Asteroko buletina
Maiatz lore, lore eta lore.

Artile, karena eta oritza

Artiletan sustraitzeak ematen duen bakeak salbatzen nau maiz, kanpoko zein barruko ekaitzetatik. Artilea baino bakegile eraginkorragorik ez dut aurkitu inguruan. Bere indarra areagotzen da odola, karena eta oritza tartean badaude; artilearekin batera haiek ere ehundu baitute egun ekaitz horietatik babesten nauen anoraka.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2025eko otsailaren 03a

Urtarrilaren 7an Biloria jaio izanak aurrera begira jarri ninduen, esperantzaz; hura babestu zuen karenak erakutsi zidan desio dudan mundu berri on horren lorratza.

Horrela ahaztu zitzaidan herrira joateko, seme-alaben opor garaian hainbestetan erabili dugun pistan, Pagamendi aldean, bota duten obra-hondakin pila. Han baten batek ondutako hondakindegia! Bideak dituen zuloak estaltzeko izango ote ziren hango adreilu, azulejo eta gainontzekoak; baina hilabete baino gehiago pasa ondoren, han topatu dute etxeren bateko pusketek atsedena.

Eskerrak Biloriak itxi egin zuen ziklo hura... Bai, jakina, barruan ere badira gorabeherak... Handik egun gutxitara, Luziri arkumea ito zitzaion, poltsan, eta gajoak egun batzuk pasa zituen karena osorik bota ezinda. Zorionez, beste asko etorri dira, tartean Serranillaren txikiak. Ez du meritu makala, bederatzi urte izanik, bikotea egin eta aurrera ongi ateratzea. Bere urruxa etxerako izango da, amaren xume bezain osasuntsu izan dezala bizitza luzea berak ere...

Dena den, artegitik ateratzea nahikoa da berriz ere kanpoko ekaitzen erasoak aurpegian sentitzeko. Oraingo honetan basurdeen lanak belardietan. Egunero-egunero opari bat: patata ereiteko aukera. Goldea pasako bagenu, ez genuke hain dotore utziko desiratzen ez dugun balizko patata-saila. Guk landatu berri ditugun sagarmin, haritz eta pago gazteak bidean topatzen badituzte, horiek ere errotik erauzten dituzte. Babeserako tutua jarrita, antza, ez zaizkie hain erakargarriak egiten. Belardietan, lurrak zuzendu eta berdintzeko denbora atera behar, ez dugun hori... Edozein kasutan, desmasiaren soluzioa ez dago baserritar arrunton esku. Beste batzuen teilatuan dago pilota, nahiz eta errebotean gure etxeak hondatzen dituzten, hemen eta han, bazterrik bazter, dabiltzan basurde saldoek.

Banator, berriz ere, babesera. Pekatsuren alaba urruxaz erditu da. Primi aharikoz. Hektor urruxaz, ohikoa duen patxada horrekin. Gorri-gorrik ere urruxa izan du, txikia bezain goxoa, ama bezalakoa. Egunak pasa dira jaio zenetik, eta oraindik laguntza behar du titiburua aurkitzeko, baina berdin dio, gogoko tokian aldaparik ez, eta gustura jaisten naiz hura edanaraztera, sekulako oparia baita euren intimitate horretan sartzeko irekitzen didaten atetxoa.

Nahiago egon oritzdun intimitate horretan mingain urdinaren balizko txertaketaren hodei beltzaren azpian baino. Urtarrilaren 15ean bukatzen zen derrigorrezko txertaketa epea, eta bezperan deitu ziguten etortzekoak zirela ardiak txertatzera. Atzeratzeko eskatu genion deitu zigunari, erditze garai betean garela; bektore lana egiten duen eltxoa zazpi gradu azpitik hiltzen dela, beraz, arriskurik ez... Esan genion esateko arduradunari guri deitzeko, eta geure egoeraren berri emango geniola.

Ardien marruek bahitzen gaituzte, eta hantxe gaude berriro, artile artean, karenak jasotzen eta arkumeek edan dutela ziurtatzen, arkumeek edan gabeko esneak jezten. Halaxe harrapatu gaitu Honoriren erditzeak, eta eguerdi aldean Anarirenak, belardian. Ahariko bana. Pena urruxak ez izatea...

Halere, ez dago modurik ardiek Pik utzitako hutsunea estaltzeko, ezta etxean geratzen diren txakurren presentziak ere, Ikatzek, bere antza duenez, akaso, disimulatuko du? Guk emetan irudikatu genuen eta bera hilda zegoen, baso baten pistan. Jada Xarpa xaharraren ondoan dago.
Epe motzean aurreikusitako 105 erditzeetatik, oraindik 59 geratzen zaizkigu. Balio dezatela horien karenek eta oritzek Piren heriotzak sortutako samina goxatzeko. Balio dezala gure ardien artileak orain ospelean bizi diren bihotzak epeltzeko.

Mundu berri onak
Gaizki erabilitako zorionak eta buklean errepikatutako urte berri on guztiak atzean utzita, berriz ere hasi da gurpila martxan –inoiz gelditu al da?– eta gu arnasa... (+)
Non dago herria?
Mikro eta makro kontzeptuen arteko muga lausoa da, eta elkarren arteko eragina lausoa izan arren, eragiten du. Baita gugan ere. Arazoa dator lainopeko itsutasunean asmatzen... (+)
Iragarkiak
Munduaren egoerak ez du gogo handirik pizten bere berri izateko. Niri, behintzat. Ez dakit adina den edo darion kiratsak moteldu ote duen berarekiko jakin-mina. Jakin... (+)
Harreman toxikoez
Harreman bertikal eta asimetrikoen adibideak asko dira, eta beti ez zaigu rol bera egokitzen. Horrela, zenbaitetan, batzuek erabakitzen dute eta erabakitakoa gauza dadin lan egingo... (+)
Lantokietako isilpeko doluaz
Hau irakurtzen duzunerako, ez dakit zenbat herri izango ditudan bihotzean eta zenbat gogoeta buruan. Idatzi hau bidali baino lehen, izan naiz Arantzan, Tolosan, Elgoibarren eta... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora