Abenduan elurra altzairuz, urtarrilean burdinez, otsailean zurez, martxoan lurrez, apirilean urez

“Otxantegiko lur emankorrak ezin dira porlan azpian geratu, arnasgunea izan behar dute”

Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta herritarrei dei egin diete proiektua defendatzera joateko. Kideetako batekin hitz egin dugu.


2024ko apirilaren 11
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Egitarau indartsua osatu duzue . Goizean, Amaia Perez Orozcok hitzaldi hau emango du: “Desazkundea ekofeminismotik”. Zer lotura du Otxantegi Herri Lurra proiektuak desazkundearekin eta hau nola lotzen duzue ekofeminismoarekin?

Urteurreneko programazioa prestatzerakoan, aintzat hartu genuen ez zedila ospakizun hutsa izan: urteurrenean elkartu eta sarea sendotu nahi dugu, baina garrantzia eman nahi diogu lanketa politikoari ere, hausnartzeari.

Goizean tartea eskainiko diogu desazkundeari, krisi sistemiko oso larrian gaudelako: energia alorrean arazoak ditugu, inflazioa, biodibertsitatearen galera, klima larrialdia... Hori guztia sustengatzen da energia kontsumoan eta energia kontsumo hori batez ere erregai fosiletatik dator. Zientziak oso argi esan du daukagun aukera bakarra desazkundea dela, energia kontsumo hori txikitzea. Amaia Perez Orozcok azaldu ahalko digu egoera horri aurre egiteko nola antolatu: bera ekonomialaria da eta gizartea antolatzeko moduak ezagutzen ditu. Gizartea eraldatu behar denez, gure helburua da ortzimuga berri horiek irudikatzeko pista batzuk ematea berak.

Uribe Kostan aurkako bidean goaz: desarrollismo itsua da eredu hau, porlana da nagusi, eraiki eta eraiki ari dira. Otxantegin argi ikusten ari gara eraikuntza negozio hori. Politikak norabide batean ari dira, porlana eta eraikuntza sektorea bultzatuz eta hori desazkundearen aurkakoa da. Kapitalaren auzia da: gutxi batzuk aberastea egungo eta etorkizuneko biziaren kaltetan. Krisi sistemiko honetan guztiok ez dugu erantzukizun bera, desarrollismo hau guztia gutxi batzuk aberasteko da.

Guk aldarrikatzen duguna da lur emankor horiek ezin direla porlan azpian geratu, euren emankortasuna galtzen dutelako; eta aldiz, arnasgunea izan behar dutela. Ekofeminismoak eskaintzen digu lur emankor horietan zer gauza mota egin ahal diren: nola antolatu modu jasangarrian, nola harremandu...

Zergatik jarri zenuten martxan Otxantegi Herri Lurra?

Uribe Kostako egoeragatik: espekulazio urbanistiko oso handia da, gure eskualdea Bilboren lolekua da. Azken hamarkadetan, oso denbora gutxian, gure lur emankorrak eta berdeguneak nola galtzen genituen ikusi dugu gure begien aurrean.

Porlan uholde horri aurre egiteko eta eskualdean egon diren beste proiektu batzuen esperientzia erreferentzia moduan hartuz, Berango Lurraren Defentsan adibidez, lur emankorren defentsan jarri ginen eta borroka horri elikadura burujabetzaren ideia gehitu genion, ortu komunitarioa martxan jarrita.

Zer da gaur egun proiektua? Zer ematen dio herriari?

Ortu komunitario bat da, defentsaz gain, alternatiba eskaintzeko: jakiak. Topagunea ere bada, lantaldetan antolatu izan gara.

Herriari elkartzeko espazio bat ematen dio, hainbat ekintza egin izan dira bertan: solstizioak ospatu, Gau Beltza, tailerrak, auzolanak ortuan lan egiteko eta lurrarekiko konexioa berreskuratzeko... Izan ere, gehienon bizitzan ez dago lurrarekiko zuzeneko kontakturik. Artoaren zikloa egin dugu bi bider: ereitea, zaintzea, hazten ikustea, aletzea, erretzea, errotara eramatea...

Bizimartxa ere antolatu genuen, garraioari garrantzia emateko.

Familiak askotan hurbildu dira. Eta militantziarako esparru bat ere ematen du, politizatzeko leku bat da eta hori garrantzitsua da, herri mugimenduak behar du.

Lehen desalojo saiakera geldiaraztea lortu zenuten azaroan. Hurrengo desalojo eguna jarria dago, apirilaren 18an. Zertan dago auzia?

Dei egiten dugu hustuketa saiakera egunean jendea etor dadin. Elkartasuna adierazteko bi bide egongo dira: kanpoan elkarretaratzea deituta dago eta barruan ere prest egongo gara gorputzaren bidez defendatzeko, ze bizia bera dago jokoan.

Bide legala ere erabili izan dugu: alegazioak jarri genituen, 20 urte daramatzate lursail horietako birpartzelazioa prestatzen eta udazkenean helegitea jarri genuen, Otxantegin egin nahi dituzten etxeak oinarrituta dauden planaren kontra.

Aguirre-Lipperheide familiarekin hitz egin genuen bere garaian: hasieran ahozko akordio bat zegoen, gero salaketa jarri zuten eta husteko agindua horren ondorioa da.

Berangoko udal gobernuarekin askotan saiatu gara bitartekaritza egon zedin, baina interes kontrajarriak daude, udala familia lurjabe hau babesten ari da azken hamarkadetan. Bide hori itxia dugu, eta herrian gauzak egiten saiatu garenean ere oztopoak jarri dizkigute, adibidez, ez ziguten txosna jartzen utzi.

"Azokako mahaiaren bestaldetik desprezioa ikusten da, asko"
2025-09-10 | Estitxu Eizagirre
Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: "Baserria bere horretan, erromantizismorik... (+)
Beste itzalaldi bat saihesteko eta negozio elektrikoa berpizteko dekretuari ezezkoa eman dio Espainiako Kongresuak
2025-07-24 | Estitxu Eizagirre
7/2025 Errege Lege-Dekretua ekainaren 24an onartu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak baina atzera bota du Diputatuen Kongresuak, uztailaren 22an. (+)
Frutazaintza ekologikoa ezagutzeko txangoa deitu du Biolurrek
2025-07-22 | Estitxu Eizagirre
Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkarteak frutazaintza sustatu nahi du eta horretarako egun-pasa ederra antolatu du uztailaren 29rako; hiru proiektu ezagutuko dituzte bertatik bertara: Erroak mintegia... (+)
Lurraldeko ogi ekologikoaren balio nutrizionalak aztertu dituzte HoBBea proiektuaren baitan
2025-07-07 | Estitxu Eizagirre
HoBBea proiektua hiru elkarte hauek elkarlanean egina da: Biharko Lurraren Elkartea (BLE), Biolur eta Hazialdeko. Nekazari-okinaren figura indartu nahi dute HoBBea proiektuaren bidez, eta lurraldeko ogi... (+)
gora