handiena. Lanperna eta sasi-lanpernekin (anatifak) batera osatzen dugu zirripedoen taldea, baina krustazeo multzorik eraldatuenetako bat garen heinean, sarritan muskuiluekin nahasi izan gaituzue.
Urpeko txondorra izan arren, ez dut urre beltzik sortzen, ezta kerik botatzen ere, baina euskal ikazkinek egin ohi zituztenen forma beretsua dut; altuera ordea, beste eskala batean, zure hatz potoloarekin estaltzeko modukoa (3 cm). Nire kanpo-maskorra konikoa da, sei plakez osatua, eta erdian, txondorren nahiz sumendien adierazgarri, zuloa: nire kasuan, aho obalatua da, eta berau isteko dudan estalkiak, operkuluak, olagarro mokoa dirudi.
Bila nazazu itsas labarretan, dikeetan edo harkaitzetan, itsas-txondorrok haien zati handi bat estaltzen baitugu. Orban zuriak ezagunak egingo zaizkizu, baina beharbada sekula ez zara nahikoa hurbildu guregana. Kresal usainez eta olatuen zipriztinez bustita mantentzen den marearteko guneetan pilatzen gara; tarteka olatuek kolpatuta, tarteka urpean… Gogor eusten natzaio txondorraren oinarripean dudanari, dudan itsasgarri natural ezin hobeari esker. Zirripedoen familiako beste taldeek, aldiz (lanpernek eta anatifek), pedunkulua dute substratuetara atxikitzeko lotunea.
Itsasgoran ura iragaziz elikatzen naiz, operkulutik gora “zirru” izeneko luzakin lumadunei esker ura modu erritmikoan astinduz; horrela, bakterioak eta planktona ditut elikagai nagusi. Itsasbeheran, aldiz, zirruak gorde, operkulua ondo itxi eta ingurune lehorrari eusten diot, berriz itsasoak bizitza itzultzen didan arte. Urpean ikus nazakezu bizi-bizi, nahiz izaki sesila izan, hermafrodita naizen heinean, gure taldeak, ornogabeen artean zakilik luzeena garatu du (gorputzaren tamainarekiko proportzioan), esperma alboko kidearen barrunbean jaulki ahal izateko, eta horixe ikuskizun polita izan daiteke benetan.
Arrokan ikusiagatik ere ezagutzen ez bagaituzu, jakin itsas ingeniarien artean oso ezagunak garela. Ohitura dugu itsasontzien kroskoari atxikitzeko, eta marinelen haserrerako, bertan ugaritu ahala nabigatzeko abiadura moteltzen dugu. Ez gara, beraz, erregaia aurrezteko lagungarri. Ondorioz, ikerketa askoren jo puntuan gaude, bereziki “antifouling”-en garapenaren harira: urpean geratzen den itsasontziaren zatiari eman ohi zaion pintura da, algak nahiz gure moduko fauna bertan atxiki ez gaitezen biozidak askatzen dituen produktu kimikoa. Eta osagai kimiko horiek, jakina, ondorioak dituzte, guztion itsas ingurunean. Kontuan izan kupre oxidoaren eta zink oxidoaren modukoak uretan disolbatzea ez dela oso ideia ona, haien patua sedimentuetan metatzea izango bada. Izan ere, horrek itsas-hondoan bizi diren organismoei kalte egingo die, izan alga, koral, itsaski, edo gure moduko.
Itsas-garraioa itsas-ekosistema baino garrantzitsuagoa zaizuenen artean, itsas-txondorrak oso txikiak gara zentzu guztietan. Ez gara zuen itsaskien arteko kutixi (eskerrak), eta itsasontzien kroskoetatik urrun mantenduz gero, ia ikusezinak gara zuentzat, ez ordea bioaniztasuna maite eta baloratzen duzuenentzat. Ondo dakizue dugun garrantzi ekologikoaren berri, bai sare trofikoaren oinarrian, bai mikro habitatak (hiru dimentsioko egiturak) sortzerakoan, baita gure kostaldeko osasunaren adierazle gisa ere, besteak beste.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545