Mundua gobernatu nahi duena baratze bat gobernatzetik has bedi.

Núcleo Nacionalek Hego Euskal Herrian ere hedatzeko asmoa zuela dio polizia ikerketak

Donostiar bat dago berriki atxilotutako nazien artean, eta euren presentziaren beste hainbat zantzu ikusi dira azken urteetan: Berriozarren, Núcleo Nacionalen kamisetarekin atera zen militar bat udan, eta zenbait iturrik diote, bestalde, Bilbon Espainiaren kamiseta zeraman gizon bati kargu hartu zion jendearen kontrako "errepresalia" bat prestatzen ari zirela faxistak.


2026ko azaroaren 17a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Núcleo Nacional talde neonaziari buruzko ikerketa polizial eta judizial bat zabalik dago momentu honetan: oraingoz, hamalau kideren atxiloketa eta kolektiboaren jarduna, sare sozialak eta kontu korrontea eteteko erabakia izan dira emaitzak. Núcleo Nacionaleko hainbat buruzagiren etxeetan egindako miaketetan arma ugari topatu dituzte, iturri polizialen arabera, suzko armak barne. Bada, hainbat hedabide apurka-apurka ari dira argitara ematen ikerketa polizialak oraingoz seinalatutakoa, eta talde neonaziak Hego Euskal Herrian utzitako arrastoaren berri ere eman dute.

Donostiar bat atxilotutako nazien artean

Hilabete honetan bertan atxilotutako faxisten artean, Donostiako gizonezko bat dago: Aitor R. A. Joan den irailean jakinarazi zuten hainbat iturrik Núcleo Nacionalen ordezkaritza batek Ukrainara bidaiatu zuela, prestakuntza militarra jasotzeko, eta donostiar hori zen, ustez, Azov indarren brigadetako batekin trebatzera joandako faxistetako bat. Bere sare sozial pertsonaletan argitaratu zituen entrenamenduen irudi batzuk: tiro egiten ikus zitekeen bideo batean, eta armaturik eta bularraldean nazien svastika bat zeramala agertzen zen argazki batean.

Arbasoen Mendekua eta eraso faxista bat Tolosan

Aitor R. A. da, hain zuzen ere, Arbasoen Mendekua (@AMendekua44 X plataforman) sinaduraren atzean dagoen pertsonetako bat. Besteak beste, immigrazioaren aurkako pegatinak eta bestelako propaganda egiten aritu izan da Euskal Herrian, eta Tolosan, horregatik aurre egin zion militante sozialista bati eraso zion, iazko otsailean. Tolosarrari piper-gasa bota ondoren, ihes egin zuten Aitorrek eta berekin zihoan beste faxista batek.

Ustezko "errepresalia" baten prestaketa, Bilbon udan izandako gertakarien harira

Bestalde, El Correo-k polizia iturriak aipatuz esan duenaren arabera, badirudi Euskal Herrian ere lur hartu nahian ari zela Núcleo Nacional. Egunkari horrek jaso duenez, talde faxistako zuzendaritza "errepresalia" bat prestatzen ari zen, joan den uztailean Bilbon izandako gertakari batzuei lotuta: Munduko Kopako finalaren egunean, Espainiaren kamiseta zeraman gizonezko baten aurka erantzun zuten hainbat pertsonak, eta badirudi horren harira eman nahi zuela erantzun bat Núcleo Nacionalek. El Correo-k ez du horren inguruko zehaztapenik eman, dena den.

Berriozarren, talde neonaziaren kamiseta bat atera zuen militar batek

Uztaileko egun berean, Munduko Kopako finalaren egunean alegia, liskar gehiago izan ziren Euskal Herrian. Berriozarren, Núcleo Nacionalen kamiseta jantzita atera zen kalera militar bat, eta futbol-partida taberna batean ikusten ari zela, probokazio faxista horren aurka erantzun zuten hainbat eta hainbat gaztek.

Handik bi hilabete ingurura, irailean, erantzun antifaxista horretan parte hartu zuten pertsonaren aurkako sarekada bat izan zen: gutxienez zortzi lagun atxilotu zituzten Iruñerrian. Núcleo Nacionalen kamiseta zeraman militarraren kontrako neurririk ez da egon, modu publikoan behintzat.

Voxen omenaldi faxista baten aurkako protesta Lizarran
2026-02-27 | Gedar
"Plus Ultraren balentria" eta Ruiz de Alda falangista omendu nahi zituen asteazkenean Voxek, baina hainbat eta hainbat pertsona mobilizatu ziren horren kontra, ekitaldia egitekoa zen... (+)
Errusiako gasa Europara itzuli da, TurkStream bidetik
2025-02-13 | Gedar
Ukrainako fluxua eten ostean, Errusiako gasa jasotzen jarraituko duela iragarri du Eslovakiak, eta Transnistriak uko egin dio Europaren "laguntzari". (+)
Balmasedako Glefaran enpresak etengabe gainditu ditu ezarritako kutsadura-mugak
2024-09-20 | Gedar
2016tik 2023ra bitartean, Pastguren paper-fabrika izandakoa erraustegi modura erabili zuen Glefaranek, elektrizitatea ekoizteko. Zazpi urte horietan zehar, errauts-partikulen isurketa-mugak urratu zituen, eta "gizakien eta ingurugiroaren... (+)
AEBetako armada munduko 139 herrialderen gainetik dago CO2 isurketetan
2023-05-23 | Gedar
Erregai fosilen munduko kontsumitzaile partikularrik handiena da Pentagonoa. Herrialde bat balitz, 55. postuan legoke munduko berotegi-efektuko gasen igorle nagusien artean. AEBetako Gobernu Federalaren energia kontsumo... (+)
gora