Ganderailu, sasoinaren berrigailu.

Loreen agurra

Udazken sasoia iritsi zaigu eta ohikoak diren irudiak etorri zaizkigu; hostaje gorrixkak, erortzen ari diren hosto bakan malenkoniatsuak, haizeak astindutako orbela.

Garbiñe Larrea Iturralde
Garbiñe Larrea Iturralde

Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea


2025eko urriaren 06a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Zuhaitzen hostoekin batera loreak ere badoaz, baina lorearen iruditeria udaberriarekin lotzen dugunez, uste dut ez diegula erreparatzen loreen agurrari. Hau idazterakoan urrezko hagaxka (Solidago virgaurea) sorta daukat ordenagailu aldamenean. Mandabelarrak (Centaurea jacea) ere tente altxatzen ditu begi moreak garo artean. Aingeru-belarra (Angelica sylvestris) izango da gehien iraungo duena, izotzak jo arte errepide bazterretan ere sendo iraungo duelako, mihiluaren (Foeniculum vulgare) aldamenean.

Baratzean loreak dituenak ere honezkero bildua du uzta. Mendak (Mentha familia), izpilikua (Lavandula angustifolia), ilena (Calendula officinalis), ezkaia (Thymus vulgaris) eta erromeroa (Rosmarinus officinalis), besteak beste, dagoeneko lehortu eta jasota izango dituzue ziurrenik.

Arrosa (Rosa familia) izango da akaso loreetan loreena, edertasunaren eta lorearen ikur bat baldin bada. Hala ere, inork gutxik ikusiko dio arrosari lurrinaz haratagoko baliorik. Arrosa gorriak balio terapeutikoa ere badu eta merezi du horretaz aritzeak, sendabelarra dela esatea asko kostako zaigun arren. Kontuan izan balio terapeutikoa arrosa gorriarena dela eta ez digula balio bestelako koloreak dituenak.

Erlaxazio fisiologiko eta psikologikoa eragiten dituela ikusi da, eragin analgesikoa eta antsiolitikoa duela ere bai. Emozioek eragindako tentsioa eta urduritasuna izan baldin baditugu egokia da iluntzean infusiotan hartzeko, insomnioa badago batez ere. Gorputzeko likido atxikipena gutxitzen du, batez ere hileko aurreko sindromea dagoenean. Hilekoaren mina edo dismenorrea arintzen ere badu tradiziorik, nahiz beste sendabelar batzuk erabili izan ditugun horretarako.

Azkenaldian te beltzarekin (Camelia sinensis) nahastuta ikusten dut salgai, gosaltzeko ez da breakfast tea txarra. Rooibosekin (Aspalathus linearis) nahastuta ere goxoa dago, kakao (Theobroma cacao) aleekin batera dator askotan, sinergia polita eginez. Honek arima goxatzen duela esatea ez da atrebentzia. Infusio hauek ez dezatela arrosa olio esentzialik eduki, ia ziur sintetikoa izango baita, gorputza kutsatzeko eta kaltetzeko bestetarako ez. Benetako olio esentziala izango balu izugarri garestia litzateke eta kontrakotasuna du haurdunaldian. Ez du beste albo ondoriorik baina duen hori aintzat hartu behar da. Norberak bere lorategian dituen arrosa gorriak erabiltzea gomendatzen dut, arrosazalea denak ongi ezagutzen baititu honen beharrak eta loraldiak.

Amaitzeko, hau idazterakoan astero ikusi dudan arrosondo bat datorkit burura; Tolosan, errepide ondoan, putetxe baten hormaren kontra. Beti egon da zigortuta bezala, leku txarrean penatuta dagoen landarea ikusten nuen. Putetxea itxitakoan kolpetik hazi, indartu eta loratu da, uste dut bakarrik azaltzen dela adibidea. Eta bat-batean, edertasun handi horrek baten bat amorratu izan balu bezala, ipurditik moztu dute, desagerrarazi. Malko batekin noa ipintzera azken puntua.

Herri ikerketa, herriarekin, herritik I
Joan den ekainaren 22an izan genuen Ikerketa parte-hartzailea eta kokatua: herri ikerketa, herriarekin, herritik ikastaroa Eibarren. UEUren 54. Udako Ikastaroen barnean, Biharamunen Lantegiak antolatua. Loretxu... (+)
Izpiliku ezkontza, "lavender wedding"
Aurrekoan, xaboi ikastarorako hainbat izpiliku barietateren olio esentzialak sailkatzen ari nintzela, galdu egin nintzen eta leku oso harrigarri batera eraman ninduen izpilikuaren inguruko jakintzak. (+)
‘Psyllium’ baino plantaina nahiago
Entzule baten proposamenari heldu eta psyllium zuntzari buruz hitz egin dugu gaur, izan ere, boladan ipini da psyllium hautsa eta badirudi denok hartu beharrekoa dela.... (+)
Zikutak ez du argirik
Argia ematen duten landareak, hau ikusteko ere jaio garela dirudi. Gure artean ditugun landare ohikoak dira asko, orkideak edo krasak adibidez, baina zuhaitzekin ere ari dira... (+)
Intsusa, azala gaztetzeko (ere bai)
Badirudi natura denok maitatzen dugun zerbait dela, baina ez da hala. Berriki egindako ikerketek diote biofobia areagotzen ari dela hirietan. Zer den eta zerk eragiten... (+)
gora