Azila hotz, negua motz; azila bero, begua gero.

Sitsak munduko ezpel baso handiena suntsitu ez dezan

Pirinioetan dago ezpel basatien munduko eremurik handiena, eta hain zuzen Nafarroako Pirinioan, Abaurregainan, sortu zuten 2020an Ezpelzaintza 2050 egitasmoa. Cydalima perspectalis sitsa hondamendi handia eragiten ari da ezpeldietan azken urteotan, eta espeziea babesteko eta mantentzeko lanetan ari dira proiektuko kideak. “2019an izan genuen Nafarroan ezpela suntsitzen ari zen sits izurritearen berri, baina altitudeagatik, oraindik ez zen gurera iritsi. Bagenekien hona ere ailegatuko zela, eta beraz, gure basoak oraindik osasuntsu zeudela aprobetxatuz, ezpel haziak biltzeari ekin genion”, azaldu du Nayara Tanit Ibañez San Millanek, proiektuko kideak. 

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2025eko maiatzaren 19a
Beldarrak harrapatzeko tranpa.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Bi ezpel mota daudela azaldu du Ibañezek: basatia eta apaingarria. “Pirinioetatik Alpeen hegoalderaino doa munduko ezpel baso zabalena; bertako ezpela da, basatia. Baina, basoetan ez ezik, hirietako lorategietan, biribilguneetan, parkeetan eta bestelakoetan ere ugaria da, kasu horretan, apaingarri gisa erabiltzen den mota”, dio. Hain zuzen, ezpel apaingarri horietan dago hondamendia eragiten ari den sitsaren jatorria. “Kasu askotan urrunetik ekarritakoak dira lorategietako ezpelak, eta kanpoko gaixotasun eta izurriteak ekar ditzakete, ezpel horietatik basatietara pasatzen direnak”, gehitu du.

Abaurregainan 2020an hasi ziren ezpela babesteko ekimenak antolatzen, eta besteak beste, ezpelaren hazi-bankua osatzeko egitasmoa egin zuten herrian. “Herritarren parte-hartzearekin lortu genuen hazi-bankua osatzea. Taldetan ateratzen ziren ezpelaren fruituak biltzera”, dio Ibañezek. Urte horretan ohartu ziren sitsa iritsia zela inguru horretara ere, eta 2021erako izurritea zabaldua zegoen. “Orduan erabaki genuen formalki Ezpelzaintza 2050 elkartea sortzea”, gehitu du.  

Bazkideen ekarpenekin, espeziea babesteko ekimenak

Herrialde Katalanetan badira ezpelaren babeserako hainbat talde, basoak fumigatuta eta bestelako ekimenekin espeziearen babes lana egiten ari direnak, baina bestelako bidea hartu du Nafarroako proiektuak. “Arazoaren muinera jo nahi dugu guk, eta zein da arazoaren muina? Ezpelaren merkataritza, eta izurritea eragin duen sits espezie inbaditzaile exotikoa”, dio. Izurriteaz asko hitz egiten bada ere, Espainiako estatuko legeak ez du sitsa espezie inbaditzaileen katalogoan sartua, eta hori aldatzeko eskaera egin zuen elkarteak 2021ean.

Horrez gain, ezpelaren babeserako bestelako ekimenak ere abiatu dituzte: hazi-bankua hedatzea, sitsa harrapatzeko tranpak jartzea, zuhaitzak geolokalizatzeko "ezpel-bilatzailea" tresna sortzea, beldarrak harrapatzeko tailerrak, ezpelari lotutako ondare immaterialaren bilketa…  “Alemanian hamar urtetan ezpel-basoen %98 galdu da, oso azkar ugaltzen baita beldarra”, azaldu du. 2050. urtean bertako ezpel basoak galduta egon ez daitezen lanean segitzeko konpromisoa du elkarteak, eta kideak nabarmendu duenez, bazkideen ekarpenak ezinbestekoak dira bide horretan. ezpelzaintza.org webgunean dago informazio guztia eta bertan eman dakioke babesa proiektuari.

“Baratzegintzarako lurra xerkatzea izan da zailena, baina azkenean lortu genuen”
2026-03-16 | Garazi Zabaleta
Behauzeko (Nafarroa Beherea) Isakenia etxaldean hazia da Amaia Elichiry laboraria, eta umetatik izan du laborari munduarekin lotura estua. “Gurasoak ahuntz hazleak ziren, laborantza biologikoan, eta... (+)
Baratzegintza agroekologikoa, garapen pertsonal eta sozialerako
2026-03-09 | Garazi Zabaleta
Iruñeko Aranzadi parkean, Arga ibaiaren ondoko baratze gunean du proiektua Elkarkide fundazioak. Zentro okupazional gisa funtzionatzen du baratzeak, eta buruko gaixotasunak dituzten pertsonek egiten dute... (+)
Haragi-zirkuitu propioa sortzeko proiektua martxan
2026-03-02 | Garazi Zabaleta
Oiartzun Burujabe prozesuaren baitan, herriko haragi-zirkuitu propioa martxan jartzeko lanean aritu dira azken urteetan Elikadura Mahaitik. Labore Oarsoko kideek, herriko ekoizleek eta udal eta landa... (+)
Garoa, jendartea eraldatzeko gune berria Mungia erdian
2026-02-23 | Garazi Zabaleta
2007an sortu zuen Butroi Bizirik elkartea ingurumenaz arduratuta zegoen Mungialdeko herritar talde batek, eta 2013an erantsi zioten "Trantsizioan" hitza izenari. “Rob Hopkins ekintzaile eta idazlea... (+)
Nekazarien iragarritako heriotzaren kronika
2026-02-22 | Garazi Zabaleta
Europa-Mercosur akordioa gauzatzeko arriskua mahai gainean den honetan, Europa berriz ere bidegurutzean da: tokiko elikadura sistemak indartzearen alde egin, edo elikagaiak mundu globalizatuko negozioetarako merkantzia... (+)
gora