“Oraingoz desalojoa geldiarazi dugu eta lurraren defentsan jarraituko dugu”

Berangoko eraikin zaharrena (Otxandategi dorretxea) eta bere inguruko lur emankorrak ez ditzan etxebizitza negozioak irentsi, erresistentzia gosaria deitua zuen Otxantegi Herri Lurra proiektu agroekologikoak. 8:30etarako 40 herritarrek jarri dute gorputza lurraren defentsan. 9:20 aldera Ertzaintza eta udaltzainak komitiba judizialarekin bertaratu dira eta lekua husteko beste egun bat jakinaraziko dietela esan diete herritarrei, une horretan hori egiteko baliabiderik ez zutela argudiatuta. Otxantegi Herri Lurrako kideek pozik adierazi dute oraingoz desalojoa gelditu dutela eta "lurraren defentsan jarraituko dutela".


2023ko azaroaren 23a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Otxantegi Herri Lurrak proiektuko kide batek ARGIAri adierazi dionez, 40 lagun inguru batu dira goizean goizik. "Inguruko jendea etorri da, gure ekimenetan parte hartu izan duena, eta babes hori guretzat positiboa da". Otxandategi dorretxea Berangoko gain batean dago, Erdi Aroan defentsarako erabilia izan zen eta bere armarria herriko armarria da egun. Gaurkoan dorretxea eta bere lurrak izan dira 40 herritar hauek babestu dituztenak. Izan ere, Otxantegi Herri Lurrak agroekologia proiektuak jakitera eman duenez, Berangoko azaleraren zazpitik baten jabe den Aguirre-Lipperheide familiak elikagaiak sortzeko emankorrak diren 8 hektarea lur hauek etxebizitzak egiteko ustiatu nahi ditu, 30 milioi euroko irabaziak lortzeko. "Pelotazo"-tzat daukaten proiektu horri aurre egiteko, "lurraren aldeko defentsara" lotu dira bi urte hauetan Otxantegi Herri Lurrako kideak, ortu komuna eta soroa landuz.

Gaur goizean Otxandategi dorretxera daraman bidea oztopatu dute erresistentziara batu diren herritar batzuek. Bitartean, beste kide batzuek eraikin barruan eserita egin diote hustutzeari plantoa eta atarian ere baziren kideak, pankartak eskuan espero zuten desalojoa salatzen. Haien zorionerako, bertaratu diren udaltzainak eta ertzainak komitiba judizialarekin batera joan dira desalojoaren jakinarazpena komunikatzera eta horrez gain esan diete hustuketarako momentuan baliabiderik ez zutela eta desalojoa beste egun batera atzeratuko dela, eta data zehaztuko zaiela.

Ertzaintzaren komitiba judiziala erresistentziako kideei desalojoa atzeratu dela jakinarazten. Argazkia: Hiruka.

Otxantegi Herri Lurrako kide batek adierazpen hauek egin dizkio ARGIAri: "Borroka ekologista da gurea, Uribe Kostan kokatua. Gaurkoan desalojoa gelditu dugu eta berau atzeratzea lortu da. Garaipena da bailarako herri mugimenduentzat eta autogestio proiektuentzat. Lurraren defentsan jarraituko dugu".

Euskal Telebistako Egun on Euskadi saioan eman dute bere berri (4:55 minutuan eta 39:40 minutuan).

Hiruka komunikabideak bertatik egin du jarraipena eta artikulu honetara ekarri ditugun argazkiez gain, sare sozialetan zabaldu ditu kide baten adierazpenak:

Amasa-Villabonako Udala Premier enpresarekin negoziatzen ari da Amasamendiko herri lurretan bi haize errota jartzeko baldintzak
2025-05-06 | Estitxu Eizagirre
Ander Goikoetxea Amasa-Villabonako zinegotzia da eta EH Bilduko Legebiltzarkidea. Premier ESPF Ipaz Haizea enpresak Amasamendin ezarri nahi dituen bi haize erroten orain arteko prozesua nola... (+)
Zer dezake udal batek makroberriztagarrien aurrean?
2025-04-30 | Estitxu Eizagirre
Bizitza ez-berriztagarriak filma ikusentzun zuten atzo 70 inguru lagunek Villabonan. Francisco Vaquero egilea bertan izan zen eta emanaldiaren ostean hitza hartu zuten herritarrek, kargu publiko... (+)
Bizi Baratzea Orria: ARGIAk abiatu duen aldizkari berria, Bizi Baratzea proiektuaren 10. urteurrenean
2025-03-23 | Estitxu Eizagirre
Urtaro bakoitzean kaleratuko den aldizkari honek Lurrari buruzko jakintza praktikoa eta gaurkotasuneko gaiak jorratuko ditu. Formato oso berezia du: plegatutako orri handi bat da eta... (+)
EH Bizirikek manifestazioa deitu du larunbaterako 'Euskal Herria ez dago salgai!' lelopean
2025-03-20 | Estitxu Eizagirre
Sareak nabarmendu du Euskal Herri osoko eragileak daudela bertan eta deialdiak 140tik gora atxikimendu jaso dituela: "Horrek islatzen du zein den gaur egungo errealitatearen urgentzia,... (+)
"Paradisu zineman ikusiko gara...", haizeari puzka ari beharrean
2025-03-17 | Estitxu Eizagirre
Martxoak 15 goizean elurrak zuritu zuen Arano. Bertako herritarrek eta ingurutik eta ez hain ingurutik bildutakoek bete zuten plaza eta elkartasunaren beroan gozatu zuten eguna:... (+)
gora