“No a la Caza” (NAC) plataformak ehiztariek erabiltzen dituzten txakurrak Animalien Ongizaterako Estatuko Legean sartuta egotea exijituko du, besteak beste. Donostian, Bilbon, Iruñean eta Espainiako Estatuko beste hiri askotan deitu dituzte mobilizazioak.
Hamalau urte igaro dira lehendabizikoz NAC plataforma ehiza-jardueraren amaiera eskatzeko kalera atera zela. Aurtengoan, baina, hori ez ezik, ehiztariek erabiltzen dituzten txakurrak Animalien Ongizaterako Estatuko Legean sartuta egotea exijituko dute; izan ere, kideen arabera, animalia horiek baztertzeko azken uneko erabakiak “erabateko babesgabetasunean” uzten ditu. Donostian (Gipuzkoa plazatik abiatuta), Bilbon (Moyua plazatik), Iruñean (Gaztelu plazatik) eta beste 43 hiritan deitu dituzte mobilizazioak, eguerdiko 12:00etan. Beste 26 herrialdek ere bat egin dute deialdiarekin.
Plataformak salatu du ehiza denboraldia bukatzerakoan, ehizarako txakurrak baztertu, abandonatu, hil edo “egoera beldurgarrietan” mantentzen dituztela. Hori dela-eta azpimarratu du animaliok babestuko dituen estatuko lege bat eskatzea beharrezkoa dela, “animalia guztiak babestu ahal izateko”: ehizarako izendatutako txakurrak, animalia basatiak eta ehiza-espezieak barne.
Alderdi politikoei “presio soziala” egin behar zaiela gaineratu du plataformak, eboluzionatu eta egungo gizartearen nahiekin eta beharrekin bat datozen lege berriak sor ditzaten. Legeak “inolako salbuespenik gabe” babestu behar baitira haien esanetan: “Erakundeek biodibertsitateari eragiten dion egoera kontuan hartu beharko lukete, eta hegaztiak eta ugaztunak ere ehiza jardueratik babestu beharko lituzkete”.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545