Asteroko buletina
Azatxoak azatuko dituk

Prozesionaria jalea

Esaera asko sortu ditu hegazti honek. Ikusteko zaila den arren, denok ezagutzen dugu. Nola? Kantuagatik. Bere izena kantu egiteko erak eman diola pentsa dezakegu. Urtero kantatzen du udaberrian eta uda partera aldiz, isildu egiten da. Esaerak dioenez, “maiatzean kuku, San Pedrotan mutu”. Nola ez, kukuaz ari gara!

Nerea  Pagaldai Agiriano
Nerea Pagaldai Agiriano

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2024ko apirilaren 14a
Argazkia: Andy Morffew.
Kukua (Cuculus canorus)

Taldea: Ornoduna / Hegaztia.

Neurria: Mokotik-isatsera 32-36 cm. Hego-luzera 54-60 cm.

Non bizi da? Basoetan.

Zer jaten du? Intsektuak, beldarrak batez ere.

Babes maila: Europa mailan babestuta dago.

Euskal Herriko leku gehienetan kuku edo kükü bezala ezaguna den hegazti hau, Araban peku bezala ere ezagutzen dute. Kukua bere ugaltzeko eragatik ere bada ezaguna, jakina baita ez dituela bere txitak hazten. Kuku emeak beste txori espezie baten habian erruten du arrautza, ondoren, ostalari den txori bikoteak bere txita haz dezan. Txantxangorria, lezkaria edo txepetxa izan daitezke kukuaren ostalariak, besteak beste. Baina, nola da posible txori horiek kukuaren arrautza infiltratua ez antzematea? Ba hara, kuku emeak espezializatu egiten dira txori mota horien moduko arrautzak egiten. Gainera, normalean espezie beraren habiak erabiliko ditu. Espezializazio hori genetikoa omen da eta txantxangorriek hazitako kukuak, heldua denean, txantxangorrien habietan jarriko du arrautza. Hori gutxi ez, eta kukuaren txita beste arrautzak baino lehenago jaiotzen da eta beste arrautzak edo txitak botatzen ditu habiatik. Horrela, habiako txita bakarra izango da, adopzio-gurasoek ekartzen duten janari guztia berarentzat izango da.

Esaeretara itzulita, zergatik egiten du maiatzean kuku? Ez al dugu urtean zehar entzuten zozoak edo txantxangorriak bezala? Ez, kukua migratzailea delako, hau da, negua Afrikan igarotzen du eta udaberrian etortzen da gurera umatzera. Honegatik entzuten dugu lehen aldiz garai honetan, hona heldu bezain laster bikote bila kantuan hasten delako.

Kukuaren lehen kantua diruarekin lotu izan dugu: baserrietan negua pasatu ondoren, kukua entzutean oraindik patrikan dirua geratuz gero, seinale ona baitzen. Norbait diruz larri denean ere, “kukuak oker jo dio” esaten da. Eta are larriago denean: “Hurrengo kukua ez du horrek entzungo!”. Beraz, adi ibili! Orain ari baitira kukuak gurera heltzen.

Umatu ondoren, udazkenean berriro egiten du martxa Afrikara, negua pasatzera. Eta gezurra badirudi ere, bai heldu zein gazteek Mediterraneo itsasoa edo Saharako basamortua gainditu ahal izateko 3.000-4.000 kilometro egin ditzakete hegan, gelditu gabe! Horiek gainditu ostean, Sahel inguruan geratuko dira hilabete inguru, indarrak berreskuratzeko eta negua pasatuko duten inguruetara abiatzeko. Negua Nigeria, Kamerun, Kongo edo Angola inguruan pasatzen dute.

Kukua intsektujalea da, hau da, kakalardoak, matxinsaltoak, kilkerrak, zizareak eta abar jaten ditu. Baina beldarrak ditu gustukoen, substantzia toxiko edo ile erresumingarriak dituztenak barne, adibidez, prozesionaria edo pinu-beldarra bezala ezagutzen duguna. Beraz, gure pinudietan hain ugaria den beldar horren kontrol biologikoa egiten du kukuak. Beste espezie askorentzat bezala, kukuaren kontserbaziorako habitata eraldatzea eta intentsifikazioa kalte izan daitezke. Sahara hegoaldeko lehorteek ere izango dute eragina. Baina espezie honentzako arazo handia aldaketa klimatikoa da, kukuaren eta bere ostalari diren espezieen errute garaiak aldatzen direlako, eta horiek bat ez etortzeko arriskua dago.

Basoko ehiztaria
Gaua da. Zuhaitzetan geratzen diren hosto gutxien artetik igarotzen da ilargiaren argia. Isiltasuna da nagusi. Txoriak sasi artean daude, babestuta lo, lo-edo. Baina bat batean... (+)
Pase garaiko protagonista
Ürx’aphal bat badügü herrian trixterik, Nigarrez ari düzü kaloian barnetik, Bere lagün maitiaz beit’izan ützirik: Kuntsola ezazie, ziek adixkidik. (+)
Landazabaleko buruhandia
Hegazti buruhandia dugu hau, baina ez egoskorra delako, baizik eta fisikoki buru handia duelako. Horregatik da ezaguna hegazti hau, euskaraz erabiltzen diren izen askok bere... (+)
Bustitzen ez den arranoa
Ur azaletik gertu dabiltza arrainak igerian. Zerbait uretarantz gerturatzen ari da, hegan: arrano bat dator, bere atzaparrak aurrerantz luzatuta eta zaplast! Uretan sartu da, bete... (+)
Udan datorren buztingilea
Hego luze eta zorrotzak eta v formako urkila-itxuradun buztana duen hegazti hau ikustean badakigu Euskal Herrira uda heltzear dagoela. Bizkarraldea eta buztana beltzak ditu, distira... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora