kuku miku txoriak umeak sasian ditu

Komunitateaz (eta III)

Komunitateari buruzko artikulu segida honekin hasi nintzenean, Antoine eta Antoine zeuden etxean, gazta-ganbara hutsik zegoen, hiltegirako bueltak asterokoak ziren eta hiru egunetik behin egiten genuen gazta. Hau idazten hasi naizenerako, Picardieko lagunak jaioterrira joan ziren eta Mallorcakoari egin zioten lekua, Zubillagako hiltegira oso tartean behin joaten gara –astelehenean izango da azkenetariko bidaia– eta jada bi egunetik behin gasnatzen dugu.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2025eko apirilaren 07a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Handik hona komunitatearen itsaso handian egin dut igeri; batzuetan itomen sentsazio bizi-bizia izan da, eskerrak ondorengo barealdiei... Gaurkoan bukaera eman nahiko nioke bildumari, baina ziur naiz, atzera ere, korronteak eramango nauela.

Hona heldu baino lehen, ez dakit zehazki noiz eta non, bururatu zitzaidan, agian, idatzi sorta hau izan dela lehenengoan idaztera ausartu ez nintzen hartara heltzeko itsasaldia. Gerturatze xume bat baino ez, komunitatearen muinean lurreratzeko.

Definizio holistiko hartan basoaren funtzionamendua ikusten nuen nik: hainbat espeziek osatzen duten ekosisteman, bakoitzaren ekarpenak eragin zuzena du kideengan eta komunitatean bere osotasunean. Halaxe, nahikoa da liken mota jakin batean aldaketa bat gertatzea edo komunitatetik desagertzea, kateamendua martxan jartzeko eta ekosistema bestelakotzeko.

Urteak dira mugimendu sozialetan nabilela eta era guztietako ekosistemak ikusi eta bizi izan ditut. Bertan egokitu diren bizipenetan denetarik dago, garratza eta gozoa, eta biek ala biek eman diote komunitate horri etorkizunerako leihoa.

Zirt edo zart egiteko une jakin batean, lasaigarria bezain aberasgarria da pentsatzea, ikuspegi ezberdina izan arren, bestea ere komunitate horren hobe beharrez ari dela. Beste abiapuntu batetik, beste ñabardura batzuekin, baina betiere uste duen hori onena delakoan.

Distantzia laburrean, izpiritu komunitarioa mantentzea, hainbatetan erraza izan ez arren, egingarria dela esango nuke, ezberdinarengan ere konfiantza izatean datza. Ez da kontu bera gertatzen, ordea, komunitatearen esparrua zabaltzen denean, inoiz aurrez aurre izan ez duzun horrekiko konfiantza izatea. Besteak beste, maiz komunitate sare horretan zuretzat ikusezinak diren hariak eta jostunak daudelako, eta diseinu osoaren berri ez duzulako.

Eta komunitatearen azken diseinu horren argazkirik gabe, zer zentzu du zure jostun lanak? Beharbada, puntadak, nahi gabe, toki okerrean ematen ari zara, eta konturatu orduko, komunitateak ez du burua nondik atera, hori ere ongi baino hobeto josi duzulako.

Tamalez, egoera ez da komunitate zabal horretan bakarrik ematen. Okerrena da arnastea bezain natural hartzen ditugula informazioaren kudeaketa lausoa eta dakartzan ondorioak; besteak beste, hori delako jasotako erreferentzia eta eredu ia bakarra.

Nire iritziz, mugimendu sozialetan, berariaz dagokigun funtzio horretaz gain –euskara, eskubideak, feminismoa, ekologismoa...–, atentzio handia jarri beharko genuke gure barne dinamiketan. Izan ere, deskuiduan, jendartetik kritikatu eta ezabatu nahi ditugun eredu bertikal horiek, gu geu errepikatzen ari gara.

Gure obligazioa da izango den jendarte berdinzaleagoaren haziak ereitea. Eraldaketa sakonerako mintegiak behar ditugu komunitate txiki zein zabaletan, bizi gaituen eta bizi dugun krisi anitzari alternatibak sortzeko eta lantzen jarraitzeko. Harremanak beste ardatz batzuetatik eraikitzeak dakarren lan pertsonal guztiarekin.

Uste dut eguneroko praktiketatik sortu behar dugula basoa, plantazioko kriptomeriak edo eukaliptoak izan nahi ez badugu. Basoa izateak dakarren guztiarekin: inoren bizkar utzi gabe, nork bere lana egitea komunitatearen hobe beharrez, jakinda basoaren ongizatean datzala norberarena eta, ahaztu gabe, nekatuta gaudenean, komunitatean atseden hartzeko modua izango dugula.
Udaberria bertan dela aprobetxatuta, arrasean moztuko ez gaituztelakoan, jarrai dezagun baso anitza eta bizigarria osatzen, elkarrekin.

Otero jaunari
Otero jauna, garai honetan artzain honek ez du tarte handirik izaten ezertarako, justuan ibiltzen naiz, baina gaurkoan ezin utzi erantzun gabe zure azken kolaborazioa. Izan... (+)
Komunitateaz (II)
Susmoa dut komunitatea hustuketa prozesu betean dagoela, eta beldur naiz, beste askori gertatu eran, mamirik gabeko bilgarri ez ote den bilakatuko, jada bilakatu ez bada.... (+)
Komunitateaz (I)
Konturatu orduko, 119 arkume jaio dira etxean, eta hamahiru ardi baino ez zaizkigu gelditzen erditzeko. Aurrerakoak diren urruxak jada izendatuta dauzkagu; horrek, inplizituki, esan nahi... (+)
Artile, karena eta oritza
Artiletan sustraitzeak ematen duen bakeak salbatzen nau maiz, kanpoko zein barruko ekaitzetatik. Artilea baino bakegile eraginkorragorik ez dut aurkitu inguruan. Bere indarra areagotzen da odola,... (+)
Mundu berri onak
Gaizki erabilitako zorionak eta buklean errepikatutako urte berri on guztiak atzean utzita, berriz ere hasi da gurpila martxan –inoiz gelditu al da?– eta gu arnasa... (+)
gora