Zuhaitz bat asko luzatu eta hazita ere, hostoak sustraietara bueltatzen dira.

30 urte eta gero zer?

1994an altxatu zituzten lehen haize errotak Nafarroan, Erreniegako parke eolikoan, Iruñetik gertu. Segidan etorri ziren beste asko: Arizko parkea Leitzan eta Berueten, Izkokoa Irunberri inguruan, Oibarkoa, Cabanillasko Serralta parkea... ‘Haizearen aitzindari’ gisa aurkezten du bere burua parkeon atzean gaur egun dagoen enpresa multinazionalak, titulargintza poetikoan. Baina, 30 urte pasatu diren honetan, eta berriztagarrien hedapenerako olatu berri betean gaudela, zein ondorio atera daitezke Nafarroako esperientziatik? Zein aldaketa ekarri du berriztagarrien aldeko apustuak energiaren panoraman? Zertan da ‘aitzindari’ eta ‘eredu’ Nafarroa, eta zein erronka ditu etorkizun hurbilera begira?

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2025eko uztailaren 02a
Leitzako haize errota bat. Argazkia: Gaizka Leitza Alduntzin.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Nafarroako esperientzia oso berezia da Espainiako Estatu mailan, eta ausartuko nintzateke ia Europa mailan ere badela esatera. Teknologia eoliko eta fotovoltaikoa aspalditik zetorren, hamarkadak zeramatzaten beste toki askotan garatzen, hori ez zen berria. Baina Nafarroa aitzindaria izan zen berriztagarriak negozio gisa ulertzen, hori izan zen benetako jauzia”. Xabier Zubialde Legarra ingeniaria eta berriztagarrietan aditua da. Aditua, eta aritua ere bai, izan ere, gertutik bizi izan zuen Nafarroako berriztagarrien lehen olatua, proiektu fotovoltaikoak eraikitzen zituen Alternativas Energéticas Solares (AESOL) enpresa erdipublikoko langilea baitzen garai hartan.

Garaian, proiektu hidroelektriko txikiak bultzatzen zituen Energía Hidroeléctrica de Navarra (EHN) enpresa erdipublikoa izan zen Nafarroa energia eolikoaren negozioan murgildu zuena. “Erreniegakoa, Espainiako Estatuko lehen proiektu eolikoa, esparru publikotik jarri zen martxan, eta hor hasi ziren ikusten ekonomikoki negozio oso indartsu eta errentagarria zela”, dio Zubialdek. Horrela, 2000. urtera bitartean, beste bederatzi parke eoliko eraiki zituzten Nafarroan, guztiak Iruñetik hegoaldera, Leitza-Beruetekoa izan ezik. Energia fotovoltaikoaren kasuan, beranduxeago hasi ziren negozioa garatzen. Lehen parkeak 2003an eraiki zituzten Arguedasen eta Sesman, horiek ere AESOL enpresaren bidez.

Marrazotara botatako Enpresa publikoa

Negozio berria martxan, emaitza ekonomiko oso onak izaten ari zen EHN. “Proiektu eoliko eta fotovoltaikoak abiatzeko inbertsio handia behar zen hasieran; horretarako diru-laguntza lerro bereziak piztu zituzten Nafarroan, eta Nafarroako Kutxak (CANek) finantzatzen zuen gainerakoa”, gogoratu du Zubialdek. Negozioa, beraz, ez zen instalakuntzak egiten zituen enpresarentzat soilik, finantza erakundeentzat ere aukera aparta ziren proiektuok. “Negozio handia eta ‘txiringito’ asko zegoen proiektuon atzean”, azaldu du.

Ondoren, EHNrekin gertatutakoa oharkabean pasatako Nafarroako ustelkeria kasu nabarmenetako bat izan zela salatu du Zubialdek: enpresako arduradun zen Esteban Morrasek, olatu eolikoaren bultzatzaile nagusiak, akzioen %1,39 erosi zituen 1996an, 1,943 milioi euroren truke. Urte gutxi beranduago, eraikuntza sektoreko erraldoi batek, Entrecanales y Cubiertas enpresak –1997an Acciona bihurtuko zenak–, zementutik berriztagarrietarako jauzia eman zuen. 2005ean emaitza ekonomiko oso onak izaten ari zen eta aurreikuspen onak zituen EHN enpresa erdipublikoaren %38, bere zati osoa, Accionari saldu zion Nafarroako Gobernuak, prezio oso merkean. 2010ean, Morrasek Acciona utzi zuen, eta akzioen bere %1,39 zatiagatik 42,5 milioi euroko konpentsazioa jaso zuen.

