Martxoan arrautza eta martxoan txita.

Traba gehiago Arabako ardoen izendapen propioari: esklusibotasunaren baldintza onartu du Espainiako Gobernuak

Errioxa ardoen jatorri izendapenak, Arabako Mahastiak sor-markaren aurka bide judizialari ekiteaz gain, esklusibotasunaren eskakizuna onartu zuen bere batzorde arautzailean; mahats ekoizleek, haien mahatsa Errioxako ardo izendapenetik irten eta marka propioa sortzen duten upategiei salduko baliete, urtebetez ezingo lieke mahatsik saldu Errioxako kideei, eta alderantziz. Espainiako Nekazaritza Ministerioak oniritzia eman dio.


2023ko ekainaren 08a
Guardiako mahasti batzuk (Argazkia: Enoturismo / spain.info)
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Arabako hainbat upategik Errioxa sor-markatik irteteko duten borondatearen aurka, bi bide abiatu zituen Errioxa ardoen jatorri izendapenaren kontseilu arautzaileak: bata, Eusko Jaurlaritzak emandako baimena, sor marka behin behinean bada ere sortzekoa, atzera botatzeko helegitea jartzea; eta bestea, Errioxa sor markarekin jarduten duten upategiei esklusibotasun baldintza ezartzea.

Lehen puntua lortu zuen iraultzea, momentuz bada ere. Euskadiko Auzitegi Nagusiak apirilaren 14an erabaki zuen Arabako Mahastiak sor-markaren sorrera behin-behinean bertan behera uztea. Bi arrazoi garrantzitsu leudeke sor-marka propioa ez sortzeko: baga, kontsumitzaileari "nahasmen handia" eragitea, "eremu geografiko bera duten eta babestutako bi sor-marka dituzten bi ardo eskainiko litzaizkiekeelako"; eta biga, Errioxa markaren "izen onari kaltea" egitea, "atzeraezina" litzatekeena gainera auzitegiaren arabera, edo, gutxienez, "konpontzen zaila". Auzitegiak argudiatzen zuen, besteak beste, ia 100 urte dituela Errioxa ardo izendapenak. Arabako Mahastien bultzatzaileek hala eskatuta ere, Eusko Jaurlaritzak ez zuen errekurtsorik jarri.

Bigarren puntua, berriena dena, esklusibotasunaren afera da. Iazko irailean –artean Arabako Mahastiak sor-marka guztiz sortu gabe zela–, Errioxa jatorri izendapenaren kontseilu arautzaileak erabaki zuen mahats ekoizle guztiei baldintza gogorra ezartzea: ekoizle batek Errioxa markarekin merkaturatzen den upategi bati salduko balio mahatsa, ezingo lioke saldu beste sor-marka bateko upategiari urtebetez gutxienez –ardo denboraldi bat–; aldiz, bai saldu ahalko liokeela Errioxa barneko upategi gehiagori. Eta alderantziz: Arabako Mahastiak sor-markako upategi bati salduz gero, ezingo lioke saldu Errioxako upategiei urtebetez.

Espainiako Nekazaritza Ministerioak oniritzia eman dio neurri horri.

Errioxa, 570 upategiren gordeleku

Errioxa ardo izendapenak "gerra-deklaraziotzat" hartu zuen Arabako Errioxako hainbat mahastik sor-marka entzutetsua utzi eta bide propioari egitea. Bultzatzaile nagusia ABRA (Arabako Errioxako Mahastien Elkartea) izan da, eta besteak beste argudiatzen zuten Errioxa marka hain dela handia, "ardo ona eta ez hain ona" ere saltzen direla marka beraren pean. Hortik bereizita, ardo "espezializatuagoa" eskaini nahi zuten hainbat upategi arabarrek, izendapen handiaren goi-aginduei men egiteari utzita.

Europak azken hitza eman zain, Eusko Jaurlaritzak, bere eskumenak baliatuta, merkaturatzen hasteko baimena eman zion Arabako Mahastiak - Viñedos de Álava sor-markari urrian. Datorren ardo-denboraldia zatekeen eszisioaren lehenbizikoa, Euskadiko Auzitegi Nagusiak eten ez balu.

Eszisioak Errioxa sor markari eta haren prestigioari kalte egingo liokeela diote Logroñotik (Errioxa), eta "gerra-deklarazioa" gogoz egin dute. Esklusibotasunarena da Errioxaz gaindiko ardo eta mahats merkatua tenkatzen duen esku hartzea. Izan ere, Errioxa sor-markaren parte diren 570 upategiri 14.139 mahats ekoizlek saltzen die lehengaia (2022ko jardunaren datuak dira). Guztira, Errioxa markaren pean, 1.331.203 barrika merkaturatu ziren 2022an; 250 milioi litro baino gehiago. Botiletan, 343 milioi ale.

Diru asko mugitzen duen jatorri izendapena da, ia 100 urteko ibilbidea duena, eta auzia da, mahasti ekoizle batek Errioxa markako upategi bati saltzen ez badio, albokoari saldu ahal diola edo hurrengoari –570 upategi dira–. Ez dago argi zenbat upategik nahiko luketen Errioxatik irten, oraindik ez delako argitu aurrera doan ala ez jatorri izendapen berria, argitzeko dago etorkizuna, eta upategiek ez dute prozesuan zehar hitz egin nahi izan, arriskutsua baita bustitzea. Dena den, erreferentziatzat hartuta Errioxa sor markak emandako datuak, 570 upategi horietatik hamazortzi dira Araban daudenak, eta zortzi Nafarroan; gainontzeko 544 upategiak Errioxako erkidegoan daude.

Mahastizainek erabaki beharko dute orain, eta tesitura horretan jartzea zen Errioxa izendapenaren asmoa: Arabako Mahastiak deiturapean leudekeen upategiei saldu, ala Errioxan dauden ehunka horietakoren bati.

"Energiaren %60 galdu dugu bost segundoan, ez dakigu zergatik"
Egunak argitzerako itzuli da argindarra ia-ia leku guztietara. Euskal Herrian baino atzeratuago egin du Espainiako Estatuko lekurik gehienetan, baita Portugalen ere. Normaltasun itxura gaur Euskal... (+)
Argindarra itzuli da Euskal Herriko lekurik gehienetara, baina normaltasunera itzultzeko "orduak edo egunak" beharko dira
Gaueko 21:00etarako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako %85era itzuli da hornidura energetikoa, eta Nafarroan, berriz, %50era. Egoera okerragoa bizi dute Espainian eta Portugalen: hurrenez hurren, argindarra... (+)
Kontzertuak, hitzaldiak, antzerkiak, dantzak, bertso-saioak... M8ko ekitaldi kulturalen bilduma
Festa egiteko musika eta kontzertu eskaintza ez ezik, erakusketak, hitzaldiak, zine eta antzerki ikuskizunak eta zientoka ekintza kultural antolatu dituzte eragile ugarik Martxoaren 8aren bueltarako.... (+)
Munduko %1 aberatsenek urteko lehen hamar egunetan gainditu dute karbono isurien urteko kuota
Munduko populazioaren ia erdiak baino bi aldiz gehiago kutsatzen du aberastasun gehien pilatzen duen %1ak. Munduko aberatsenek hamar egunetan isuri duten kantitatera heltzeko, ia hiru... (+)
Petrolio-ontzi hondoratu batek 4.300 tona isuri ditu Itsaso Beltzean, eta beste bat noraezean dabil
Ekaitz-erauntsia emana zegoen eta "hondamendia jazo da", Errusiako Gobernuak jakinarazi duenez. Ukrainak arduragabekeria egotzi dio. (+)
gora