Sapar zailari aihotz zorrotza.

Akainen eta eulien erasoak

Ekainak akainak ekarri ditu: uda iritsi da. Udaberriko egun beroetan hasten dira akainak ehizean, udako ehizaldi nagusirako hankak prestatzen. Garo arruntaren (Pteridium aquilinum) garomenetan izaten da batez ere, bide ertzera zintzilik diren orri muturretan kulunka, gustuko animalia igarotzen den arte; jauzitxoa eta heldu arropan edo artilean edo… Ondoren mantso-mantso gorputz hori miatuko du, arretaz aztertu eta gogoko txokoan hantxe txast eztena sartu eta odola zurrupatzera. Eztena sartzen duenean gaitzak kutsa ditzake: Lyme gaitza eta babesiosia, adibidez.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko uztailaren 14a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Geurean akaina ez da herenegun bazkalondoko kontua. Oso ezaguna dugu, aspaldi ekarri nuen txoko honetara topatutako izen mordoa: akain, bakasta, kapar, kapoarrada, akenzore, zigar, lakasta, likasta, litoin, tika, ardizorri, akein, lakain, bakasta txipi, lakats, artapo, kapasta, kaskurri, lapar, itain eta besterik ere izango du; gure odola gustatu zaiola eta milaka urtetan bizikide izan dugun seinale.

Azken urte hauetan gero eta maizago entzuten da akainen erasoen berri. Ugaltzen ari direla diote basoan dabiltzanek, ikerlariek barne. Arrazoi nahastea aipatzen da ugaltze horren sustatzaile. Lurraren osasuna bat. Lurrean hasten da akainaren bizitza, arrautza eta ninfa denean, baina, lur hori bioaniztuna bada, bertan bere etsai ugari ere izango da: inurri, akaro, kakalardo, armiarma eta abar. 2019an, Eisen eta abarrek argi esan zuten Journal of Medical Entomology aldizkarian argitaratutako Ingurumen- eta ekologia-testuinguruen garrantzia akainen kudeaketa integratuan artikuluan: “Lurzoruko faktore biologikoen garrantzia nabarmena da akainen kudeaketa integraturako”. Pestizidak, intsektizidak, fungizidak, herbizidak, botikak eta ongarri kimikoak erabiltzen dituzten abeltzaintza eta nekazaritza mota guztiek lurra eta ingurumena pobretzen dute, eta akainak, euliak eta horrelako izurriteak hauspotzen. Bioaniztasunaren Alemaniako Institutuak (iDiv) ederki dio 2024ko Biodibertsitatea eta izurriteen kontrola: espezieen aniztasunak nola laguntzen duen laboreen osasunean dokumentuan: “Garrantzitsua da akainen harrapari naturalak babestea eta lurzoruaren ekosistemari orekan eusten dioten organismoak zaintzea”. Abeltzaintzak zeresan handia du akainak atzeratzeko. Bizkarroien aurkako produktu kimikoek (Ivermectinak, esaterako) izugarri loratzen dituzte akainak eta euliak; euliek itzalguneetara bultzatzen dute azienda, akainen erasoguneetara.

Hori iraultzeko ekintza multzoa proposatzen da: lurzoruaren bioaniztasuna leheneratu eta hori handitzen duten agroekologiako praktikak ezarri, agrokimikoak eta bizkarroien aurkako eragin zabaleko botikak murriztu, harrapari naturalen babeslekuak kontserbatu eta sustatu (orbeldiak, heskaiak, trinkotu gabeko lurrak), kontrol biologikoa bultzatu eta abeltzaintzaren kudeaketa kontzientea egin.

Izenak ekarri nituen artikulu hartan, berriz, beregandik babesteko landareak aipatzen nituen, akaina uxatzen dutenak. Inguru natural xamar batean bizi bazara, komeni da gogoratzea zer landatu beharko zenukeen etxeko katuaren mugarrien barruan, handik behintzat kanporatzeko: txortaloa (Mentha pulegium), salbia sendakaria (Salvia officinalis), asentsio-belarra (Artemisia absinthium), bortusaia (Ruta graveolens), Indiako krabelina edo tagetea (Tagetes patula), ezkaia (Thymus comunnis), albaka edo brasila (Ocimum basilicum), larranbiloa edo kamamila (Chamaemelum nobile), usain geranioa (Pelargonium graveolens), erromeroa (Rosmarinus officinalis) eta urrelilia edo krisantemoa (Chrysanthemum spp.).

AA ez, AB bai, Adimen Biologikoa
2026-07-27 | Jakoba Errekondo
Txakurrak? Noski! Behorrak? Bai! Zezenak? Nola ez ba! Arbolak eta barazkiak? Nola ba, txoratu egin al zara, ala! Gogoan al duzu 2020. urte txar hartan,... (+)
Arbolaren agoniaren distira
2026-07-20 | Jakoba Errekondo
Zisneak hiltzerakoan bere kantua erredoblatzen du”, itzuli zuen Aita Villasantek Axularren 1643ko Gero liburuaren 1964ko bertsioan. Ez dakit nola adieraziko zuketen ez batak ez besteak,... (+)
Beroari beroarena ezin kendu
2026-07-13 | Jakoba Errekondo
Zuhaitzak ere erretzen ari dira aurten. Bero latzak egin ditu ekainean, izugarriak. Eta hilaren amaierarako azaldu dira erremediorik gabeko hondamendiak: belazeak hori eta landare asko... (+)
Uztailean hurrengo uzta
2026-07-05 | Jakoba Errekondo
Uzta nagusia biltzen zen uztailean, hilabete horri izen hori jarri ziotenean. Lurra lantzearen kultura ikasi genuenean nagusiki lantzen ziren mozkinak urte sasoi horretan jasotzen ziren,... (+)
Euskal Herriko Makaronesia
2026-06-28 | Jakoba Errekondo
Auzune ederrean bizi gara etxekoak. Beheko errioaren inguruko erriberetan bizi diren batzuek inbidia punttuarekin esaten didate, "zuek bai han goi hartan, baratzea egiteko toki ezin... (+)
gora