“Enpresa erdipublikoa esku pribatuetan utzi zuten oso merke, eta bitartekari bezala, Esteban Morrasek irabaziak 40 aldiz handitu zituen. Horrek erakusten du salmentagatik Nafarroako Gobernuak jaso zuen dirua 40 aldiz handiagoa izan zitekeela urte gutxi pasata. Milioika euroz ari gara hizketan”, dio Zubialdek. Gauza bera gertatu zen AESOL enpresa erdipublikoarekin ere, eta hor bukatu zen bultzada publikoa nagusi zuten berriztagarrien ibilbidea, enpresa pribatu handien arteko marrazo-lehiari lekua eginez.

Haize errotaren beso bat Alaizko mendilerrora igotzen. Argazkia: elperiodicodelaenergia.com
“Oliba bat entsaladan”
"Nafarroan energiaren panoraman ez da aldaketa nabarmenik gertatu", Martin Zelaia
Sustrai Erakuntza

Negozio eolikoak batik bat 1998. eta 2006. urteen artean garatu ziren Nafarroan eta Espainiako Estatuan, eta fotovoltaikoak, berriz, 2005etik 2009ra, energia mota horiei garaian garaiko gobernuek eskainitako laguntzen itzalean. Sustrai Erakuntza fundazioaren berriztagarrien txostenean jasotzen denez, 2020an 53 parke eoliko eta tamaina handiko 49 parke fotovoltaiko zeuden Nafarroan, eta proiektu gehiago planteatzen ari ziren momentu horretan. Zenbaki horiek eskutan, pentsa liteke Nafarroako energiaren ekoizpen eta kontsumoaren panoraman aldaketa esanguratsuak gertatu direla azken 30 urteetan. Galdera botata, erantzunean bat egin dute Zubialdek eta Sustrai Erakuntza fundazioko Martin Zelaiak: “Argi eta garbi: ez. Energiaren panoraman ez da aldaketa nabarmenik gertatu”, diote.

Entsalada handi batean dagoen olibaren metafora darabil Zubialdek egoera azaltzeko: “Duela hiru hamarkada Nafarroan genuen arazoa ez zen energia zein teknologiarekin sortzen genuen, arazoa zen zenbat sortu behar genuen”. Eta, gehitu duenez, kantitatearen arazoak hor dirau, urtetik urtera energia kopuru handiagoa kontsumitzen baita herrialdean, eta elektrizitate forman kontsumitzen den zatia laurden batera ere ez baita iristen. Ildo berean hitz egin du Zelaiak: “2023ko balantze energetikoko datuen arabera, kontsumitzen den energiaren %76 erregai fosiletatik eratorria da, eta kontsumo hori gutxigorabehera mantendu egiten da urtetik urtera, azken urteetan zertxobait igoz”.

Sustrai Erakuntzako kideak nabarmendu du, gainera, berriztagarrien inguruko eztabaida betean, Nafarroa eredutzat darabilten pertsona asko datu okerrak ari direla ematen. “Batzuek diote Nafarroan sortzen den elektrizitatearen %80 edo %90 bertako berriztagarrietatik datorrela, baina hori ez da egia. Nafarroako Gobernuaren 2023ko balantze energetikoaren arabera, ekoizten den elektrizitatearen %55 izan da berriztagarrietatik eratorria, ematen ari diren zenbakiak baina dezente gutxiago”, dio.

Biurrun-Olkotz herriko haize errota batek su hartu zuen maiatzaren hasieran. Nafarroako suhiltzaileek sare sozialetan zabaldutako irudian ikusten da nola geratu zen turbina erre ostean.
Haize errotak askotan geldi

Xabier Zubialde ingeniaria: “Elektrizitatea sortzen den momentuan kontsumitu beharra dago derrigorrez, ezin da erraz gorde, eta orain da momentua Nafarroan proiektu eoliko eta fotovoltaiko asko gelditu egin behar dituztena, soberan daudelako. Hiru ordutik batean, gutxi gorabehera, gelditu egin behar dituzte horietako batzuk”, dio.

