Uzta, eraintzaren saria.

Solastalgiaz eta nostalgiaz

Glenn Albrecht filosofoak sortutako hitza da solastagia, naturaren hondamenak sortzen duen krisi existentziala izendatzeko. Erosotasuna eta minaren arteko konbinazioaren emaitza. Diotenez, solastalgiak errazago egiten du habia naturarekin harreman zuzena duenarengan. Lehen kolpean, ordea, minarekin dugun solasaldia etorri zitzaidan gogora. Nostalgiaren antza ere badu, baina hori atzerako ispiluari begira joatea da. Bien artean bizi gara.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2023ko uztailaren 05a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Nostalgia, Debagoienan. Trekutzetik behera hasten zarela, hor goi-tentsioko lineetako dorreak eta kableak alderik alde. Behe-lainorik ezean, Beasain-Durango autopistak erauzitako mendietan jartzen du azpimarra. Paraleloan, AHTren bideak agerian uzten du mendiaren odolustearen lorratza. Magal berean, urrunean, harrobia, eta parekoan eukaliptoak. Behean, zuloan, Antzuola.

Solastalgia, Urola aldean. Etxerako bidean Izarraitz dut iparrorratz; Izazpi, Oleta eta Samiño alboan ditut negarrez, ahotsak baserri gutxitan aditzen dituztelako, denak beldurrez. Kostarratzutik beherako aldapak eskuinera jotzen duenean, Aralar azaltzen zait urrutian, Pagotxeta eta Irimo artean, podiumean bezala: urrezkoa, bigarren mailakoa eta tertzerakoak.

Eta, antza, mailaketa tristean oinarritzen da suntsiketaren dosifikazioa: urrezko mailakoak ukiezinak dira –momentuz–, bigarrenekoak komenentzia politikoaren arabera, eta tertzerako entierrokoak sakrifikagarri ziurrak.

Pandemia aroan paradisua izan ziren paisaia xumeetako biztanleok kondenatu gaituzte osatzen gaituzten parajeekin minez, eta minaz, solastatzera; egunero. Batzuen erabakimenez –eta besteen konplizitatez–, egiten gaituzten paisaiek diren hori izateari utziko diotelako.

Dolua bazterretan. Elikatzen gaituen iturburura itzultzerik izango ez dugulako. Soroak betiereko beltzera kondenatu dituztelako, sasoiko kolore aldaketa debekatuz. Mendien siluetan sumatzen den etorkizunarekin amestu ezingo dugulako.

Eta ezin beste inora joan. Nola, bada, utzi bazter hauek, han ez izatekotan? Gehienok industrialde erraldoian bizi bitartean, gutxi batzuek izango dute, bai, urrutiko paradisua, munduan pertsona egiten duen sena elikatzeko.

Afera poetikoa dirudi, baina zer dago poesia baino haragizkoagorik? Zer, pertsonak egiten gaituzten paisaiak baino errealagorik? Zer gara elkarren isla besterik? Nork zehaztuko du megawatt balantzean, munduan pertsona izateko sena eta leku bat izatea zenbat megawatti dagokion?

Sen horrek, hain zuzen, garamatza gure tokia defenditzera. Solastalgiak gordetzen duen indarra daukagu, nostalgiaren besarkadan ez itotzeko.

Komunitateaz (eta III)
Komunitateari buruzko artikulu segida honekin hasi nintzenean, Antoine eta Antoine zeuden etxean, gazta-ganbara hutsik zegoen, hiltegirako bueltak asterokoak ziren eta hiru egunetik behin egiten genuen... (+)
Otero jaunari
Otero jauna, garai honetan artzain honek ez du tarte handirik izaten ezertarako, justuan ibiltzen naiz, baina gaurkoan ezin utzi erantzun gabe zure azken kolaborazioa. Izan... (+)
Komunitateaz (II)
Susmoa dut komunitatea hustuketa prozesu betean dagoela, eta beldur naiz, beste askori gertatu eran, mamirik gabeko bilgarri ez ote den bilakatuko, jada bilakatu ez bada.... (+)
Komunitateaz (I)
Konturatu orduko, 119 arkume jaio dira etxean, eta hamahiru ardi baino ez zaizkigu gelditzen erditzeko. Aurrerakoak diren urruxak jada izendatuta dauzkagu; horrek, inplizituki, esan nahi... (+)
Artile, karena eta oritza
Artiletan sustraitzeak ematen duen bakeak salbatzen nau maiz, kanpoko zein barruko ekaitzetatik. Artilea baino bakegile eraginkorragorik ez dut aurkitu inguruan. Bere indarra areagotzen da odola,... (+)
gora