Astelehenero 8:00etan zure epostan
Gipuzkoako hiriburuan duen bigarren egoitza da, "gastronomia eta sukaldaritza" sustatzeko helburua duena. Donostiako hainbat eragilek protesta egingo dute arratsaldean, "operazio urbanistikoak ekarriko duen espoliazioa" salatzeko.
BCC Basque Culinary Centerrek Gipuzkoako hiriburuan duen bigarren egoitza da GOe (Gastronomy Open Ecosystem), Gros auzoan kokatua, Manteon. BCCren esanetan, GOe espazioaren helburua da gastronomiaren eta sukaldaritzaren alorrean "nazioartean talentua berritzeko eta erakartzeko ekosistema bultzatzea". EITBren webgunean zera ere irakur daiteke BCCren zabaltze berriaz: "Zabaltze horrek, espazio berritu eta modernoago bat ez ezik, berrikuntzarekin, jasangarritasunarekin eta sektoreko etorkizuneko sukaldari eta profesionalen prestakuntzarekin konpromisoa berrestea ere ekarriko du".
Astelehen honetan zabaldu ditu ateak GOe eraikinak. "GOe DAY 1 esperientzia" dute antolatuta urriaren 20rako, sektoreko profesionalak elkartzeko asmoz. Arratsaldean egingo dute inaugurazio instituzionala erakundeetako ordezkariekin, arkitektoarekin eta eraikinaren diseinuaren arduradun izan denarekin.
Kritikak lurzoru eta ondare publikoaren "espoliazioaz"
Donostiako hainbat gizarte eragilek eta auzo elkartek protesta deitu dute arratsalderako, 18:00etan, eraikin berriaren atarian, "operazio urbanistiko horrek ekarri duen espoliazioa eta Donostian sustatzen ari den hiri-eredua errefusatzen dugula ozenki adierazteko"; hala irakur daiteke Donostiako desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformaren webgunean.
Salatuko dute Donostiako Udalak BCCri lursaila "oparitu" egin diola, interes pribatuak dituela finantzazio publikoa duen egitasmoak, 9.500 metro koadroko espazioa hartzen duela sabaiak, eta, batik bat, galdu egin dela Gros auzoaren inguruan gelditzen zen azalerako handiko eremu berde bakarra, 13.000 metro koadrokoa eta hainbat zuhaizti zituena.
Auzo elkarte eta eragileek zera salatu dute idazkian: "Argi dago Basque Culinary Center fundazioa, espoliazio horren onuraduna, zenbait sukaldari aberats ezagunek eta enpresa-babeslek osatutako lobby handi bat bihurtu dela, beren negozio gastronomiko pribatu eta 'esklusiboetarako' prebendak eta finantzaketa publikoa lortzeko".
BCCko eta GOe-ko zuzendari Joxe Mari Aizega elkarrizketatu du iragan asteburuan Berria egunkariak. Adierazi du ulertzen dituela protestak, "legitimoak" direla, baina "gezurrik ez" esateko eskatu du. "Gu bertako jendea gara, eta gure herriarentzat ekarpen positiboa egingo duela seguru gaudelako ari gara proiektu hau egiten; beraz, gezurrik ez, eta manipulaziorik ez. Uste dut lerro batzuk gainditu egin direla". Protesten artean, BCCri aurpegiratu zaio "espekulatzaile" izatea, baita Israelekin "milioika eurotako kontratuak" egiteaz ere. Biak "gezurrak" direla esan du Aizeagak.
2021etik datorren proiektua
2021eko abuztuan jakinarazi zuen proiektua Donostiako alkate Eneko Goiak, Donostiako Miramongo BCCk hamar urte betetzen zituela-eta ospakizun ekitaldi batean. Aurkezpen horretan azaletik azaldu ziren proiektuaren nondik norakoak, "erreferentziazko ekosistema" sortzeko asmoa agertu zen, eta kokalekuaren berri ere eman zen.
Lehen unetik aurka agertu ziren hainbat auzo elkarte eta gizarte eragile, baita EH Bildu ere. Auzoak dituen arazoak "areagotu besterik ez" direla egingo esan zuten. Are, hasiera batean, leku horretan, gazteentzako eta zaharrentzako apartamentu sozialak egiteko asmoa zegoela seinalatu zuten. Besteak beste, Groseko bizilagun Idoia Santamariak ARGIAra helarazitako iritzi-artikulu batean kritika eta argudio zorrotzak eman zituen. Auzo mailako galdeketa bat ere egin zen, eta gehiengo zabala parkea babestearen alde agertu zen. 10.000 sinadura baino gehiago ere bildu dituzte. Proiektuaren nondik norakoak, kritiken xehetasunak eta aldeko eta aurkako iritziak erreportaje honetan bildu zituen Aitor Odriozola kazetariak Donostiako Irutxuloko Hitza-n.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545