Eta, orduan, nola da posible proiektu berriztagarri berriak planteatzen segitzea? Zubialdek gakoa eman du: “Ez da jendartearen beharra, negozio pribatuaren beharra da”. Eta, soberakinen aurrean, errentabilitate ekonomikoa handitzeko bideak bilatzen dituztela gehitu du: elektrizitatea kanpora bideratzea izan daiteke enpresen aukera bat –eta horrek goi tentsioko lineen sareak eta bestelako azpiegiturak eraikitzea eskatzen du–, eta elektrizitate soberakina kontsumitzeko gauza berriak asmatzea da beste aukera. “Hor sartzen da dena: ibilgailu elektrikoak, hidrogenoa… nolabait, filosofia da: sortuko dugu negozio bat, sortuko dugu elektrizitatea, eta gero bilatuko dugu modua soberan dagoen hori zerbaitetarako erabiltzeko. Orain, badirudi industriarako megabateriak jartzea dela boladan jarriko den aukera berria”. Energiaren eta proiektu berriztagarrien planteamendua esku pribatuetatik egiten dela gogorarazi du, eta ez dagoela herritaren beharrei begirako planifikazio publiko eta demokratikorik.

Iraungitze data eta errentagarritasunaren ‘birpotentziatzea’

Nafarroan 25 urtetik gorako 20 parke eoliko daude, ustez erretiroa hartzeko garaian dauden 753 aerosorgailu eta 2.259 pala. Ustez, diogu, Zubialdek azpimarratu duelako iraungitze data ikuspegi ekonomiko soiletik jartzen den epea dela: “20 urteko mugaz hitz egiten da kalean, baina ez da ezer berezirik gertatzen momentu horretan, kontua da mantentzea baino errentagarriagoa izan daitekeela enpresentzat parkea berritzea”. Kotxe zahar batek mantenimendu gastu handigoak dituen bezala, parke eolikoekin ere antzeko zerbait gertatzen dela gehitu du: “Egia da ekoizpena pittin bat txikitzen dela eta elektronikaren bizitza oso motza dela, baina osagai batzuk aldatu daitezke parke osoa aldatu gabe”. Zein betaurrekorekin begiratzen den da gakoa, bere ustez, eta argi dago gaur egun errentagarritasunaren eta diruaren betaurrekoekin begiratzen zaiola.

"Asko hitz egiten da azken aldian birpotentziazioaz, baina benetan, zer dago hitz horren atzean? Bada, parke berri bat egitea da, proiektu berri bat", Xabier Zubialde
Ingeniaria

Eta, behin parke zaharrak "iraungitakoan", zer? Desegitea eta bere horretan uztea ez da aukera posible bat ingeniariaren ustez, hain zuzen lehenbiziko urteetan eraiki ziren parkeak direlako tokirik onenak errentagarritasunaren ikuspegitik. Beraz, birpotentziazioarena da aukera posibleena. “Asko hitz egiten da azken aldian birpotentziazioaz, baina benetan, teknikoki, zer dago hitz horren atzean? Bada, parke berri bat egitea da, proiektu berri bat”, azaldu du. Izan ere, errotak osorik kendu behar dituzte, hormigoizko zapatek ez dute balio, elektrizitate-harguneak eta azpiko konexioak berritu behar dira, errota berrientzat pistak handitu behar dituzte… Bi gako ikusten dizkio birpotentziazioari Zubialdek: aurreko parkearen ingurumen-inpaktuaren azterketa egina egoteak bidea errazten duela, nolabait, eta parke zaharrenak izanik, haize-tokirik onenak direla.

Berria da parke eolikoen birpotentziazioaren kontua, eta esperientzia gutxi daude Europan. Nafarroan, Tuterako Montes del Cierzo eta Caparroso, Cabanillas, Fustiñana eta Bardeetako parkeen birpotentziazioak daude abian momentu honetan. Kuriosoa suerta daiteke ez izatea parkerik zaharrenak birpotentziatzen lehenak. Izan ere, 2000. urtean eraiki zituzten berrituko dituzten parkeetako batzuk,  25 urte dituzte, beraz. Erreniegakoak, berriz, 30 urte pasa ditu, eta Leitza eta Beruetekoak, 29 pasa dituzte. “Lekuagatik dira hautu horiek, lekua iristeko zaila bada, nahiago dute berririk ez sartu eta erroten bizitza ahalik eta gehien luzatu. Azkenean, kostu handigoa da mendi inguruan horrelakoak egitea”, adierazi du Zelaiak.

