Astelehenero 8:00etan zure epostan
Hondarra harrotuaz murgil igerian, zorriak zeuzkan eta haiek bota nahian omen zebilen. Orioko bardoak Euskal balea (Eubalaena glacialis) kantua bezainbeste herrikoitu zituen, bertso haien bidez, bale zorriak ere. Baina zorriak intsektuak dira, eta ez dago itsas-azpian bizi den intsekturik. Izan ere, Euskal baleari azkura eragiten diotenak ez dira benetako zorriak, baleen burualdeko maskur edo kailuetan ostatu hartzen duten bizkarroiak baizik, krustazeo anfipodoak.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornogabea / Krustazeoa / Anfipodoa / Ziamidoa.
NEURRIA: 5–15 mm.
NON BIZI DA? Ipar Atlantiko epel eta subartikoan bizi den Euskal balearen kailu zefalikoetan, atxikita.
ZER JATEN DU? Euskal balearen kailuetatik lortutako larruazal zatiak eta jariakinak (materia organikoa).
BABES MAILA: Ez dago babestuta.
Egungo zetazeo espezie mehatxatuenen artean kokatua den Euskal balean adierazgarri dira kailuak, larru lodiko eremu zimurtuak, gure esku zein oinetako babak izango liratekeenak, balearen eskalan. Bada, anfipodo bizkarroi hauek (ziamidoek) balearen kailu zefalikoetan topatzen dituzte babesa eta janaria. Euskal balean Cyamus ovalis bale-zorri espezifikoa da aurkitzen dena, eta balea batek milaka izan ditzake, azalean. Kailuen gainean eratzen diren kolonia trinkoak hain dira ikusgarriak, ezen ikertzaileek kailuek irudikatzen dituzten patroiak erabiltzen baitituzte balea identifikatzeko, gizakion kasuan hatz-markak erabiltzen diren moduan.
Bizkarroiak oro har gaixotasunekin lotu ohi diren arren, nahitaezko ektoparasito txiki honek ez dio kalte larririk eragiten gure baleari. Balearen azaleko zelula hilez eta mikroalgez elikatuz biziko da eta, bide batez, garbiketa zerbitzu naturala ere emango dio bere ostalariari; krustazeo ñimiño baten eta Lurrean dirauen ugaztun handienetako baten arteko milioika urtetako koeboluzioaren adibide liluragarria da. Halako erlazioak lotura estua du, beraz, balearen bizimoduarekin; adibidez, hainbat balea-zorri espezieren banaketa ezagutzeak zetazeo-populazio jakin batzuen migrazio-ohiturak irudikatzen lagundu gaitzake. Bestalde, balea-zorri hauek ez dira polizoi hutsak. Larba-fase librerik ez dutenez, zuzeneko kontaktu fisikoaren bidez bakarrik igaro daitezke balea batetik bestera. Hala, haiek aztertuz zetazeoen portaera sozialak ulertu ditzakegu; hala nola ama eta kumeen arteko elkarrekintzak edo ugalketa garaian banakoen arteko topaketen funtzionamendua.
Euskal balearen balea-zorriak 5 eta 15 mm arteko luzera du, gorputz obalatua, sendoa eta oso zapala, eta kolore zurixka, horixka edo grisa. Egokitzapen horri esker gogor eutsi diezaioke, balea murgil-itzulian dabilenean, inguruko ur-korronte handien aurrean. Burua eta sabelaldea oso txikiak ditu, eta sabelaldean emeek arrautzak inkubatzeko martsupial poltsa dute (gainontzeko anfipodoen modura). Buruan hezurrak eta zetak dituzten antena eraldatu parea dituzte, balearen azal zatiak apurtu eta karrakatzeko. Ahoan matrailezur sendoak dituzte, hortz eta guzti. Buruari atxikita, zazpi segmentuz osatutako toraxa eta bertan bost hanka pare. Lehenengo parea, pintza txikiak balira bezala, elikaduran laguntzeko, atxikitzeko eta arren kasuan, ugalketan emea heltzeko ere erabiliko dute. Toraxeko bigarren segmentuko hanka parea ere ostalariari eusteko garrantzitsua izango da. Hortik atzera, segmentu bakoitzean atzapar makur indartsuak ditu, atzealdeko hiru pareak, bereziki garatuak, balearen azal eta kailuetara tinko eusteko.
Hutsalak diruditen halako organismo txikien biologia ezinbestekoa da gure balearen moduko espezie enblematikoen portaera ulertzeko. “Baliak egindako salto ta marruak ziran izugarri ta ikaratzekuak”... Eskerrak balea-zorriak ez duen bere ostalariaren handitasunik, tamainan.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545