Asteroko buletina
Sabel hutsa, zorri toki, sabel betea simaurtegi.

Porrua eta eulia, neguko urdinaren porrota

Porruaren kolore urdina nabarmen agertzen da neguak gorritutako paisaian. Urdinezko olatuen itsasoak dira porru sailak. Behazunduta dabil, baina, azken urte hauetan porruzaintzaile jendea. Aspaldi arerio zuten sits bat (Acrolepiopsis assectella), zeinak hostoetan arrautza jarri eta handik sortzen zen harrak goitik behera jan eta zulatzen duen porruaren mamia. Azken urte hauetan euli petral batek kendu nahi die loa: Phytomyza gymnostoma.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2022ko abenduaren 06a

Atentzioa emango du negu parte honetan porrurik ez duen baratzeak. Porrua (Allium porrum) eta aza jendea (Brassica spp.) dira neguko barazkien erreginak. Bestelakorik ere topatuko duzu, haien abarora hurbildu nahian: besteak beste, baratxuria (Allium sativum), eskarola (Cichorium endivia), zerba (Beta vulgaris var. cicla), erremolatxa (Beta vulgaris subsp. conditiva), ziazerba (Espinacia oleracea), txikoria (Cichorium intybus), tipula (Allium cepa), errukulak (Eruca vesicaria var. sativa eta Diplotaxis tenuifolia), kardua (Cynara cardunculus), orburua (Cynara cardunculus var. scolymus), mihilua (Foeniculum vulgare), errefaua (Raphanus sativus), morroina edo borraja (Borago officinalis), Daikon arbi zuria (Raphanus sativus), azenarioa (Daucus carota subsp. sativus) arbi-apioa (Apium graveolens var. rapaceum) eta apioa (Apium graveolens var. dulce). Neguan eguna luzatu ahala barazkien plazara azalduko dira zainzuria (Asparagus officinalis), ilarra (Pisum sativum), baba handia (Vicia faba).

Porruaren kolore urdina nabarmen agertzen da neguak gorritutako paisaian. Freskurak eta urak bizia ematen diote, eta azala urdintzen dute; urdinezko olatuen itsasoak dira porru sailak. Dotoreenak haizetokietan landatutakoak; mendebalak jotzen duenean bere hostoak txima-jario egoten dira.

Behazunduta dabil, baina, azken urte hauetan porruzaintzaile jendea. Aspaldi arerio zuten sits bat (Acrolepiopsis assectella), zeinak hostoetan arrautza jarri eta handik sortzen zen harrak goitik behera jan eta zulatzen duen porruaren mamia. Azken urte hauetan euli petral batek kendu nahi die loa: Phytomyza gymnostoma. 2015ean azaldu zen izurria Pennsylvanian, AEBetan; eta oso urte gutxi da hona iritsi zela, baina dagoeneko ia Euskal Herri osoan zabalduta dago. Hostoetan arrautza nanoak jarri eta handik sortutako harrek, helduek bezala, izerdia zurrupatzen dute. Gero porruaren beheko buruan pupa edo krisalida sortuko dute, heldu bihurtzeko bidean. Goitik beherako bidea eginez porruaren hostoak zartatzen dituzte eta porruak zuzen hazi ordez kiribildu, kizkurtu eta makurtu beste aukerarik ez du. Euli txatxuaren aurkako tratamentuak badaude, baina eraginkorrena porru saila begi itxi-itxiko (0’8 mm baino txikiagokoa) sare batez estaltzea da. Eta sarea altu samar jarri behar da, porruaren hosto luzeak ukituko ez duen goieran; gainontzean euliak saretik barrena jar dezake, lasai asko, arrautza hostoan.

Eta denok behazunduko gara sare zuriekin estalita porruaren urdinak neguan sortzen dituen lehorreko olatu urdinezko itsasoak akabo izango direlako. Adio, agur, fini neguko ikuskizun ederrenetakoari. Euli ziztrin bat gorabehera, alajaina!

Ilarraren entzumena
2024-12-23 | Jakoba Errekondo
Laster urte guztian izango ditugu malko ilar goxoak (Pisum sativum). Oraindik, ordea, negua eta udaberria dira, ia erabat ilar freskoak jateko sasoia; udaberrian jango ditugun... (+)
Txokolate menpekotasuna negozio
2024-12-16 | Jakoba Errekondo
Txokolatea kakaotik sortzen da. Kakaoak Theobroma cacao du izena; Theobroma hitzak “jainkoen janaria” esan nahi du. Aspaldikoa da txokolatearen gurtza; jainkoena zena azkar asko egin... (+)
Ilarretan dilista nafarra
2024-12-09 | Jakoba Errekondo
Zeruka, zeru bete on dakar zerukak. Zeruka, magitxa, magintxeta, mihauria, magina, baina, ilar-axala, mantxa, teka edo, ezagunena, leka. Lekak barruan dakarren leka-gauza, leka-bihia, lekalea edo... (+)
Gintonikaren ezkontza
2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta... (+)
Birigarroak zirinetan heriotza
2024-11-25 | Jakoba Errekondo
Datozen 100-150 egunak erdi lo negukatzen igaroko dituzte landare askok. Beren jakiak sortzeko nahitaezkoak dituzten hostoak askatu eta aurreko 200-250 egunetan metatutako erreserbei esker biziko... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora