Utzi naturari zure baratzean bizitzen.

Militarren sendabelarra guretzat ere txarra ez

Santio-belarraz (Hypericum perforatum) ari naiz, akaso irakurleak ausiki-belar, epai-belar, hostoargal, likurusna edo milazulo izenez ere ezagutuko duenaz, baina militarren sendabelarra esango banu zer, lotura egitea pixka bat gehiago kostako da, ezta?

Garbiñe Larrea Iturralde
Garbiñe Larrea Iturralde

Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea


2023ko ekainaren 26a
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Sendabelar magikotzat jo izan da, igaro berri dugun San Juan egunaren inguruko tradizio askotan aurkituko dugu. Ez da edozein, Erdi Aroan deabrua uxatzeko ere erabiltzen zelako, atarian babesgarri moduan ipinita. Euskal Herriko hainbat tokitan San Juan eguneko sendabelar eta lore sortan ipintzen jarraitzen dugu, badaezpada ere.

I. mendean armada erromatarreko mediku zen Dioskoridesek idatzi zuen berari buruz eta egin zituen azterketek formula asko ezarri zituztela ikusten dugu, ordutik oso erabilia izanik. Mina arintzea du helburu, gorputzekoa bezain ondo arimakoa, hala, antidepresibo erabilia da. Gaur egun ere, orduan bezalaxe, gerrek sortzen dituzten min anitzak tratatzeko ona da. Norberak jakingo du bere batailen berri, nahiz ez izan soldadu…

Flabonoideak, polifenolak, taninoak, karotenoideak, fitosterolak, pektina, olio esentzialak, hipericina, hiperosidoa, hiperforina, olio esentziala eta pigmentu gorria ditu loreak eta osagai hauetako batzuk bakarrik hostoak. Horregatik, ahal dela, lorea erabiltzen saiatu behar dugu. Lore irekia, egun eguzkitsuan bildua, adituek diotenez. Osagai hauek sedatzaileak eta depresio arinaren kontrakoak dira; antsietatea, urduritasuna eta hauek eragindako insomnioa tratatzeko ere balio dute.

Kanpo erabileran oliba oliotan beratu eta eguzkitan berrogeialdi batean edukita sekulako oleatoa egiten da, urre gorriaren parekoa. Bera hutsik azalean igurtzita giharretako gogortasuna eta hantura tratatuko ditugu. Ukendua egin nahi duenak egin dezake baina oleatoa hutsik erabiltzea ondo dago zauriak, ultzerak, erredurak eta urratuak tratatzeko, antibakteriano ona baita. Zauri irekia eta kolpea batera ditugunerako egokia da, kirurgia osteko zauriak zaintzeko ere bai. Zirkulazioa babesten duelako neguan erabiltzea gomendatzen dugu, ospelei aurrea hartzeko.

Eragin antidepresiboa duten sendabelar zein botiken albo ondorioak izan ditzake: urdaileko arazoak, urduritasuna, buruko mina, goragalea, gosea, ahoa lehortzea eta azkura. Halakoetan ez erabiltzea gomendatzen da. Botika askorekin ez da bateragarria, buruko gaitzetarako botikak hartzen direnean psikiatrak erabaki behar du egokitasuna. Analgesikoak, anestesikoak, antisorgailuak, antirretrobiralak, digoxina, tiroxina, botika antiarritmikoak eta onkologikoak hartzen direnean ere ezin da erabili. Kasu hauetan denetan ukendua segurua da.

Infusio zein tinturan hartu edo ukendu zein oleatoa larruazalean emanez gero ez da eguzkirik hartu behar, larruazalean orbanak aterako zaizkigulako. Hala, neguan bakarrik erabiltzea gomendatzen da. Haurdunaldian eta edoskitzaroan ezin da erabili.

Herri ikerketa, herriarekin, herritik I
Joan den ekainaren 22an izan genuen Ikerketa parte-hartzailea eta kokatua: herri ikerketa, herriarekin, herritik ikastaroa Eibarren. UEUren 54. Udako Ikastaroen barnean, Biharamunen Lantegiak antolatua. Loretxu... (+)
Izpiliku ezkontza, "lavender wedding"
Aurrekoan, xaboi ikastarorako hainbat izpiliku barietateren olio esentzialak sailkatzen ari nintzela, galdu egin nintzen eta leku oso harrigarri batera eraman ninduen izpilikuaren inguruko jakintzak. (+)
‘Psyllium’ baino plantaina nahiago
Entzule baten proposamenari heldu eta psyllium zuntzari buruz hitz egin dugu gaur, izan ere, boladan ipini da psyllium hautsa eta badirudi denok hartu beharrekoa dela.... (+)
Zikutak ez du argirik
Argia ematen duten landareak, hau ikusteko ere jaio garela dirudi. Gure artean ditugun landare ohikoak dira asko, orkideak edo krasak adibidez, baina zuhaitzekin ere ari dira... (+)
Intsusa, azala gaztetzeko (ere bai)
Badirudi natura denok maitatzen dugun zerbait dela, baina ez da hala. Berriki egindako ikerketek diote biofobia areagotzen ari dela hirietan. Zer den eta zerk eragiten... (+)
gora