Astelehenero 8:00etan zure epostan
Transhumantziako egunek badute zerbait berezia. Goizetik hasi eta kilometroak pilatzen dira, erlauntzak atzean ditugula paisaia aldatzen da, lurralde batetik bestera erleekin batera mugitzen gara. Bidean, burua lan kontuetara doa, baina baita beste nonbaitera ere: sasoietara, loreetara, zer aurkituko dugun helmugan... Eta, halako batean, erlategira iristear, kotxea gelditu aurretik, begirada oharkabean joaten zait atzera, atzerako ispiluaren bazterrera. Han ez da ezer ikusten lehen begiratuan. Ez da mugimendurik, ez bizitzarik. Baina badakit zerbait badagoela han, ia ikusezina den sare mehe batean.
Balerdipeko erleak proiektuko kidea
Lehen aldietan garbitu egiten nuen. Desegin. Ez nuen nahi. Baina azkenaldian uzten hasi naiz. Eta orain, iristen garen bakoitzean, badakit zerbait gertatu daitekeela une horretan.
Egun batean ikusi nuen. Erle bat gerturatu zen, agian oharkabean, agian atseden hartzera, edo agian ez zekielako non sartzen ari zen. Une batez gelditu zen, eta berehala hasi zen mugitzen. Hegoak astindu zituen, askatu nahian. Baina sareak ez zuen askatu. Alderantziz, gero eta gehiago itsatsi zen. Eta orduan agertu zen. Ez zen lehenago ikusten. Ez zen han zegoela sumatzen ere. Baina momentu horretan, saretik bertatik aterako balitz bezala, armiarma azaldu zen. Azkar, ziur. Ez zuen zalantzarik egin. Erlearen inguruan ibili zen, hari meheekin estutzen, pixkanaka, mugimendua geldiarazi arte. Ez zuen denbora asko behar izan. Une labur batean, erlea, ihes egin nahian zebilen hura, isilik geratu zen sarearen barruan. Eta armiarma, lanarekin bukatutakoan, berriro desagertu zen. Retrobisorearen atzean, ikusezin, hurrengo unera arte.
Une horietan etortzen zait burura Julio Villarrek kontatzen zuena: ozeano erdian, Mistral ontzian, kilker bat entzuten zuela gauetan. Ez zen posible, pentsatuko luke edozeinek. Ez zegoen lurrik inguruan, ez belarrik, ez ezer. Eta, hala ere, han zegoen soinua. Isilean, baina presente. Eta pentsatzen dut niri ere antzeko zerbait gertatzen zaidala. Ez dut armiarma ikusten. Baina badakit hor dagoela. Eta noizbehinka, agertzen da.
Gu erleak mugitzen ari gara, kilometroak eginez, lore bila, bizitza bila. Baina gurekin batera badoa beste mundu txiki bat ere, guk apenas ikusten duguna. Eta mundu horretan, ez dago gure logikarik. Ez dago zaindu edo ez zaindu. Ez dago “gure erleak” esaterik. Bakoitzak bere bidea darama. Harrezkero, iristen garen bakoitzean, begiratzen dut. Batzuetan ez da ezer gertatzen. Beste batzuetan, berriro agertzen da une hori: mugimendu bat, borroka txiki bat, eta ondoren isiltasuna. Eta armiarma, berriro, desagertzen da.
Gu berriro martxan hasten gara, beste erlategi batera, beste paisaia batera. Eta ezin dut pentsamendua burutik kendu: agian bera ere gurekin dator. Agian gu bezala, bera ere zain egoten da. Eta atzera begiratzen dudanean, badakit ez dudala soilik bidea ikusten. Beste zerbait ere badoa gurekin. Ikusten ez dena.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545