Foru intereseko obratzat izendatu dituzte martxan dauden birpotentziazioak, Statkraft eta Enhol enpresek eginen dituztenak, eta eraikuntza garaian bezalaxe, fase honetan ere diruz lagunduak izanen dira IDAE institutuaren partetik eta Europako funtsetatik. “Diru laguntza publiko asko egon dira sektore honetan. Proiektuok ekonomikoki errentagarriak direla esaten dugunean, kakotxen artean hartu behar da”, dio Zubialdek.

Wyoming (AEB) estatuko Casper hiriko udal zabortegian haize erroten 970 beso lurperatzen, 2020an. Argazkia: Benjamin Rasmussen / Bloomberg Green
Palak ‘birziklatzea’, negozio aukera berria

Eta, zer gertatzen da birpotentziatzen dituzten parke horietako errota zaharrekin?  Ezagunak egin ziren aerosorgailuen "pala-hilerrien" argazkiak, lurperatuta uzten zituztenak. Izan ere, erroten zutabeak metalezkoak dira eta ustez ez dago aparteko zailtasunik horiek birziklatzeko. Palak dira arazoa. “Oso material konplexu eta berezikoak izaten dira, abiadura handia hartu behar dutelako, pisu gutxi izan…”, azaldu du ingeniariak. Konposite kimikoak izan ohi dira materialok, eta kimika birziklatzea oso zaila da. “Tira, birtziklatu, mundu honetan ia dena birtziklatu daiteke, baina kontua da zenbat diru gastatu behar den horretarako, zenbat energia, zenbat isuri eta ingurumen kalte eragin eta zenbat ur kutsatu”, gehitu du.

"Ez dira eolikoen palak birziklatzeko plantak, kudeaketarako plantak baizik", Xabier Zubialde
Ingeniaria

Puntu horretan, galdera dator burura: prozesu osoa kontuan izanda, eraikuntza, ekoizpena, garraioa, desmantelamendua, birziklatzeko kostuak… ekonomikoki errentagarriak al dira proiektuok? Eta ekologikoki? Erantzuten saiatu da Zubialde. “Galdera sinpleagoa litzateke ea energetikoki merezi duen, eta horretan kontuak atera daitezke Itzulera Energetikoaren Tasa (IET) deritzonarekin. Esaten da, orokorki hartuta, energia eolikoaren IET 5/1 ingurukoa dela, eta fotovoltaikoarena, 2/1. Alegia, parke honek bi unitate sortzen ditu eta bat erabili”. Baina, bigarren galdera, jasangarritasunarena, konplexuagoa dela dio, eta justizia sozialarena ere gehitu dio berak. “Teknologia horiek behar dituzten zenbait elementu, kadmioa, silizeoa, zilarra eta bestelakoak, beste herrialde batzuetan xurgatzen dira, ondorio humanitario latzak utzita. Beraz, IET kontu teknikoa da, baina gaia askoz sakonagoa da”.

Nafarroan eta oro har Espainiako Estatuan aerosorgailu-hondakinen arazoa iristear dagoen honetan, badirudi zenbait enpresek aukera berri bat ikusi dutela, izan ere, aerosorgailuen palak ‘birziklatzeko’ bi proiektu abian daude dagoeneko Nafarroan: Accionaren filiala den Renercycleren Waste2Fiber lantegia Irunberrin, eta Iberdrola eta FCC bultzatzaile nagusi dituen Energyloop planta Cortesen, biak ere Nafarroako Gobernuaren partetik interes foralekoak izendatuak eta diru-laguntza publikoko injekzio erraldoiak izan dituztenak. Waste2Fiber proiektuak, esaterako, 5,25 milioi euroko laguntza jasoko du IDAEren partetik, eta Energyloopek, 2,89 milioi eurokoa.

