Urrilleko lanetan, agudo zopetan.

Zubietako erraustegia gelditzea eskatuko dute igandean, Kontxako hondartzan

Donostiako estropadak baliatuko ditu Errausketaren Aurkako Mugimenduak erraustegiaren ondorio kaltegarriak salatzeko, goizeko 11:00etan egingo duten elkarretaratzean. Astearte honetan eginiko prentsaurrekoan salatu dute Zubietako erraustegia dela Gipuzkoan berotegi efektuko gas gehien isurtzen dituen instalazioetako bat.


2026ko irailaren 09a
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren prentsaurrekoa asteartean, Donostiako Kontxako hondartza ondoan.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Igande honetan Donostiako Kontxa hondartzan ez dira soilik estropadak lehiatuko dituzten arraunlarien aldeko oihuak entzungo, baita Zubietako erraustegiaren eta haren ondorio kaltegarrien kontrakoak ere. Urtero legez, elkarretaratzea deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak goizean, astearte honetan elkarteko kideek eginiko prentsaurrekoan iragarri dutenez. 

Erraustegi "toxiko, garesti eta alferrikako" hori gelditzea eskatuko dute, besteak beste, eta dei egin diete Gipuzkoako herritarrei protestan parte hartzera. Aurtengo uda "gure historian" markatuta geratu dela azpimarratu dute, "klima aldaketa bere kalteekin" jadanik heldu delako Euskal Herrira: "Beroaldi gogorrak bata bestearen ondotik, pertsona zaurgarrienak beroarekin sufritzen, mendi eta soro eta erreketan inoizko lehorterik larriena, itsasoko uren tenperatura harrigarria, biodibertsitatearen hondamendia, sute izugarriak, eta abar."

Horren harira, elkarteak nabarmendu du jakina dela hondakinen erraustea txarra dela gizakiaren osasunarentzako, baita landareentzako eta animalientzako ere: "Errausketak herritarrok bultzatzen gaitu kontrolik gabe kontsumitu eta botatzera, ez berrerabiltzera, ez birziklatzera". Gainera, erraustegian hondakin guztiak batera errausteak "klase guztietako toxikoak" zabaltzen dituela salatu dute, klima aldaketa okertzen dutenak.

Udako sutea

Prentsaurrekoan gogora ekarri dute abuztuaren 19an sute bat piztu zela Zubietako erraustegian. Horren ondorioz, bederatzi behargin ke toxikoa arnastuta intoxikatu zirela salatu zuen orduan langile batzordeak. "Behin eta berriro gertatzen diren ihes, istripu eta suteek areagotzen dute erraustegiak barreiatzen duen kutsadura", salatu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak.

Hortaz, elkarteak exijitu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari itxi dezala Zubietako erraustegia: "Ez erre gure eta gure ondorengoen etorkizuna!"

Ehiza Bizkaiko eskola kiroleko programatik kentzeko eskatu dute
Ekologistak Martxan taldeak ehiza "haurrak errespetuan eta babesean heztearekin bateraezina" dela salatu du, eta azpimarratu du administrazio publikoek "errespetuan, enpatian, zaintzan eta bizikidetzan oinarritutako ereduak"... (+)
Lanean ari dira Orion erre den itsasontziak ibaia eta itsasoa kutsatu ez ditzan
Eusko Jaurlaritzak Itsasertza Planaren alerta fasea ezarri zuen ostegunean, eta itsasontzia buiekin hesitu dute. Oria ibaiak eta Kantauri itsasoak bat egiten duten lekuan erdi hondoratuta dago. Gure Gaskuña ontziak 70.000... (+)
Mundu mailan inoiz erregistratu den abuzturik beroena izan da aurtengoa
Lurraren gainazaleko batezbesteko tenperatura 16,96 gradukoa izan da, 2023ko uztailean baino 0,01 gradu gehiago. Euskal Herrian inoiz izandako udarik beroena izan da aurtengoa. 1850 eta 1990... (+)
Nepalek konpentsazio ekonomikoa eskatu die munduko estaturik kutsatzaileenei, uholdeetan izan duten arduragatik
Nepalek mundu osoko berotegi efektuko gasen %0,1 isurtzen du, eta Atzerri ministro Shisir Khanal-ek adierazi du sortu ez duten krisi baten ondorioak pairatzen ari direla. Azken... (+)
NBEk ohartarazi du lurrazaleko tenperatura 2 graduraino berotzea saihesteko berehalako neurriak hartu behar direla
NBEko zientzialariek ondorioztatu dute 1,5 graduko langa gainditzea "saihestezina" dela, eta egoerari berehala erantzutea eskatu dute, tenperatuaren igoerari aurre egiteko eta berotegi efektuko gas isuria... (+)
gora