San Bizente hotza, neguaren bihotza.

Solariak Araban egin nahi dituen eguzki-zentralak 25 dira, ez hiru

Eusko Jaurlaritzako datuen arabera, Solaria Eguzki Sorkuntza SLU-k Araban eguzki-zentralak jartzeko egin dituen eskaerak 25 dira, hamabi herriri eragiten diotenak. Horietatik 24 dira 49,89 MW-ko potentzia edo gehiagokoak: denen artean 1.234 MW baino gehiago batuko lituzkete eta 3.455 hektarea lur baino gehiago estaliko lituzkete Gasteiz, Gorbeialdea eta Añana eskualdeetan. Argindar hori Bizkaira eramateko asmoa du Solariak, horretarako 100 kilometrotik gorako goi tentsioko linea eraikita. Hamasei elkartek manifestazioa deitu dute urriaren 26rako, Gasteizen.


2024ko abuztuaren 29a
Erriberabeitian 2020tik dagoen eguzki-zentral honek 55 hektarea hartzen ditu eta EAEko handiena da. Ia hiru bider handiagoa izango da Solariak eraiki nahi dituen 25 zentraletako bakoitza. Argazkia: krean.com
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Orain arte Solariak Araban aurkeztu dituen hiru eguzki-zentral proiektu aipatu dira hedabideetan: Zierbena Solar 2, 3 eta 4. Gasteizen, Zigoitian eta Erriberabeitian-Armiñonen eraiki nahi dituenak eta Zierbenako (Bizkaia) azpiestazioarekin lotzeko 100 kilometro baino gehiagoko goi tentsioko linea egitea aurreikusten duena. Hauetako bakoitza 49,89 MW-ko potentziakoa litzateke.

Zertxobait handiagoak dira, bakoitza 49,895 MW-koak, Solariak Jaurlaritzan aurkeztu dituen beste 21 proiektu, guztiak “Zierbena Solar” izena daramatela dagokien zenbakiaren aurretik. Eta bada proiektu txikixeago bat, 36,99 MWkoa.  PPko legebiltzarkide Ana Morales Peralek egindako informazio eskaerari erantzunez eman zuen honen berri Mikel Jauregi Letamendiak, Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasun kontseilariak, uztailaren 30ean. Jaurlaritzaren datuon arabera, 25 proiektuak egoera berean daude, “tramitazioan”.

Guztira 3.455 hektarea baino gehiago

Zenbateko eremua hartuko luke Solariak Araban egin nahi dituen 25 proiektu hauetako bakoitzak? Adibidetzat hartu dugu Erriberabeitia-Armiñonen eraiki nahi duen Zierbena Solar 2 proiektua, berau ikusgai baitago apirilaren 22ko datarekin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA):  143,97 hektarea izatea dago aurreikusia (49,89 MW-ko potentzia luke). 25 proiektutik 24k potentzia hori bera edo zertxobait handiagoa izango dutenez, guztien artean 3.455 hektarea baino gehiago estaliko dituztela espero daiteke.

Hamabi herritako lurrak

Arabako hiru eskualderi eragingo diote Solariaren 25 proiektu hauek: Añana, Gorbeialdea eta Gasteizi. Hamabi hiri eta herritako lurrak dira Solariak eguzki-zentralez estali nahi dituenak, zehazki jarraian aipatuko ditugunak.

Gasteiz: bertan zazpi proiektu lurreratu nahi ditu (Zierbena Solar 1, 4, 5, 22, 23, 24 eta 29, azken proiektu hau besteak baino txikixeagoa dena, 36,99 MWkoa).

Gorbeialdea eskualdean Zigoitia (hiru proiektu: Zierbena Solar 1, 3 eta 25) eta Arratzua-Ubarrundia (bi proiektu: Zierbena Solar 1 eta 22).