Dena den, Zubialdek zalantza egiten du ‘birziklatze’ hitzaren atzean dagoenarekin. “Ez dira birziklatzeko plantak, kudeaketarako plantak baizik. Kontua da lur azpian ez sartu behar izateko, hori kudeatzeko zerbait egitea. Zer da zerbait? Izan liteke txikitzea, hautsa sortzea, porlanarekin nahastea, edo asfaltoan erabiltzea… auskalo”, amaitu du.

Itzalaldiaren ostean

Martin Zelaia Sustrai Erakuntzako kidea apirilaren 28ko itzalaldiaz honela mintzatu da: “Guk uste dugu baietz, arazoaren zati garrantzitsu bat izan zirela berriztagarriak, Espainiako Gobernuak ezetz esan arren. Izan ere, elektrizitatean badugu sinkroniaren parametroa, beti maila antzekoan mantendu beharra dagoena. Teknologia batzuek erraz mantentzen dute sinkronia hori, jiratzen duten turbina erraldoi batzuen bidez funtzionatzen dutelako, baina ez da energia eolikoaren eta fotovoltaikoaren kasua. Egun eguzkitsu batean, energia fotovoltaikoa da ia guztia Espainian, eta zentral termikoak eta hidroelektrikoak gelditu egiten dituzte. Energia fotovoltaiko horrek zerbait arraroa egin zuen momentu batean, eta sinkronian arazoak eragin. Normalean, zentral hidroelektrikoak dira martxan jartzen azkarrenak, eta termikoak gero. ‘Ralenti’ moduan edukitzen dituzte, horrelako gorabeheren aurrean berehala sartzeko eta konpentsatzeko. Baina, kasu honetan itzalita zituzten”, azaldu du.

Horrelakorik ez errepikatzeko, itzalaldiaren aurretik baino askoz gehiago ari dira zentral hidroelektriko eta termikoak pizten, eta, aldiz, fotovoltaikoa eta eolikoa asko murriztu dutela dio Zelaiak. Baina, etorkizunera begira, posible da berriztagarrietan segurtasun sistema gehigarriak exijitzea edo sarera energia gutxiago sartzeko eskatzea. “Orain, berriztagarriek ekoizten duten guztia sartu nahi dute enpresek sare elektrikora, %100, eta horrela ezin dute goitik aldaketarik egin momentu jakin batean, ez dute malgutasunik. Ehuneko txikiagoa sartuko balute eta azeleragailua pixka bat askatu, nolabait, aldaketen aurrean malgutasun gehiago lukete. Baina, noski, horrek enpresen irabazietan galerak ekarriko lituzke. Jakinmin handia dut zer gertatuko den itzalaldia eta gero, baina uste dut aldaketaren bat ekarriko duela honek”, dio. 

 

Ahabi ekologikoak Anbotopetik
2025-07-07 | Garazi Zabaleta
Aramaioko Beñat Ibarguren Arrizabalaga da Larrinbarri ahabi ekologikoak ekoizteko proiektuaren bultzatzailea, eta 2012tik ari da Anbotopeko bere lursailetan fruitu gorri landareak eredu ekologikoan lantzen. “Lagun... (+)
Auzolan praktikak herriko nekazari eta abeltzainekin
2025-06-30 | Garazi Zabaleta
Burujabetzan sakontzeko egitasmoa da Oiartzun Burujabe proiektua, udalaren, herriko ehun ekonomikoaren eta herritarren artean bultzatu dutena. “Oiartzungo herritarrek bertako baliabideak eta produktuak, bertan ekoizten dena... (+)
Bertako ahuntz arrazaren txorizoak
2025-06-23 | Garazi Zabaleta
David de Blasek abiatutako proiektua da Azpigorri Ahuntz Txorizoak, eta izenak argi uzten duenez, azpigorri arrazako ahuntzekin ari da lanean. “Urteetan industrian aritu nintzen lanean,... (+)
“Bizirik dagoen landarea duzu ahoan ernamuin bat jatean”
2025-06-16 | Garazi Zabaleta
Hamabost urte baino gehiago daramatza martxan Bizkaiko Kimuak ernamuinduen proiektuak, baina hasierako bultzatzaileak erretiratu dira eta erreleboa hartu berri dute Mikel Landa Luzarragak eta Asier... (+)
gora