Euria egiteko hobe da bi haizeren borroka; ez santu guztiekin erreguka

Sabino Ormazabal hil da, mugimendu ekologistako eta giza eskubideen aldeko ekintzaile historikoa

Astelehen goizean hil da Donostian Sabino Ormazabal Elola (1953). Militante ekologista eta antimilitarista, desobedientzia zibilaren eta indarkeria-ez aktiboaren bultzatzaile izan da bizitza osoan, baita horregatik espetxea sufritutakoa ere. Joxemi Zumalabe Fundazioko patronatuko kide, Bidea Helburu taldean eta Argituz giza eskubideen aldeko elkartean aritu da lanean, besteren artean. Egin eta Garan aritu zen kazetari lanetan, eta zenbait liburu eta dokumentalen egilea da, bakarka zein taldean.

Lander Arbelaitz Mitxelena
Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz

2007an hasi zen ARGIAko lantaldean, aurretik erreportaje batzuk argitaratuta kolaboratzaile gisa.


2026ko abuztuaren 17a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Sabino Ormazabal Elola hil da astelehen goizean Donostiako ospitalean, familiako iturriek jakinarazi dutenez. Larunbatean kantujiran ezbehar bat izan zuen, eta ospitalera igo eta ebakuntza bat egin zioten berehala. Astelehen goizean eman dute heriotzaren berri senideek.

Bizitza osoa eman du Euskal Herriko politikarekin lotura zuzenean. Gazte zela Lemoizko zentral nuklearraren aurkako komiteetako kide aktiboa izan zen, eta Txustarra taldean, Donostiako Asanblada Ekologistan eta Eguzki elkarte ekologistan parte hartu zuen.

 ARGIA / ARGIA (CC BY-SA)

Borroka armatuaren garairik gordinenetan, indarkeria ezarik gabeko politikaren defendatzailea izan zen. Herri mugimenduei bultzada emateko sortutako Joxemi Zumalabe Fundazioaren patronatuko kide ere izan zen eta horregatik, 2000 urtean Baltasar Garzón epaileak atxilotzeko eta espetxeratzeko agindua eman zuen, taldekideekin batera. 18/98 Sumarioan auzipetu zuten, desobedientzia zibilaren atalean. Espetxean zortzi hilabete egin zituen horregatik, “dena da ETA” doktrinapean.

Borroka baketsuaren eta desobedientzia zibilaren defendatzaile sutsua izan zen, jarraian datorren bere adierazpen hauek ongi laburbiltzen dutenez:

“Legearen mugekin bakarrik funtzionatu izan bagenu, gizateria ez zen egungo egoerara iritsiko. Herritarren kopuru adierazgarri batek legalitatearen muga gainditu duenean gertatu izan dira jendartean aurrerakuntza asko. Baliteke ez izatea legalak aldaketa sozialerako ekimen asko, baina bai legitimo eta nahitaezkoak aurrera egiteko, gizartearen ongizatea bilatzen badute eta ez diruzalekeria pertsonala. Argi dago, horrek arriskuak dakartza, sufrimendua, isuna, kolpeak, atxiloketak, espetxe zigor posibleak… edo zerbait okerragoa ere bai. Baina aldi berean jendea hezi eta erreferentziak sortzen ditu, jarraitzeko adibideak, erakarpen mimetikoa bultzatu, elkartasuna, ilusioa, errespetua, koherentzia… gainontzekoak interpelatzen ditu, konprometitu egiten du jendea.

(...) Prozesua bera gauzarik garrantzitsuena dela baloratzen badugu, bidea, erabilitako medioak, gatazkak jorratzeko modua eta bere humanizazioa, imajinazioa, konstantzia… desobedientzia zibilaren ekintza ez biolentoa pedagogia hutsa da. Berau asumitzen duenak ez ditu bidean galdu nahi ekintza egitera bultzatu duten printzipioak, ez ditu etorkizun mugagabe baterako utzi nahi. Ez ditu irainduta sentiarazten duten eta aldatu nahi lituzkeen balore eta metodo horiek imitatu nahi. Ardurak ere ez ditu delegatzen. Ekintza txikietatik eta eguneroko keinuetatik abia daiteke borroka, baina ekintza guztiak elkarrekin batzea da asmoa. Hori lortzen den egunean, iritzi publikoan atzera bueltarik ez duen birusa sartua izango da. Desobedientzia zibila oraina da, baina batez ere, etorkizuna”.

