San Jeolimo (irailak 30) haragia piper handixakin jateko

Txalingo txaletaren inguruko salaketa zabaldu dute, “dokumentazio berria” aurkitu ondoren

Xabi Alonsoren Igeldoko txaleta "ilegala" dela ebatzi zuen epaitegi batek 2024an. Orain, bide baten erabilera irregularra dela eta ekainean jarritako salaketa zabaldu dute Ekologistak Martxan eta Haritzalde elkarte ekologistek.

Txalingo txaleta, Igeldon.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Haritzalde eta Ekologistak Martxan elkarte ekologista eta naturazaleek Donostiako Udalaren eta Tavaro XXI S.L. enpresaren aurkako salaketa jarri zuten Gipuzkoako Fiskaltzan ekainean, Igeldoko Txalin eremuko txaletaren harira. Salaketa “prebarikazioagatik eta ondasun publikoen usurpazioagatik” jarri zuten, luxuzko txaletaren jabeei leporatuta inguruko bide bat erabiltzeko baimena iraungita egonda ere erabiltzea. Orain, dokumentazio gehiago aurkitu dutela azaldu dute eta, beraz, salaketa zabaldu egin dutela.

Gogoratu behar da txaleta eraiki zuen enpresa horrek, Tavaro XXIk, harreman zuzena duela Xabi Alonso futbolari ohi eta egungo gizonezkoen Real Madrileko entrenatzailearekin duela urte asko, egungo administratzaile bakar ofiziala Nagore Aranburu enpresaria bada ere, Alonsoren emaztea —Miguel Angel Periko Alonso futbolari ohi eta Xabi Alonsoren aitak ere karguak eduki ditu enpresa horretan—.

Era berean, gogoratu behar da 2024an, txaleta eraikitzeko lizentzia bertan behera utzi zuela Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak eta Igeldoko Ieltxo Kultur Elkarteak 2022an aurkeztutako salaketa baten harira. Horren arabera, txaleta eraitsi egin beharko litzateke. Epaiari errekurtsoa jarri zioten enpresak eta udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, eta ebazpenaren zain daude oraindik.

Dokumentazio berria

Salatzaileek azaldu dutenez, udal dokumentazioa aurkitu dute, dioena “Marugel higiezinen enpresaren jabetzakoa den txaleta dagoen finkaren lurzati nagusia ez dela landa lurzoru ‘birjina’, lizentzia emateko espediente guztietan agertzen den moduan; aitzitik, dokumentazio hori 2007tik golf eskolarako dela eta Plan Berezi bat duela frogatzen duena (plan horren onarpena 2007/7/2ko GAOn argitaratu zen)”. “Hau da, partzela horretatik txaletetik abiatzen den eta bide publiko batera iritsi nahi duen edozein bide igaro behar da, eta ez da edozein landa lur, baizik eta eremu ordenatu bat, eta, beraz, ez du bide berririk irekitzeko aukerarik ematen, erantsitako planoan islatzen direnak izan ezik: lehendik dagoen Txalingo biltegira sartzeko bidea, udal jabetzakoa eta erabilerakoa, eta Agiti bidera lotzeko bidea, golf eskolari dagokiona”, gaineratu dute elkarteek.

Hain zuzen ere, aipaturiko Plan Bereziaren izapideetan, naturazaleen hitzetan, “argi geratu zen partikular batek ezin zuela erabili ur biltegiaren bidea, udaleko Hirigintza zuzendariak bere garaian jakinarazi zuenez. Gipuzkoako Foru Aldundiak berretsi zuen, 2005ean (GAO, 2005/7/6), golf eskolaren lehen proiektua ukatu zuela, biltegiko bide hori eskolara sartzeko bide gisa erabili nahi zuena”. Hain zuzen ere, elkarteek gogorarazi dute Plan Berezi horren bigarren bertsio bat aurkeztu zuela jabetzak 2007an, golf eskolara Agiti bidetik sartzeko, ur biltegiko bidetik ordez.

“Legez kanpoko errepide bat”

Horrela, Haritzaldek eta Ekologistak Martxanek ondorioztatu dute “2005etik, bai udalak bai Marugelek bazekitela deposituko bidea ez dela partikularrek erabiltzeko egokia, eta lurzatian 2007an onartutako Plan Berezian jasotakoa soilik eraiki zitekeela”. Gaineratu dutenez, “2018an, Marugelek bere finkaren 10.000 metro koadroko bereizketa eskatu zuenean, Tavarori saldu zitzaion lursail independente bat sortzeko, eta egungo txaleta hartzeko balio duenean, ‘ahaztu’ egin zuten Plan Berezi hori bazegoela eta biltegiko bidearen erabilera partikularra ezinezkoa zela, eta artifizialki sortu zuten lursail bat etxebizitza batekin, sarbiderik ez zuena eta eduki ezin zuena. Beraz, gaur egungo egoera da Tavarok udal biltegiko bidea bidegabe erabiltzeaz gain, udal tolerantziarekin, legez kanpoko errepide zati bat eraiki duela golf eskolako lurretan.

Horregatik, dokumentazio hori aurkeztu eta salaketa zabaldu dute Fiskaltzan, baita eskatu ere “lizentziaren prozesu horren berri eman duen udal arkitektoari galdeketa egiteko”. Era berean, galdera bat utzi dute airean: “Nola azaltzen da udalak eta Marugelek Plan Berezi hori eta partikularrek eremu horretan lizentziak emateko prozesu osoan udal deposituaren bidea erabiltzearen aurkako txosten horiek ‘ahaztu’ izana eta auzitegietan lizentzia hori legezkoa dela esatea?”.

Arkaitzerreka "porlanez suntsitu" dutela salatu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak
“Zubietako erraustegiak bere kutsadura arazoak konpondu ez baina inguruko lurrak are gehiago izorratzen segitzen du: Arkaitzerrekan egunotan erreka bera eta bere inguruak ari dira suntsitu... (+)
Gladys del Estal omenduko dute igandean, haren hilketaren 46. urteurrenean
2025-05-28 | Irutxuloko Hitza
Gladys Gogoan elkarteak eta Eguzkik Gladys del Estal ekologistaren omenezko ekitaldia antolatu dute igande honetan. Gladys del Estal duela 46 urte hil zuen Guardia Zibilak... (+)
Donostiako Isuri Gutxiko Eremua arautuko duen ordenantza onartu dute, azken tramitearen zain
Arroka plazako Udalinfo bulegoan herritarrentzako informazio gune bat jarriko du azaroan. (+)
Donostiako Udalak gaikako bilketa betetzen ez duela salatu du Eguzkik
2024-10-04 | Irutxuloko Hitza
Donostiako Udalak iragan osteguneko udalbatzarrean iragarri zuen moduan, zaborren tasa % 26,5 igoko du, 2025eko urtarriletik aurrera, Hondakinen 7/2022 Legeak horretara behartzen duela argudiatuta. Eguzkik,... (+)
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan
2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez,... (+)
gora