Uztaileko borronbonbon, ez beti goxo baina on

“Zazpi sendabelar ukendua”-ri zor dioguna

Ukenduak egiten dituen orok solstizio bueltako data hauetan zeruari begiratu dio: bateko beroa eta besteko ekaitzak, sendabelarrak noiz bildu erabakitzen komeriak izan dira. Ikusten denez, San Joan eguna ez da edozein egun, indar eta sinbolismo bereziko eguna dugu. Edozein direla ere sendabelarrak, edozein dela ere horiek bildu ditugun tokia, ekainak 24an egin badugu bilketa, ukenduak balio handia duenik ez da auzitan jartzen.

Garbiñe Larrea Iturralde
Garbiñe Larrea Iturralde

Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea


2025eko uztailaren 07a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Ukendurik erabiliena izango da ia ziur, urte osoan egingo duten bakarra, askorentzat. Estimatuena dutela entzuten diet askori. Gaur egun gizarte aberatsean bizi gara eta ukendu mota asko ditugu baina ez hain aspaldi, ukendu bati dena edo ia dena sendatzea eskatzen zitzaion. Eta ondo egiten zuela esan dezakegu, nahiz badakigun oro sendatzailerik ez dagoela. Horregatik, formulari ekin aurretik esan nahi dut niretzat umiltasun lezio dela ukendu hau, etxe askotan belaunaldiz belaunaldi jaso den jakintzak lehen bezala orain ere egiten duelako bere lana, mundua asko aldatu bada ere.

Sendabelar basatiekin, oliba olioarekin eta argizariarekin egindako ukendu honek ez du beste erremedio askoren inbidiarik. Orain sinetsarazi nahi digute olio esentzialak, sendabelar exotikoen aktibo indartsuak eta ez dakit nongo (eta nolako) aktibo kosmetikoak behar ditugula azalean gerta daitezkeen edozein egoerarentzat baina ez da egia.

Zazpi gaitzen kontrakoa dela diote askok. Zazpi sendabelar dituela argi dago baina zergatik galdetzen didatenero erantzun argirik ezin izaten dut eman, uste izatea ez baita jakitea. Hori bai, gure inguruan bildutakoak izan daitezela. Askok basatiak esan ordez debaldekoak direla esatea nahiago dute; gure amonaretzat Jainkoak debalde emandakoak ziren.  

Zein sendabelar erabili behar diren ere ez dago argi eta horrela hobe. Tokian tokikoarekin, garaian garaikoarekin eta urtean urtekoarekin egiten dugu. Beraz, beti formula bera egitea ortodoxoen kontua dela dirudi, formula aldatu eta egokitzearen aldekoa naiz; asko ikasten delako hartara. Hori bai, badira hiruzpalau sendabelar den-denok ipintzen ditugunak eta hori zerbaitengatik da.

Santio-belarra (Hypericum perforatum), berbena (Verbena officinalis), pasmo-belarra (Lysimachia arvensis) eta plantaina arra (Plantago lanceolata) dira urteotako eskarmentuaren arabera aldaezinak. Horiekin batera asuna (Urtica dioica), azeri buztana (Equisetum arvense) eta zaingorria (Geranium robertianum) ipini dizkiogu azken urteetan baina bostorria (Potentilla reptans) eta intsusaren (Sambucus nigra) edo ilenaren (Calendula officinalis) lorea ere ipin zitezkeen, beste askoren artean.

Kolpeak bezain ongi tratatzen ditu zauriak, biak batera gertatzen direnean (ebakuntzak kasu) ere bai. Pikorrak, erredurak, ziztadak eta narritadurak baretzeko lana ongi egiten duela badakigu. Aurten emandako ikastaroetan ehun pertsona inguruk ikasi dute egiten eta askok berehala erabili dute eguzki erredura zaintzeko, marmokak besoan utzitako hantura tratatzeko, ezpain kontrako zauria sendatzeko, ikastaro ondoren aulkiak jasotzerakoan kokotzean hartutako kolpea goxatzeko…

Aitorpena eginez bukatzeko, nik ibilbide hau hasi izana zor diot. Duela urte asko, lagun leitzar bat ukendu hau egiten irakatsi behar nuela tematu baitzen, zer zetorkidan ez berak eta ez nik antzeman ezin genuela. Eskerrik asko zazpi sendabelar ukenduari, beraz, eta eskerrik asko zuri, Ainara de Miguel.

3x02: Landareen oihuak eta azeri buztana
Landareen inteligentzia, gaitasunak eta sentiberatasuna hizpide izan ohi ditugu podcast honetan, eta azken urteetan botanikan egiten ari diren ikerketak ekartzen ditugu horretaz aritzeko, landareekiko daukagun... (+)
3x01: Mina tratatzeko landarerik zaharrena
Deigarria egin zaigun aurkikuntza arkeologiko batekin hasi dugu saioa. Mina tratatzeko landarerik antzinakoena aurkitu dute Tafugalten, Marokon, egindako indusketetan. Ephedra (Ephedra sinica) da sendabelarra eta... (+)
Loreen agurra
Udazken sasoia iritsi zaigu eta ohikoak diren irudiak etorri zaizkigu; hostaje gorrixkak, erortzen ari diren hosto bakan malenkoniatsuak, haizeak astindutako orbela. (+)
Sendabelarrak oliotan
Sendabelarra oliotan beratzeaz ariko gara baina ukendurik egin gabe. Bai, arraroa dirudi baina sendabelar freskoak oliotan beratu, iragazi eta erle argizaria ipinita ukendua egiten ikasi... (+)
English remedies
Udaberriko loreez zirriborroa neukan egina gaurko artikulurako, naturaren zikloei begira idaztea eta garaian garaikoa ekartzea gustatzen baitzait baina artikulugile daramadan denboran ikasi dut maiz gaia... (+)
gora