SOS Manteo elkarteko kideek azpimarratu dute ez dutela etsiko parkea berreskuratu arte.
BCC proiektuaren aurkako protestek aurrera jarraitzen dute Donostian. Irutxuloko hitza-k jaso duenez, Ulia Auzo Elkarteak deituta, ostiralean 50-100 herritar inguru elkartu ziren Okendo Kultur Etxearen aurretik abiaturiko manifestazioan, eta lanen eremura sartu ziren protestaka, Parkea bai, Culinary ez! oihukatuz. Izan ere, joan den astean hasi dira Groseko berdegune bakarra den Manteo eta Zemoria parkeen eremua eraldatzen, berdegune guztia zuhaitzik gabe utziz.
Auzotarren artean haserre bizia eragin du proiektuaren hasiera horrek. SOS Manteo elkarteak azaldu du “inolako bermerik gabe” abiarazi dituztela lursaileko eta inguruko eremuetako landarediarekin lotutako lanak, eta Donostiako Udalari esandakoa ez bete izana leporatu dio, “zuhaitzak moztea obren eremutik kanpo zegoela” adierazi baitzuten Amenabarreko ordezkariek. Dagoeneko proiektuaren aurkako 7.000 sinaduratik gora bildu dituzte.
Elkarteko kideek azpimarratu dute ez dutela etsiko parkea berreskuratu arte: “Manteoko BCCren gaia auzoarentzat ezinbestekoa den berdegune bat galtzetik haratago doa. Hiri ereduaren, arlo publikoaren kudeaketaren eta gobernantzaren gaia ere bada”.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545