Astelehenero 8:00etan zure epostan
Arte eta humanitateek protagonismoa berreskuratzea, ahozkotasunari garrantzia ematea, Adimen Artifizialari buruzko ikasgaia sortzea, EBacc ziurtagiri famatua kentzea… Berritasun ugari dakartzan hezkuntza erreforma iragarri du Erresuma Batuko Gobernuak, tartean, ikasle guztiek eskolaz kanpo arte eta kirol esperientziez gozatu ahal izatea.
1980an Irunen jaioa. 2004. urtetik da erredaktore Argian. Gizarte gaiei eta zinemari buruz idatzi ohi du.
Hezkuntza curriculuma berritu zutenetik hamabost urte pasa direnean, eskua sartu du Erresuma Batuko Gobernuak, eta aldaketa esanguratsuak iragarri ditu. Irakurketa eta idazketarekin batera, adibidez, ahozkotasunaren lanketak garrantzi berdina hartuko du. 13 bat urterekin, derrigorrezko irakurketa proba egingo dute ikasleek, zailtasunak dituztenak laguntzea xede; handik lau ikasturtera, idazketaren ebaluazioa indartuko dute. Dena den, azterketak orokorrean gutxitu egingo dira Erresuma Batuko hezkuntza sisteman.
Lehen Hezkuntzan, “ikasketa praktikoagoak” sartuko dituzte eta haurrek ikasiko dute albiste faltsuak eta desinformazioa antzematen, baita ekonomiari lotuta hipotekak edota aurrekontuak ulertzen ere, “haurrak kontsumitzaileak baitira, DBHra iritsi aurretik ere”. Klima aldaketari eta aniztasunari lotutako edukietan sakondu nahi du planak, eta heziketa zibikoa derrigorrezkoa izango da Lehen Hezkuntzatik.
Honako jardueratan ikasle guztiek parte hartzeko aukera bermatu beharko da: artea eta kultura; natura, aire zabaleko ekintzak eta abentura; kirola eta jarduera fisikoa; parte-hartze zibikoa; bizitzarako gaitasunen garapena
English Baccalaureate (EBacc) delakoa, Bigarren Hezkuntzan ikasleek lortu behar duten ziurtagiria, bertan behera geratuko da, gazteei ikasgaien aukeraketa murrizten diela argudiatuta, eta horri lotuta, garai batean arteak, hizkuntzek eta humanitateek zuten pisua berreskuratuko dute, zientziek duten nagusitasunarekin parekatuta. Ikasgai horien pisua handitzea Historia edota Geografia bezalako ikasgai tradizionalen kalterako izango dela adierazi dute ahots kritikoek.
Beste berrikuntza esanguratsu bat: 16-18 urteko ikasleei datuen eta Adimen Artifizialaren inguruko ikasgaia emango zaie, honen erabilera etikoan hezteko asmoz.
Curriculum berria bere osotasunean 2028ko irailean abian jartzea aurreikusten du gobernuak.
Ekintza Aberasgarriak denentzako
“Ekintza Aberasgarrietarako eskubidea” bermatzea ere jarri du ipar erreformak. Zer esan nahi du horrek? Haur guztiek, “duten jatorria dutela ere edota doazen ikastetxera doazela ere”, derrigorrezko eskola-curriculumetik kanpoko jardueretan parte hartu ahal izatea. Bost kategoria aberasgarri zerrendatu ditu gobernuak eta ikasle guztiek horietan parte hartzeko aukera bermatu beharko da: artea eta kultura; natura, aire zabaleko ekintzak eta abentura; kirola eta jarduera fisikoa; parte-hartze zibikoa; eta bizitzarako gaitasunen garapena.
Curriculum akademikoaren osagarri, haurra “motibatzen eta inspiratzen duten ekintza eta esperientzietara sarbide ekitatiboa” bilatzen du planak. Azken finean, eskolaz kanpoko jarduera hauek, besteak beste, konfiantza ematen diote haurrari bere buruarengan, independentzia eta integrazio soziala bultzatzen dute eta ongizatea hobetzen, adituek diotenez.
Hori lortzeko, eskolen eta herrietako klub eta elkarteen arteko aliantzak indartu nahi ditu gobernuak, eta inbertsio ekonomikoa ere iragarri du
Hori lortzeko, eskolen eta herrietako klub eta elkarteen arteko aliantzak indartu nahi ditu gobernuak, eta inbertsio ekonomikoa ere iragarri du. Hain justu, ikastetxeek Ekintza Aberasgarri hauek denei eskaintzeko adina funts ekonomiko izango al duten da batzuek agertu duten kezka.
Ekintza hauek haurraren garapen integralean duten garrantzia jorratu genuen ARGIAn, Eskolaz kanpoko jarduerak, kohesio sozialerako aukera galdua erreportajean.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545