Etxerako ortuarekin hasi ziren pandemia garaian esperimentatzen Aurrekoetxea eta familia, eta emaitza onak lortzen ari zirela ikusirik, pauso bat gehiago eman eta barazki otarrak egiteari ekin zioten. “Negutegia jarri genuen, eta hor eta kanpoan ekoizten ditugu barazkiak”. Momentuz, hamar bezero inguruk astero hartzen diote otarra, baina ekoizlearen asmoa da pixkanaka ekoizpena handitzea eta jende gehiagorengana iristea: “Pentsatua dugun ekoizpenaren herenarekin hasi gara, datorren urtean bigarren herenari ekinen diogu, eta hirugarrenean, espero dugu pentsatutako hori guztia martxan izatea”.
6.000 metro koadro inguruko lursaila du baserriak, eta ekologikoan ari da Aurrekoetxea: “Trantsizio betean dago lursaila orain, hemendik bi urtetara, gauzak ondo badoaz, zigilu ekologikoarekin ariko naiz”, azaldu du. Bitartean, formazio eta ikastaroak jasotzen ari da nekazaria, eta barazkiak saltzeko modu berriak ere ari da probatzen. Adibidez, garbitutako letxuga nahasketak poltsetan saltzen hasi da, zuzenean entsaladan jateko moduan jarrita.
Nekazaritza biointentsiboa eta birsortzailea
Bi ekoizteko eredu horiek jarraitzen ditu nekazari bizkaitarrak: “Nekazaritza biointentsiboan, beti dago produkturen bat lurrean, bat kentzen dudanean beste bat jartzen dut segidan, errotazio bidez eta barazki familia desberdinekin lan eginez. Lurra beti produktuak ematen egotea da ideia”. Nekazaritza birsortzaileak ere laboreen errotazioa eta konpostaren erabilera ditu oinarri: “Errotazioaren eta konpostaren bidez, lurreko mikroorganismoak eta estruktura zaintzea da asmoa, nutrienteak hobetzen joatea”. Esaterako, rotabatorrik ez du pasatzen ekoizleak, lurreko mikroorganismo horiek ez kaltetzearren.
Proiektu gaztea izanagatik ere, ari da pixkanaka egonkortzen Aurreko Barazkiak, pausoz pauso eta gauzak presarik gabe eginez. Orain arteko ibilbidearekin eta hartutako erabakiekin pozik dago nekazaria, eta aurrera begira, ekoizpena handitzen doan heinean, otarrez gain hurbileko azoketan eta baserrian bertan salmenta egitea da bere asmoa.