Gauza guzia bere denboran, baba zabala abenduan

Aralarren hazitako moxal haragia

Amezketako Loidi baserrian sortutako proiektua da Aralareko, Uxue Artola Ansak eta Iosu Goñi Muruak bultzatua. “Familiako proiektua da gurea, moxal haragia lehenagotik ere ekoizten genuen, baina kanpora saltzen genuen, eta gauzak beste modu batean egiteko gogoz, bide berriak pentsatzen hasi ginen”, azaldu dio ARGIAri Artolak. Aldaketek sortu ohi duten beldurrari aurre egin, 2022an bizpahiru moxal jarri, eta proba moduan haragia zuzenean saltzeari ekin zioten. “Sorpresa handia hartu genuen, jendearen erantzuna ikaragarria izan baitzen, eta hasiera batean proba izan behar zuenarekin bai ala bai segitzeko beharra sentitu genuen”, dio.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2025eko irailaren 29a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Bai Artola eta bai Goñi baserrian hazitakoak dira, eta beti izan dute lehen sektorearekin harreman estua, baina Aralareko proiektua abiatu arte ez zuten ofizio izan baserria. “Behorrak beti egon dira baserrian, lehen Tolosako harategietara eramaten genituen moxalak”, gogoratu du. Salmenta zuzenarekin hasi zirenetik, ordea, afiziotik ofiziorako saltoa eman zuen eta honetan ari da buru belarri Artola. “Sasiardiak eta Euskal Herriko mendiko zaldi arraza ditugu. Bertako arrazak nahi genituen, hona ongi egokituak daudelako. Ardiak, dena den, lurren kudeaketarako ditugu bereziki, eta moxal haragia ekoizten dugu batik bat”.

Gipuzkoa aldean moxal haragia kontsumitzeko ohitura nahiko galduta dagoela dio abeltzainak, eta berriz ere berreskuratzeko bultzadan ari dira Loidi baserriko kideak. “Garai batean Tolosaldean baziren moxal haragia saltzen zuten dendak, baina itxi egin ziren eta ohitura galdu da”. Hala ere, proiektuaren sare sozialak zabaldu eta haragi loteak eskaintzen hasi bezain pronto jende askok idatzi zien, eta espero zutena baino interes handiagoa piztu zuen ekimenak. Zuzeneko salmentaren bidez, ekoizpenaren zati handiena loteetan saltzen dute, baina inguruko zenbait jatetxerekin ere –bertakoari eta ekologikoari garrantzia ematen dioten horiekin– elkarlana badute.

Behorrak, urte osoan kanpoan

Eredu ekologikoan ari dira Loidiko kideak hasieratik, eta ziurtapen prozesuan daude momentu honetan. Urte osoan kanpoan izaten dituzte abereak: “Udaberritik udazkenera mendian izaten dira, Aralarren; urri-azarotik otsailera Amezketako herri mendia erabiltzen dugu, eta otsaila-martxotik udaberrira, berriz, baserriko zelaietan egoten dira”. Abeltzaintza estentsiboa egiten dute, urtaroei eta zikloei erabat lotua.

Aziendak Oñatiko hiltegira eramaten dituzte, eta Amorebietan egiten dute zatikatzea. “Tolosakoa itxita dago, eta Amorebietako salak aukera gehiago ematen dizkigu zatikatzeko, hanburgesak eta horrelakoak egiteko. Baina, egia esan, mundiala litzateke Tolosaldean hiltegia berriz martxan jartzea, edo beste zerbait sortzea. Izan ere, Tolosaldean ekoizle asko ari gara salmenta zuzenarekin, eta kilometro asko egin behar izaten dugu".

Bulldozerrak Palestinako haziak suntsitzen
2025-09-22 | Garazi Zabaleta
Sarraskiak ez du etenik Palestinan, eta lurraldeko txoko guztietara hedatzen ari da. Uztailaren 31n, Hebrongo (Zisjordania) Hazien Bankuaren Ugalketarako Unitateari eraso zion Israelek; bulldozer eta... (+)
Iruñetik artzain eskolara, eta handik Otsagabira artaldea osatzera
2025-09-15 | Garazi Zabaleta
Artzain gisa hirugarren kanpaina du aurtengoa Koldo Vicente Eseberrik. Familia Otsagabikoa izan arren, Iruñean bizi izan zen txikitatik, baina abeltzaintzaren munduarekin harreman estua izan du... (+)
Lursail bakoitzak bere arnoa
2025-09-08 | Garazi Zabaleta
Irulegi eta Anhauze artean ditu mahastiak Joanes Haritschelharrek, Amama proiektuaren bultzatzaileak. “Mahastiak ene amarenak ziren, eta bera jubilatu zenean hartu nuen nik etxaldea, 2022an”, azaldu... (+)
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila
2025-09-01 | Garazi Zabaleta
Historikoki, artzaintzari eta abeltzaintzari guztiz lotuta egon den bailara da Erronkaribarrekoa, baina azken hamarkadetan nabarmen eraldatu da eta turismoa bihurtu da jarduera nagusia. “Ekonomia horrela... (+)
Aurtengo hamabi plazak
2025-07-28 | Garazi Zabaleta
Urtero bezala, aurtengoan ere martxan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Udako Azoka Ekologikoak. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak antolatzen ditu azokak, Gipuzkoako Biolurrekin, Bizkaiko... (+)
gora