Añana eskualdean Gaubea (lau proiektu: Zierbena Solar 8, 9, 10, 12), Erriberagoitia (lau proiektu: Zierbena Solar 6, 7, 11 eta 18), Armiñon (lau proiektu: Zierbena Solar 2, 11, 15 eta 17), Lantaron (hiru proiektu: Zierbena Solar 9, 10 eta 13), Berantevilla (hiru proiektu: Zierbena Solar 15, 19 eta 21), Zambrana (hiru proiektu: Zierbena Solar 16, 19 eta 21), Iruña Oka (bi proiektu: Zierbena Solar 5 eta 18), Erriberabeitia eta Kuartango.

Eguzki-zentral hauen aurkako ekimenak

Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiak hedabideen aurrean zalantzan jarri zuen maiatzean orduan aipagai ziren Solariaren hiru proiektuen egokitasuna: argudiatu zuen ez duela zentzurik energia Araban ekoitzi eta Bizkaian kontsumitzeak, bioaniztasunari beharrezkoa ez den kaltea eragingo diolakoan.

Uztailean hainbat udalek alegazioak aurkeztu zituzten: Amurrio, Zuia, Aiara, Abanto, Galdames, Gordexola eta Zierbenakoak. Erriberabeitiko Udalak mozio bat onartu zuen, balio estrategiko handiko lurretan berriztagarrien azpiegitura handiak ezartzearen kontra.  

Uztailaren 10ean 50.000 alegazio baino gehiago aurkeztu zizkieten hamasei elkartek Zierbena Solar 2, 3 eta 4 proiektuei. Elkarteen artean daude Araba Bizirik, Arabako Mendiak Aske, AHTrik Ez, eta UAGA. Eta urriaren 26rako manifestazioa deitu dute Gasteizen, “erokeria gelditzeko”.

Argindarra Arabatik Bizkaira eramateko goi tentsioko linearen aurka alegazioak aurkeztu ditu Lurra sareak berriki. Iñaut Mataukok uztailaren 28an Berrian azaldu duenez, Zierbena Solar 1 proiektuari jarri dizkiote alegazioak, eta salatu dute “lege iruzurra” egin duela Solariak, argindarra garraiatzeko linearen %8,5 soilik aztertzeagatik eta ebakuazio linea gisa tramitatzeagatik Lurra sarearen ustez garraio linea bat dena.

"Fruta arbolak bermatzen du zer jana izango dugula"
2025-12-01 | Estitxu Eizagirre
Bertsoak, azalpenak, ilustrazioak eta umorea uztartu zituzten Jakoba Errekondok, Antton Olariaga eta Maddalen Arzallusek Biriatun, III. Arbolaren Bestan, 2026ko Ilargia eta Landareak agenda aurkezteko ekitaldi... (+)
Azaroaren 29an Biriatun fruta arbolen ekitaldi berezia
2025-11-28 | Estitxu Eizagirre
Arbolaren Bestaren hirugarren edizioa izango da azaroaren 29an Biriatun. Tokiko arbola, fruitu arbola eta landare ekoizle txikien merkatua izango da egunaren ardatza. Horrez gain, hainbat ekimen... (+)
Laborantza eta Iparraldea, aurtengo saridunetan nabarmenduak
2025-11-27 | Estitxu Eizagirre
37. Rikardo Arregi Kazetaritza sariak banatu dituzte azaroaren 26an Andoainen. Jakoba Errekondok jaso du Ohorezko Mugarria saria, Euskadi Irratian eta ARGIAn baratzeari buruz urteetan egindako... (+)
Utzi izaten, utzi pasatzen
2025-11-23 | Estitxu Eizagirre
Norberaren inguruko mendietan haize errotak jarri behar diren edo biodibertsitatearen mesedetan bakean utzi behar diren, horra egungo dilema. Lurraldea enpresa multinazionalek, edo aitzitik, naturak okupatuko... (+)
Bermeo, Meñaka eta Arrietako landa-guneetatik 500 metrora egin nahi duten Sollube-gane proiektu eolikoaren aurkako alegazioak aurkeztu dituzte
2025-11-11 | Estitxu Eizagirre
Sos Sollube herri-plataformak Sollube-gane proiektu eolikoaren aurkako 3.000 herri alegaziotik gora aurkeztu ditu azaroaren 10ean Bilbon, Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzaren aurrean. Grupo Arena enpresak... (+)
gora