Azaro euritsu, urte garitsu

“Paradisu zineman ikusiko gara...”, haizeari puzka ari beharrean

Martxoak 15 goizean elurrak zuritu zuen Arano. Bertako herritarrek eta ingurutik eta ez hain ingurutik bildutakoek bete zuten plaza eta elkartasunaren beroan gozatu zuten eguna: Urumeako mendietan ezarri nahi duten Euskal Herriko zentral eoliko handienaren kontrako protesta izan zen.


2025eko martxoaren 17a
Martxoaren 15ean Aranon egun osoko egitaraua antolatu zuten bertan egin nahi duten Euskal Herriko zentral eoliko handienaren aurka protesta egiteko.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Euskal Herriko hainbat txokotatik plazara goizean inguratu orduko, aranoarrek prest zuten eskuak berotzeko eta animo goibelena pozteko moduko salda. Vidas irrenovables dokumentala elkarrekin ikusiz eman zioten hasiera egunari (behean emanaldi horren berri). 150etik gora ikusle zenbatu zituzten antolatzaileek.

"Bizitza ez-berriztagarriak" dokumentala ikusten. Urumeako Mendiak Bizirik

Egun osorako hizketarako gaia jarri zuten dokumentalean agertzen diren egoerek eta hausnarketek. Film emanalditik tripak nahasita atera baziren ere, pintxoekin sabela goxatuta eta batekin eta bestearekin berriketan ekin zion mendirako bideari herritar talde ausartenak. Hotzak eta elurrak beldurtu zituzten herritarrek, berriz, elkarte aurrean paratutako txosnan eta herriko ostatuan hartu zuten babes.

Elurrak elur, mendi itzulia egin zutenen taldea.

Luxuzko soinu-joleek batu zituzten mendian goiti eta beheiti ibilitakoak: herritik taldetxo bat igo zen ermitaraino eta han egin zieten harrera mendi kaxkora igo zirenei. Joseba Tapia, Jon Mari, Izer eta Alabier trikitilariek eskainitako mendiko erromeria berezi horretan dantzan aritu ondoren, kalejiran egin zuten Aranoko plazarainoko bidea.

Mendi-buelta egin zutenak eta herrian geratu zirenak ermita inguruan elkartu ziren eta elkarrekin dantzan aritu ziren luxuzko soinu-joleen erritmora. Urumeako Mendiak Bizirik

Giroa berotzen joan zen eta ostatuan, "sold out" edo modako txatxukeriarik gabe, arte handiz eskainitako herri musika gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek. Soinuen azken akordeekin eta panderoen erremateko kolpeekin batera, jendaurrera atera ziren Aitor Mendiluze eta Julio Soto eta bertsoaren haria eten gabe 45 minutuko potentzia handiko saioa eskaini zuten. Hementxe osorik entzungai:

Indarrak kargatuta itzuli zen nor bere etxera. Komunitateak badu ahala, ematen du pozetik bizitzeko umorea, guztion onerako borroka egiteko arnasa.

Urumeako Mendiak Bizirik taldeak antolatu zuen eguna, eta Udalak babestu. Erakunde horrek bereziki eskertu zituen trikitilariak eta bertsolariak.

Urumeako mendietan ezarri nahi dituzten eolikoak erakusten ditu Urumeako Mendiak Bizirik taldeak egin duen muntaia honek.
"Paradisu zineman ikusiko gara..."

Aranon Vidas irrenovables dokumentala ikusteko bete zen eliza goizean. Filmaren egile Francisco Vaquerok eskerrak eman zizkion bertako udalari, nabarmenduz Espainiako Estatuan orain artean egin dituzten 180 inguru emanaldietatik dozena batera ez direla iritsiko udalek antolatu dituztenak. Herriaren paisaian eta herritarren bizimoduan eragin handia izango duen horrelako proiektu bat (edo batzuk!) bere lurretan iragarri dizkioten udalak berak bultzatu beharko luke herritarren artean deliberazio prozesu bat, ikuspegi anitzak eta informazio osoa emanda. Sentipen horrekin ateratzen da herritarra dokumental emanalditik: "Hau gure herrira ekarri behar dugu, jendeak ikusi egin behar du". Hona hurrengo aukerak –euskarazko azpitituluak ere  baditu orain–: apirilaren 3an Donostiako Trueba zineman izango dira filma eta egilea (bigarren aldiz!); apirilaren 6an Zeberion, apirilaren 7an Iruñeko Golem zineman, EcoZine jaialdiaren baitan; apirilaren 9an Usurbilen; apirilaren 10ean Ordizian eta apirilaren 11n Larraintzarren.

