Asteroko buletina
Kandelarioz euria. Laister du udaberria.

Arabako ardogintza: txikitasuna aldarri, eredu aldaketa bultzatzen

Arabako Mahats-bilketaren Jaiaren XXIX. edizioa ospatu dute Moredan, igandean. Egun batzuk lehenago, ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak agerraldia egin zuen, Arabako ardogintzak bizi duen “krisi larriaz” beste behin ohartarazi, eredu aldaketa exijitu, eta Arabako Errioxako ardoa Errioxa sor-markatik bereizteko kanpaina berria iragartzeko.

Horretaz guztiaz hitz egin du ARGIAk Itxaso Compañon ardogile eta ABRAko presidentearekin. Ardogintzaren egoera zinez zaila irudikatu du upategi handien morrontzapean, baina horretatik askatzeko proposamenak ditu elkarteak.


2024ko irailaren 16a
80 upategitako ordezkariek prentsa agerraldia egin zuten irailaren 11n, Guardian.

Egun batzuk gorabehera, hurrengo asteburuan hasiko da mahats zuriaren bilketa Arabar Errioxan, eta astebete geroago beltzarena. Aurtengo mahats ekoizpena Arabako Errioxan “oso ondo” joan dela azaldu du Compañonek: “Kantitate gutxiago jasoko dugu, baina kalitate oso onekoa izango da”.

Datu deigarria eman du Moredako mahatsaren jaian Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredok: azken urtean, Arabako Errioxako ardoen kontsumoa %4,4 jaitsi da, eta aurreikusten da aurten iaz baino 123 milioi litro ardo gutxiago ekoiztea (2023ko 377 milioietatik 254ra). Baina ez da kantitatea Arabako ardogintzaren arazorik behinena.

Itoginak margoz estali nahian

Iaz Jaurlaritzak 15,3 milioi euro bideratu zituen laguntzetan: batetik, pilatutako milioika ardo litro erabilera industrialerako desbideratzeko; eta bestetik, mahastietako mahatsa moztu eta zuzenean lurrera botatzeko. Aurten ere milioi euroak xahutuko dira zeregin horietan, eta diruarekin batera xahutuko dira nekazarien milaka lan ordu, milioika ur litro eta erregai kutsakor ugari ere bai.

“Bai, berriro ere diru publiko kantitate izugarria adabakietarako”, salatu du Compañonek. Gaur gaurkoz, laguntza horien beharra defendatu du, baina kritikatu du, beste behin, egiturazko erabakirik ez dela hartu, eta horixe dela Arabako ardogintza sektorea urtetan eskatzen ari dena. “Etxeko sabaian itogina izan eta urtero horma margotuz konpondu nahi izatea bezalakoa da; disimulatuko duzu aldi baterako, baina itogina berriz ere agertuko da”.

Zifrak eta datuak

2015etik 96 upategi txiki itxi dituzte Arabako Errioxan (358tik 262ra), ABRAk iragan asteazkenean azaldu zuenez Guardian eginiko agerraldian. Egiazko datua are okerragoa dela azaldu du Compañonek, jarduera bertan behera utzi duten hainbat upategik lizentzia mantentzen dutelako.

Beste datu dat: 2017an, 1,19 euroan ordaindu zitzaien mahatsa nekazariei, eta 2022an, 0,71ean. Krisiari aurre egiteko mahatsa “duin” ordaintzea eta zonaldea “berpiztea” eskatu zuen ABRAK, hain zuzen ere. "Urteak dira mahatsa erakundeek ezarritako gutxienekotik behera ordaintzen zaiela nekazariei", dio elkartearen presidenteak.

2015etik 96 upategi txiki itxi dituzte Arabako Errioxan. 2017an 1.19 eurotan ordaindu zitzaien mahatsa nekazariei, eta 2022an, 071ean

Upategi txikiak vs handiak

Araban nagusi diren upategi txikiak eta Errioxako lurraldea zein Errioxa sor-marka menpean duten upategi handiek eredu kontrajarriak dituztela dio Compañonek. Upategi txikiak familia negozioak izaten dira, kalitatean jartzen dute arreta eta bizirik mantentzen dituzte herriak: “Bertan bizi gara, eskolara eramaten ditugu umeak, bertako komertzioetan erosten dugu, paisaia zaintzen dugu eta hortik turismo ere eratortzen da”.

Handiak, berriz, kantitatean oinarritzen dira. Horretarako, besteak beste, lana prekarizatzen dute eta lurrak nonahi erosten dituzte. “Orain gutxi, upategi handi batek inguruko herri batean 40 hektarea erosi ditu beraiek soilik ordaindu dezaketen kantitate baten truke. Ordura arte, 40 hektareatatik lau familia bizi zitezkeen, eta orain, eredu horrekin, enpresak soilik aterako du etekina”. Inbertsio funtsak ere hasi dira upategiak eta lurrak erosten, ABRAren esanetan.

