Maiatzean elorria lore, artoa lurrean.

Ardoa eta azukrea

Ospatu beharra dago! Azkenaldi honetan ospakizuna ospakizunaren atzetik dugu inguruan. Horrelakoetan etxeko sagardoa nagusi da; dagoeneko upel, bukoi eta barrikak irakiten ari dira, hurrengo urtean ere izan, izan dadin. Tarteka sagarrarenak (Malus domestica) ez diren ardoak ere azaltzen dira, batetik eta bestetik, batenetik eta besterenetik. Mahatsarenak (Vitis vinifera) gehienak eta, noizbehinka, garagarrarenak (Hordeum distichon) eta udarearenak (Pyrus communis) ere bai, oso tarteka.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2026ko urriaren 19a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Bart, ardo zuri bat ekarri zuen lagun batek, albarinho mahatsarena. Ireki eta, egia esatera, ez zen nire gustukoa: gozotxoa. Baina bazuen begiak lotu zizkidan beste zerbait: botila ixten zuen kortxoa. Artelatzaren (Quercus suber) azalarekin egindako kortxo arrunta zirudien, baina bazuen hala ez zen itxura ere. Arraroa zen. Arreta ebatsi zidan. Ez zen artelatzezkoa, ez naturala, ezta aglomeratua ere. Ez zen gaur egun sagardo botiletan, goitik zerbitzatu beharreko ohitura zatar hori tarteko, bota ahal izateko datorren plastikozko “kortxo” patetiko eta bihotz-erdiragarri hori. Beste zerbait zen, berria, nik sekula ikusi gabekoa. Bildutako jendeari iskin ez egiteagatik, patrikan gorde eta, neure artean, "bihar ikuskatuko diat".

Baita heldu ere, hurrengo egunean. Nomacork du izena egiten duen enpresak, eta honela dio artalakatzezkoa edo artelazkizkoa ez den kortxoak edo tortotxak edo txorkoak: “Nomacork & … -k [ardoa egin duen upategiaren izena] buruz buruka lan egin dute zahartze-ahalmen handiko kalitate goreneko ardo honetarako, etekinaren eta iraunkortasunaren aldetik onena den itxigailua hautatu eta garatzeko”. Itxigailua 25 urte arte ondu behar diren ardoentzako aproposa dela dio.

Eta itxigailua material berri batez egina da. Zein ote? %100 landare jatorrikoa, dio, azukre-kanaberaz (Saccharum officinarum) egina. Bai, bai, azukre-kanaberaz edo sukre-kanaberaz edo azukre-seskaz egina da. Eta nola sortzen dute? Kanabera zukutu eta muztio gozo-gozoa kentzen diote; muztioa hartzitu eta alkohola sortu, bio-etanola; bio-etanola deshidratatuta bio-etilenoa ekarri; bio-etilenoa polimerizatuta bio-polietilenoa sortzen dute; material hori estrusio-makina batean barrena bultzatuta “kortxoa” izango den formakoa irtengo da, txistor baten formakoa alegia, gero moztu eta behar den neurriko puskak egiteko.

Kortxoak ekoizteko lerro bat baino gehiago dituzte; helburua da ezaugarri desberdinak dituzten kortxoak egitea. Desberdintasuna mikrooxigenazioan datza. Kortxo batekin edo beste batekin botila itxita, oxigeno kopuru jakin eta bereizia sartuko da ardoraino; horrela, kortxo horiekin zigilatutako ardoen zahartze ahalmena zehazten dute.

Oxigenoak betekizun garrantzitsua jokatzen du kortxotik sartzen denean, likidoaren eta kortxoaren arteko barrunbean eta ardoan disolbatuta baitago. Horregatik, garrantzitsua da oxigeno mailak ziurtatzea; gutxieneko mailatik behera jaisten badira, usain erreduktoreak sor daitezke –arrautza ustela, baratxuria, hartzitutako aza (Brassica oleracea var. capitata)–, eta maila horiek gaindituz gero, oxidazioa dator bere usain kaskarrekin: sagar mailatua eta umeldua, kartoi bustia, fruitu pasa usain zakarra, ezko edo argizari zaharra, orbela eta abar.

Hori da kortxo honek saihesten duena. Oxigenazioa tamainakoa da: “Reserva” izenekoan 0’6 mg O2 urteko igarotzen uzten du, “Select” izenekoan 1’1 mg O2, “Classic”-en 2’2 mg O2 eta “Smart”-en 3’5 mg O2. Atzekoz aurrera, ardo gazteentzakoetatik hasi eta zahartu nahi direnetara erabiliko dira; oxigeno gutxiagorekin hobeto iraungo du.

Eta azukre-kanaberatik ekarria da, baina ez gara, ez, ardo gozoez ari. Azalduko ote da sagardo, txakolin eta abarretan?

Nafarroako eta Lantarongo intxaurrak
2026-11-02 | Jakoba Errekondo
Duela ehunen bat aste izan zen. Urte pare bat bada Agur intxaurrondo, agur izenekoa idatzi nuela orri honetan bertan. Hartan nioen urak Atlantikora isurtzen ditugun... (+)
Asko ez da beti aski
2026-10-26 | Jakoba Errekondo
Bizi da ala hil da? Nola jakin aurtengo beroaldi eta lehorraldi gordin eta mokor hauen ondoren ihartu den arbola bat hil den ala bizi den,... (+)
Babazaletzea
2026-10-12 | Jakoba Errekondo
Bada istilu eta nahaste-borrastea. Bada, izan ere, baba. Noizkoa ote da “baba” izena? Eta zer landare izendatzen zuen lehen hartan? Eta zer landare izendatzen du... (+)
Paisaiaren terrenteria hausten
2026-10-05 | Jakoba Errekondo
Loratu dadin negua. Uztak jasotzen ditugu neguan goseak harrapa ez gaitzan. Kalitatezko elikadurak ez gaitu soilik berdintzen, bizitzeko kilokaloriak ematen. Elikadura on batek soinetik at... (+)
Udazkenari ekiten: urrigiro ereingiro
2026-09-28 | Jakoba Errekondo
Gaurkoan, lanera! Uda azkenak eta udazkenaren hasierak badute garai bitxia izateko nahiko zantzu, aizkomenteko urte arrunt xamarretan, behintzat. Eguzki-mugaren indarrik ez du, baina ekinozioa izateak... (+)
gora