Gipuzkoako GITE-IPESen eta Egin egunkarian aritu zen kazetari lanetan, eta Guardia Zibilak egunkari hori itxi ostean eta milaka pertsonak akzioak erosita Gara sortu zutenean, han jarraitu zuen lanean. Iritzi saileko arduradun gisa, Espainiako hedabideetako kazetariek euskal herritarrei buruz esaten zituzten astakeriak jarraitu eta zenbait liburutan jaso zituen. 

2005ean hamasei hilabete iraungo zuen epaiketa hasi zen eta 2007an bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Berriro espetxeratu zutenean "kontzientzia preso" deklaratzeko kanpaina zabala hasi zen –Amnistia Internazionalaren babesarekin– eta fidantzapean aske utzi zuten. 2009ko maiatzean Espainiako Auzitegi Gorenak absolbitu egin zuen, Joxemi Zumalabeko beste kideekin batera.

 Alberto Elosegi / ARGIA (CC BY-SA)

Azken urteetan hainbat taldetan ibili da lanean (Indarkeria-ezaren aldeko Bidea Helburu, Demagun Hausnarketarako Taldea eta Argituz giza eskubideen aldeko elkartea), baita zenbait kultur ekimenetan ere, Donostiako kantu-jiran kasu.

Hainbat ikerketa ofizialetan ikertzaile gisa hartu du parte, batik bat motibazio politikoa daukaten biktimei buruzko Ebaluazio Komisioan eta beste hainbat txostenetan.

Bi dokumentalen egile izan da, zenbait kiderekin batera, eta biak daude sarean ikusgai. Batetik, Ziztadak, Euskal Herriko desobedientzia zibilari buruzko lana eta bestetik, Ez, Eskerrik asko, Gladysen leihoa, Lemoizko zentral nuklearraren aurkako mugimenduari buruzko lana, 2025ean Argia Saria irabazi zuena.

Bertako klima 2ºC jaisteko plana prest daukate Balear Uharteetan
Balears Verd mugimenduak anbizio handiko proposamena jarri du mahai gainean: uharteetako tenperatura bi gradu jaistea. Hori lortzeko milioi bat fruitu-arbola landatu nahi dituzte, horrekin lurrak... (+)
"Herri Mugimendua saretu eta eraginkortzeko tresnak eskaini nahi ditu BAMek"
Euskal Herriko bi muturretatik datoz Itziar (Bilbo, 1982) eta Ekaitz (Erriberri, 2002), sortzen ari den Burujabetzaren Aldeko Mugimenduaren berri ematera. Euskal Herrian diren burujabetza prozesu... (+)
Donostiako Udalari exijitu diote behingoz Sorleku parkea egin dezala, ehunka familia eremuan bertan sartuta
Ekintza zuzena burutu dute Donostiako Marrutxipin 600 pertsonatik gorak. Ategorrieta ondoan, Sorleku parkea egitea nahi duten lur-eremuaren inguruan buelta bat eman ostean, barrura sartu dira... (+)
Surf parkerik ez dute eraikiko Donostiako Antondegin, udal gobernuak atzera egin du
Donostiako Udalak El Diario Vascori filtratu dionez, ez dute olatu artifizialen surf parkerik eraikiko Martutene eta Txomiñenea auzoen artean dagoen Antondegi mendian. Albisteak sorpresa eta... (+)
Urre meatzari ilegalak kanporatzen ari da Brasil, Amazoniako Yanomamien lurraldetik
Brasilen, legez kanpoko ia meatzaritza operazio guztiak gerarazi ditu Lula da Silvaren gobernuak, Amazonian bizi den jatorrizko Yanomami herriaren lurretatik, eta egunotan enpresa gehiago kanporatzea... (+)
gora