Baina enpresa handien abantailak askoz harago doaz. Batzuk, adibidez, hainbat sor-markatan ekoizten dituzte ardoak, “eta nahiz eta Errioxan galerak izan balantze orokor positiboa dutenez, mantendu daitezke”. Beste batzuk, ordea, desagertu beste irtenbiderik ez dutela dio Compañonek. Ekoizpena ez ezik, banatzaileak ere menpean dituzte handiek, “beraiek erabakitzen dute zer ardo heltzen den nora”.

Araban nagusi diren upategi txikiak eta Errioxako lurraldea zein Errioxa sor-marka menpean duten upategi handiek eredu kontrajarriak dituzte

“Nahasmen handia dago merkatuan”, dio Compañonek, eta zenbait gako zerrendatu ditu: upategi handiek irismen eta ikusgarritasun osoa dute, txikiek oso gutxi; herritarrek ez dakite zein ardo dagoen sortua upategi txikietan eta zein handietan; ezta horren atzean dauden eredu ekologiko eta ekonomikoak ere; eta kontsumitzaileak ez du ezberdintzerik zein ardo den Arabakoa eta zein errioxarra, denak Errioxa sor-markaren barnean jarraitzen dutelako. Are gehiago: herritar askok uste dute Ramon Bilbao, Ardanza edo izen euskalduna duten beste ardo batzuk euskal herrikoak direla, horrela ez denean. Horren guztiaren ondorioa da EAEn kontsumitzen den ardoaren %12 soilik dela Arabako Errioxakoa.

EAEn kontsumitzen den ardoaren %12 soilik da Arabako Errioxakoa

Arabako Mahastiak sor-marka, eta harago

Urteak dira Arabako Mahastiak sor-marka propioa aldarrikatzen duela sektoreak. Bideak EAEko epaitegietan blokatuta jarraitzen du. “Iaz esan ziguten urte hasieran etorri zitekeela ebazpena, gero uda aurretik, ondoren udararen bueltan...”, dio Compañonek. ABRAk sor-markarekiko bide “paralelo” berri bat iragarri zuen agerraldian, “guztiontzako aterki” izango dena, ABRAren barnean badirelako ezberdinduta baina Errioxa sor-markaren barnean jarraitu nahi duenik ere. Helburu nagusia argia da: kontsumitzaileek jakin dezatela Arabako ardoa dela aurrean duena, eta zein eredu duen atzean.

“Azken hamarkadetako krisirik larrienetakoa” bizi du Arabako ardogintzak, baina baikortasunez, proposamenak mahaigaineratuta hitz egiten du ABRAko presidenteak. Hilaren 25ean aurkeztuko dute bide berria, Gasteizko merkatuan. “Kanpaina berria laostia izango da”, adierazi dio ilusioz ARGIAri.

“Borondatezko metodoak bere topea du, eta tope horrekin ezinezkoa da araudia ere betetzea”
Atez atekoa oinarri, Arabako Errioxako Kuadrillan Kripan eta Eltziego herriek Araba osoko daturik onenak dituzte hondakinen gaikako bilketan eta horien birziklapenean, eta Europak ezarritako gutxienekoetara... (+)
Arabako Aldundiak Solariaren hiru parke fotovoltaikoren aurkako alegazioak aurkeztu ditu
Solaria enpresaren Zierbena 2, 3 eta 4 proiektuak lurraldean luketen eragina “onartezina” dela diote aldundiaren txostenek. Jaurlaritzak hartuko du azken erabakia, behin alegazio epea amaituta.... (+)
“'Far West'-ean gaude: heltzen lehena den enpresak lurrak hartu eta nahi duena egiten du”
Solaria multinazionalak 100 hektareako parke fotovoltaikoa eta eskualdea zeharkatuko lukeen Oso Goi Tentsioko Linea eraiki nahi ditu Arabako Gorbeialdean. Herritarrak aurka antolatu dira eta ekimen... (+)
Traktoreek trafiko eragozpen handiak sortu dituzte Araban eta Nafarroan
Nafarroan 800 traktore inguru mobilizatu dira sindikatuetatik kanpo, eta Iruñerrian eta Erriberan sortu dituzte trafiko arazoak nagusiki. Araban, herrialde osoko 500 traktorek bat egin dute... (+)
Basque Culinary Center, Arabako Guardian ere
Edariak eta Ardoa (EDA) Drinks & Wine Campusak bigarren egoitza bat izango du Arabako Errioxan, Gasteizkoarekin batera. EDA Basque Culinary Centerrek “garatu eta gidatutako” proiektua... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora