Astelehenero 8:00etan zure epostan
Urduñako 2022-2042 Onura Publikoko Mendia Antolatzeko Planaren parte da ekintza, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren babesa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren laguntza jaso du.
Urduñan Baso Erresilentea proiektu pilotua jarri dute abian, sute-arriskua murrizteko eta lurzoruan karbonoa finkatzeko irtenbide naturaletan oinarritutako ekimena. Proiektuaren xede nagusia 109. mendiaren paisaia mosaiko itxurakoa bilakatzea da, horrela, erregenerazio naturala bultzatu eta baso-erregaien metaketa ahalik eta gehien txikitzeko.
Hori lortzeko, lau helburu definitu dituzte: alde batetik, sute-arriskua murriztea, mendia modu jasangarrian kudeatzearen ondorioz; bestalde, paisaiaren kalitatea hobetzea, eta itxura anitzago bat ematea. Era berean, mosaiko-paisaia berreskuratu nahi dute, baso, larre eta sastraka-eremuak konbinatzearen bidez. Azkenik, tokiko abeltzaintza-sektorearentzako aukera berriak sortzea dute xede.
Hainbat eragilek parte hartu dute Baso Erresilentearen garapenean, hala nola Urduñako abeltzaintzak eta Udala bera, Ekoizpen Urduña dinamizazio agroekologikoko zerbitzuaren bitartez. Horretaz gain, funtsezkoa izan da Errotuz erakunde teknikoaren laguntza, basoen kudeaketa jasangarrirako eta biodibertsitatearen kontserbaziorako ikerketa aplikatuan espezializatutako instituzioa baita.
Hasierako fasean, batez ere, oso garrantzitsua izan da tokiko abeltzaintza-sektorearen lana. Izan ere, haien abereek mendia garbitzen lagundu dute, eta ezinbesteko papera izan dute larreak berreskuratzeko orduan.
Baso Erresilentearen proiektu pilotu hau Urduñako 109. mendian jarri dute martxan, azken bi hamarkadetan bertan ganadurik egon ez denez, landarediaren metaketak sute-arrisku nabarmena baitzekarren.
Hala ere, suterik ez gertatzea ez da proiektuaren helburu bakarra. Oro har, mendi jasangarriagoak lortzea izango da xedea. Hortaz, 109. mendia aintzindaria izan bada ere, Urduñako Ondasun Publikoko beste mendi batzuetara zabaldu nahi dute dinamika etorkizunean.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545