Martxoan laino noraino, apirilean elurra haraino.

Otero jaunari

Otero jauna, garai honetan artzain honek ez du tarte handirik izaten ezertarako, justuan ibiltzen naiz, baina gaurkoan ezin utzi erantzun gabe zure azken kolaborazioa. Izan ere, sortu didan egonezinak pisua du. Haserrea ere astuna egiten zait. Ez pentsatu, ordea, dela zenbait iritzi kontrajarri ditugulako, inondik inora. Egonezina eta haserrea piztu dizkidate testuan zehar usaintzen diren gutxiespen tonuek eta espresioek.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2025eko martxoaren 19a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Lehen sorpresa dator lehen paragrafoaren azken esaldian: “Futbolean gertatu ohi den moduan, guztiok dugu entrenatzaile bat gure baitan, zer arraio!”. Horrekin zer azaldu nahi zenuen ez dakit; baina “futbol-entrenatzaile” senari darion gutxiespen tonua argi jaso dut, nire motzean.

Eta harritu egin nau, Otero jauna; hainbatetan azaldu duzun jarrera ulerkor eta gertuko horretatik oso urrun gelditu delako. Uste nuen ezkerreko ikuspegi batetik pozgarria beharko lukeela izan herritarrak elkartzeak eta euren burua antolatzeak informazioa jasotzeko. Adi: informazioa, ez marketina edota txerpolarien diskurtsoa. Eta zientziak ematen duen objektibotasunaren bila jotzen dute ezagutza dutenengana, izan zientzialariak, abokatuak, pentsalariak... baita energiaren alorrean interes profesionalak dituzten pertsonengana ere, Otero jauna.

Poetaren galdera emango du hurrengoak –baina maiz galdera sinpleen atzean ezkutatzen da ernamuina–: zergatik antolatzen dira han eta hemen horrelako hitzaldi, mahai-inguru eta abarrak?

Artzainaren erantzuna ere soila da, xinplea, agian: informazio eta formazio beharra dutelako. Gehiengo batek bere burua galduta ikusiko duelako, babesgabe, haizeak nondik jotzen dion arrastorik gabe. Beste batzuk engainatuta sentitzen direlako. Beharbada, batzuek eta besteek argi ikusten dute makroproiektuen uholdeak zuzenean talka egiten duela naturaren eta bizitzaren kontserbazioaren kontra; eta inor eta ezer gehiago puskatzen hasi baino lehen –han, urrunean, eta hemen, herri bueltan– jakin nahi dutelako nork, norentzat, zertarako, zergatik.

Ez al da burujabetza informazio osatuena izatetik hasten, Otero jauna, erabaki ahalik eta zentzudunenak hartu ahal izateko? Ez al da informazioa herritar ororen oinarrizko eskubidea? Ez al zara zu zeu ere ibili herriz herri zuen koalizioaren Energia Estrategia azaltzen, hasieran publiko orokorrarentzat eta gerora koalizioko kideentzat soilik?

Bigarren paragrafoari eman diozun bukaerak zapore are garratzagoa utzi dit: “Brotxa lodi asko azterketa finak behar diren lekuan”.

Zergatik gutxietsi herritarren informazio eskaerari baiezkoa ematen dioten adituen azalpenak? Bost urte pasa dira pandemiatik, eta jada ahaztu al zaigu zer garrantzitsua den datu zehatzen testuinguruaren kokapena izatea eta jasotzen dugun informazioari buruzko ikuspegi kritikoa osatzea?

"Otero jauna, zuk nik bezain ongi dakizu datu zehatzetara joateak ez duela ziurtatzen paradigmaren objektibotasuna"

Otero jauna, zuk nik bezain ongi dakizu datu zehatzetara joateak ez duela ziurtatzen paradigmaren objektibotasuna. Zuk, nik bezala, jakin badakizu datuen inguruan egiten diren interpretazioek eta irakurketek guztiz baldintza dezaketela datuen baliozkotasuna. Datuek, berez, ez dute ezer esaten markoetatik kanpo eta markoek ezartzen dituzten ñabardurarik gabe. Zuk brotxa lodia deitzen duzun horrek berebiziko garrantzia du, gainean dugun tsunamia ulertzen laguntzen duelako, besteak beste.

Azken paragrafoaren bukaerak dena erre du: “ `Agian, giza garapen indizea neurtu ordez, hipokrisia indizea neurtzen hasi beharko genuke´ .To!”.

Otero jauna, zure baimenarekin, utziko dut zure azken hori erantzun gabe. Neure buruari eta etxe honi diedan errespetuagatik.

Eta bai, Otero jauna, herritarrok jarraituko dugu informazioa bilatzen, adituak gonbidatzen eta entzuten. Ez soilik horren beharra dugulako, baita gure eskubidea ere badelako.

Eta gogoa ematen digulako.

Josebe Blanco

Arnasa
Uste dut behin edo behin idatzi dudala hemen planetaren mugak gainditzearen ondorioei buruz. Behin baino gehiagotan idatziko nuen ondorio horien egitateak lurrarekin eta animaliekin bizi... (+)
Ekaitzaren erdian
Pasa den astean lurraren eta uraren defentsan ari zen Hego Amerikako emakume bati entzundakoak argitu zidan kopeta. Ekaitzez eta babeslekuez ari zen. Berak Txiapaseko beste... (+)
Gaur geure eguna baita
Batzuontzat ikusezintasuna ez da berria. Edozein mailatan, edozein esparrutan. Ikusezinak gara. Asko jota, pasa gaitezke ikusezinak izatetik itzalak izatera. Zorionekoak, hazpegiak antzemanez gero. Askori egingo... (+)
Suteak
Dei batek dena alda dezake. Eguna bai, bederen. Hurrengo orduetako martxa, sikiera. Ourensen dagoen lagunak jasotzen du Noainen dagoen Lugoko lagunaren deia. Dei bakar batek... (+)
Mingain urdina
Odolustea uztailaren 10ean hasi zen. Hamar buru hil zaizkigu harrezkero: hazarkume bat, ahari bat eta zortzi ardi. Odol analisiek baieztatu dute mingain urdinaren gaitzaren ondoriozko... (+)
gora