Abenduko elurra, gazta zaharraren pare.

Garde herrian intxaurrondoek izena dute

Garuna dirudi, bai, intxaur alearen mamiak. Garun bikoitza. Alearen edo garauaren barrukoari “intxaur-mami”, “intxaur-ister” eta “intxaurki” esaten zaio.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko irailaren 29a
Jakoba Errekondo Garden 4,14 metroko gerri-buelta duen intxaurrondoaren abaroan hitzaldia ematen.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Beno, hasteko argitu behar dut Juglans regia arbolari eta bere aleari “intxaurra” esango diogula gaur, bestela ez gara kabituko, baina izan zitekeen: Erronkaribarrean, intzagur, itzagur, itzigur, entzagur, entzuur, etsagur, etzagur eta Euskal Herriko beste txokoetan unsaur, untxaur, intzaur, inzaur, insaur, etsabur, etxagur, etxaur, etxabur, exabur, etzaur, eltzaur, intxoor, intxor, intxur, intsaur, intzagor, intzaor, itxaur,  itzaur, eta abar.

Garde, Erronkaribarreko Garde herria, ez dut aipatu zaharra txoko honetan. Gure intxaurrondorik handiena han bizi da: 19 metro garai, enborrak lur-mugan 5,7 metroko ipurdi-buelta eta 4,14ko gerri-buelta eta 30 x 24 metro koadroko itzala du. Ez dago arbolazulo izan beharrik, begi-bistakoa da zergatik izendatu zuten 1991n Nafarroako Monumentu Natural. Ez da bakarrik bizi, herrigunean beste 50 intxaurrondo bizilagun ditu. Intxaurrondo horiek gehienak herrian jaisten den Gardalar errekaren aldamenean eta horko zaltuetan bizi dira. 51 intxaurrondo eta herritarrak 131, gardarrak denak. 
 
Intxaurrondoak herri-lurretan bizi dira, eta ondoak edo arbolak herriarenak dira, baina intxaurrondoak ematen dituen aleak, fruituak etxe batenak dira. Intxaurrondo askok etxe baten izena du edo etxe horretako bizilagun batena; izan ere, etxe horrek du intxaurrondo horren fruituen gozamena; eta noski, norberarena nor den eta besteenak ere nortzuk diren beti gogoan. Izena duten intxaurrondoak: Pedro Manuel, Pasintxa, Mainate, Galetx, Juan Miguel, Txikin, Cesarea, Surio, Mantxo, Ezker, La Marca, Katalo, Esparz, Galan, Herrero, Viratx, Alguazil, Domeño, Juan Sanz, Ñarro, Santiago Aznarez. Auzoak egunero agurtzeko, izenez agurtzeko. Garuna behar du.

Duela hilabete egin dugu intxaurdi, intxausti, intxaurraga, intxaurtza berezi horren inguruko juntaizo bat. “Pedro Manuel intxaurrondoa” izena duen monumentuaren itzaletan herriaren erdia baino gehiago bildu, kanpotar batzuk ere bai, eta intxaurren inguruan aritu ginen. Bertako jende helduak izugarrizko jakingarriak azaldu eta zalantzen argibideak plazaratu zituzten. Denek elkar hartuta izugarrizko datu-basea dute. Garuna behar du.

Nik herriaren etorkizunaren ardatz gisa ikusten dut intxaurdia. Komunitate indartsu baten autoestimaren erregai eta buruerrespetuaren zutabe. Lehena Gardeko bizilagun guztien zaintza eta bizi kalitatea hobetzea da, bihankako zein sustraidun. Intxaurrondoak oinarri, herriko ekonomia susper daiteke: bertako intxaurra izendatu eta babestu, intxaurrak ekoitzi eta merkaturatu, intxaurrondoak ernatu eta txertatu eta saldu, intxaur-zura landu, intxaur hostoaren axotea koloregai edo tindugai gisa erabilitako oihalak eta arropa sortu, intxaurrondoen istorioa ezagutarazteko txoko bat sortu eta herritarrek lagun hartutako bisitak antolatu, intxaurrak garrantzia duen beste herri batzuekin senidetu –Melida eta Irantzu, Nafarroan bertan; Dordoina eskualde okzitaniarra…– eta abar. Badago zer egina, gogoa eta garuna behar da.

Auzoko Zaraitzuko bailarakoek esaten dutena gezurtatzeko: “Itzaur guti eta arroitu anitz”. Eta 1959an Kandido Izagirrek argitaratutako Erronkariko euskal ondakin batzuk testuetan jaso zuen esaerari kasu eginda: “Itzigur xatra”, gardarrak, goazen gozatzera!

AA ez, AE bai, Adimen Biologikoa
2026-07-27 | Jakoba Errekondo
Txakurrak? Noski! Behorrak? Bai! Zezenak? Nola ez ba! Arbolak eta barazkiak? Nola ba, txoratu egin al zara, ala! Gogoan al duzu 2020. urte txar hartan,... (+)
Arbolaren agoniaren distira
2026-07-20 | Jakoba Errekondo
Zisneak hiltzerakoan bere kantua erredoblatzen du”, itzuli zuen Aita Villasantek Axularren 1643ko Gero liburuaren 1964ko bertsioan. Ez dakit nola adieraziko zuketen ez batak ez besteak,... (+)
Beroari beroarena ezin kendu
2026-07-13 | Jakoba Errekondo
Zuhaitzak ere erretzen ari dira aurten. Bero latzak egin ditu ekainean, izugarriak. Eta hilaren amaierarako azaldu dira erremediorik gabeko hondamendiak: belazeak hori eta landare asko... (+)
Uztailean hurrengo uzta
2026-07-05 | Jakoba Errekondo
Uzta nagusia biltzen zen uztailean, hilabete horri izen hori jarri ziotenean. Lurra lantzearen kultura ikasi genuenean nagusiki lantzen ziren mozkinak urte sasoi horretan jasotzen ziren,... (+)
Euskal Herriko Makaronesia
2026-06-28 | Jakoba Errekondo
Auzune ederrean bizi gara etxekoak. Beheko errioaren inguruko erriberetan bizi diren batzuek inbidia punttuarekin esaten didate, "zuek bai han goi hartan, baratzea egiteko toki ezin... (+)
gora