"Filma interneten balego, jendeari erakusteko"... komentatu izan didate askok. Aranon sentitu nuen filmaren indarra justu interneten ez egotea dela, horrek dakarrelako emanaldira joatea, herrikideen ondoan esertzea eta komunitatean ikustea. Egoera horrek berak sortzen ditu gaiaren angelu anitzei buruzko elkarrizketak eta hausnarketa partekatuak.

Badu gatza eta piperra hizketan Vaquerok eta emanaldiaren aurretik egiten duen sarreran eta ondoren sortzen diren galdera-erantzunetan ahobizarrik gabe mintzo da. Hala esan zuen, makroproiektu kaltegarriak asko eta aspalditik eraikitzen dituztela bazter guztietan, baina honako hauekin kosta egiten dela jendeak makroproiektu horiek dudan jartzea, "oso paper politean ongi bilduta eta lazo eta guzti" aurkezten dizkigutelako: berdea, jasangarria, ingurumenaren aldekoa... "Lurraldearen lapurreta" egiten ari direnak "betiko otsoak, beste larru batzuz jantziak" direla esan zuen eta lapurrak uxatzeko modu onena zarata ateratzea dela: "Askotan, herritarrek zarata ateratzen badute euren kasa joaten dira, lurralde osoa dutelako haien eskura eta diskurtsoa erortzea baino nahiago dute hurrengo mendi-lerrora mugitu eta kito". Zarata ateratzeko hitzordu bateratu bat badela oroitarazi zuen: martxoaren 22an Gasteizen, 18:00etan Bilbo Plazatik hasita eta Euskal Herria Bizirik-ek antolatuta.

Ikazkinak Bizi Baratzea Orria aldizkariak jasotzeko karpeta ekarriko digu opari
2025-12-17 | Estitxu Eizagirre
Inprentatik atera berri da Bizi Baratzea Orriaren laugarren zenbakia, neguari dagokiona. Poster handi bat da formato bereziko aldizkari honen ardatza, eta hau du izenburu azken... (+)
"Fruta arbolak bermatzen du zer jana izango dugula"
2025-12-01 | Estitxu Eizagirre
Bertsoak, azalpenak, ilustrazioak eta umorea uztartu zituzten Jakoba Errekondok, Antton Olariaga eta Maddalen Arzallusek Biriatun, III. Arbolaren Bestan, 2026ko Ilargia eta Landareak agenda aurkezteko ekitaldi... (+)
Azaroaren 29an Biriatun fruta arbolen ekitaldi berezia
2025-11-28 | Estitxu Eizagirre
Arbolaren Bestaren hirugarren edizioa izango da azaroaren 29an Biriatun. Tokiko arbola, fruitu arbola eta landare ekoizle txikien merkatua izango da egunaren ardatza. Horrez gain, hainbat ekimen... (+)
Laborantza eta Iparraldea, aurtengo saridunetan nabarmenduak
2025-11-27 | Estitxu Eizagirre
37. Rikardo Arregi Kazetaritza sariak banatu dituzte azaroaren 26an Andoainen. Jakoba Errekondok jaso du Ohorezko Mugarria saria, Euskadi Irratian eta ARGIAn baratzeari buruz urteetan egindako... (+)
Utzi izaten, utzi pasatzen
2025-11-23 | Estitxu Eizagirre
Norberaren inguruko mendietan haize errotak jarri behar diren edo biodibertsitatearen mesedetan bakean utzi behar diren, horra egungo dilema. Lurraldea enpresa multinazionalek, edo aitzitik, naturak okupatuko... (+)
gora