Astelehenero 8:00etan zure epostan
Iberian Copper S.L.U. enpresak ikerketa lanak egiten jarraitzen du Lizarraldeko Sorladako (Nafarroa) lur komunaletan, Emilia meatzearen eremuan. Ekologistak Martxan eta Lurgorri plataformak gardentasun falta salatu dute, baita lanak egiteko udalak emandako baimena legez kanpokoa dela ere, lur horiek ez baitaude proiektuan zehaztutako lokalizazioan, baso lurrak direlako.
Sorladan “legez kanpo” egitekoak diren kobre meatzea ikusteko antolatutako mendi martxa.
Iberian Copper S.L.U. enpresak Zangotzako eta Lizarraldeko 31 udalerritan 264 km koadro baliatu nahi ditu kobre meatzaritzarako. Sorladako Udalak baimena eman dio enpresari herriko lur komunaletan, Emilia meatzearen eremuan, ikerketa lanak egiteko meatzaritzarako lursail egokiak diren jakiteko. Baina Ekologistak Martxan taldeak eta Lizarraldeko meatzaritzaren aurkako Lurgorri plataformak ohartarazi dute enpresa “legez kanpo” hasi dela zundaketa horiek egiten. Llarunbatean mendi martxa antolatu zuten Emilia meatzera joateko. Nafarroako Gobernu Ordezkaritzak, ordea, baimena ukatu die.
Nafarroako Gobernuaren Enpresa Garapenerako Zuzendaritza Nagusiak 2026ko otsailaren 4an eman zizkion enpresari Nafarroako lau eremutan ikerketak egiteko baimenak. Uztailaren erdialdean, Ekologistak Martxanek helegitea jarri zuen Nafarroako Gobernuko Industria Departamentuan, Ingurumenaren Zuzendaritza Nagusian, Sorladako Udalean, Sepronan. Momentuz, ez dute erantzunik jaso, eta enpresak, bitartean, hasiak ditu lanak Sorladan, Udalaren baimenarekin.
Nafarroako Gobernuak emandako baimenean, ordea, adierazten da proiektuaren jarduerak "aurkeztutako dokumentazioan adierazitako tokietan" baino ezin direla egin; hau da, "laborantza lurretan egin behar dira lanak nahitaez". Gauza bera dio ere 2025ean Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Ebaluazio Atalak egindako txosten teknikoak.
Proiektuaren jarduerak "aurkeztutako dokumentazioan adierazitako tokietan" baino ezin dira egin, eta "laborantza lurretan" egin behar dira
Aldiz, enpresa 372 zenbakidun lursailean hasi da proba geofisikoak egiten, eta lur horiek baso lurrak dira, ez laborantza lurrak. Gainera, lur horiek ez dira ageri enpresak ikerketa proiekturako atxikitako dokumentazioan, eta, beraz, hori ere, Lurgorriren hitzetan, "legez kanpokoa" da. Arau hauste gehiago ere badirela azaldu du plataformak; erraterako, enpresak ez du modu publikoan jakinarazi norenak diren aldi baterako okupatuko dituzten lurrak.
Lurgorrik jakinarazi duenez, enpresak segurtasun dispositiboa zabaldu du meatze inguruan, eta herritarrei ez diete uzten meatze zaharreraino doan bidean barrena lanean ari diren tokiraino joaten: "Jazarri egiten zaizkie hurbiltzen direnei, eta Guardia Zibilak identifikatu egiten ditu".
Enpresaren “gardentasun falta" eta "irregulartasunak” salatzeko, eta proiektua geldiaraztea aldarrikatzeko, mendi martxa antolatu zuten larunbatean, baina Nafarroako Gobernu Ordezkaritzak ukatu egin die, Guardia Zibilaren txosten bat oinarri hartuta: segurtasun arrazoiak aipatzen dituzte, eta, diotenez, zenbait gorabehera izan dira eta kalteak eragin dizkiote zundaketa egiteko erabiltzen ari diren makinari.
Lurgorrik argi utzi nahi izan du ez duela “inolako zerikusirik izan ustezko gertakari horiekin”, eta plataformak egindako ekintza guztiak “baketsuak eta legezkoak” izan direla baieztatu du. Halaber, gogorarazi du uztailaren 3an ibilaldi aldarrikatzailea egin zela, Gobernu Ordezkaritzak baimenduta: ibilbide berbera egin zuten, eta ez zen inolako istilurik izan.
Hortaz, erakundeen jarrera gaitzetsi du Lurgorrik: “Administrazio publikoen utzikeriak babesa ematen die, eta lurra defendatzen duten taldeei, berriz, ez diete uzten bide publikoetan ibiltzen lanak zertan diren ikusteko ere”.
Inguruko herritarrei, elkarteei eta udalei ere dei egin die Lurgorrik "proiektuari aurre egiteko", eta “lanada eremu bizi baten alde" lan egiteko: “Ez dugu espekulatzailerik nahi gure lurretan, ezta herriak eta Lur planeta osoa txikitzen dituen makroproiekturik ere. Lurraren defentsan, Lizarraldea ez dago salgai”.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545