Uztailean, igitaia eskuan

Negu on igaro

Aurten hotz pixka bat badugu, bejondeigula. Negurako jasotako jakiak gozatzeko eguraldi aproposa. Gaur egun izozkailua eta hozkailua ditugu horretarako erreginak, baina garai batean barazkiak, fruituak, okelak eta arrainak jaso eta irauteko beste bide batzuk erabiltzen ziren. Bide guztien helmuga da janaria alferrik galduko luketen bakterioei sarrera eragoztea. Gorde-jakiak egiteko era horiek lehen sukaldaritza trikimailuak izan zirela dio baten batek. Jende asko ari da orain kontserbabide horiek erabilita ahosabaia kitzikatzen zuten dasta haien bila.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2026ko otsailaren 23a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Iraunarazteko teknikek elikagaiak bestelakotu eta dantzan jartzen dute gure herentziazko ahosabaiaren memoria. Ez da gauza bera Ibarbi edo Errezil sagar (Malus domestica “Errezil”) gordin bat azaroan jan edo apirilean. Jan-sagar soila eta toki egokian zaintza egokiarekin gordesagar, goldesagar, negu-sagar, altxagar edo altxasagar bihurtutakoa ahoan zangoz zango dauden bi jaki dira, inola ere aldera ezinak. Negua gozatzeko jaso diren sagar horiei, besteez gain, “altxagar” edo “altxasagar” esaten zaie; eta “altxatua” esaten zaio zerbait azkurritsua, ahogozagarria, gozoa, dasta onekoa, zaporetsua eta mamitsua denari. Altxa-mahatsa (Vitis vinifera) eta altxa-angurria (Citrullus lanatus var lanatus) ere badira.

Fruituak bere horretan, ihartu eta zimeltzen uztea jasotzeko teknika bat da, baina beste asko dago. Ketzea da beste bat, adibidez; egur ezpalekin sua egin eta ketan eduki. Gaztak ditugu ezagunak, baina lukainka, arrain, haragi, piper hauts, intxaur eta beste ketzeak osagai bereziak eransten ditu. Dastarako eta itxurarako, egur bakoitzak berea. Hor izaten zen garai bateko su bajuko sukaldeetan sabaitik zintzilik garnera edo altsistua, gaztaina zumitzez (Castanea sativa) edo hurritz adarrez (Corylus avellana) egina, non gaztak, fruituak eta abar edukitzen ziren saguengandik urrun eta ketan.

Jakiei azala lehortzea zen beste martingala; horrela, lehorra den ia ezeri ezin dio eraso bakterioak. Eguzkitan, sutondoan edo gatzetan jarrita lehortzen dira. Bakailao, urdai, urdaiazpiko, “gatzartua” ere esaten zaion zezina eta abar. Lan bera egiten du azukreak, baita eztiak ere. Fruituak azukreztatu eta jasotzen dira. Eztitan sartzen den edozein jakik hor iraungo du nahi adina.

Hemen ez da ohitura, baina hartzitutako barazkiak ere luze bizi dira. Badira baita ere gatzun edo gesaletan jarritako olibak (Olea europaea) eta kornixonak edo luzokertxoak (Cucumis sativus); ozpinetan jartzen diren piperminak (Capsicum annuum “Pipermin”); kabanatan egiten diren olio-ozpinetan jarritako batez ere arrainak, baina baita ehiza ere. Horietan denetan pHa hainbeste jaisten da, ezen muturreko giro azidoan ez dagoen biziko den erasotzailerik.

Kontserbarako errautsa eta karea ere erabili izan dira; ezagunak dira bi hauts horietan sartuta arrautzak hilabeteetan kontserbatzen zituzten lurrezko treskak eta tinak.

Muga fisikoa eginda ere jasotzen ziren gai batzuk, txerrikiak, adibidez. Txorizoak oliotan edo txerri puskak bere koipetan.

Neguaren gozagarri ditugu urtari, emendio, bezuza, errekaitu eta bidekai gehienak, baina badira gerorako behar direnak ere, haziak, adibidez. Uzta jasotakoan izozkailuan egun batzuez ontzi hermetikoan eduki eta kitto, gero itxita mantendu erabili arte, berriz kutsa ez dadin. Lehen, baina, toki hotzean edukitzen zituzten, ganbaran, gehienetan. Artoa (Zea mays), berriz, ketu ere egiten zen, kiratsarekin sitsa, harra eta arrautza atzeratzeko.

Zuhaitzaren argia
2026-04-20 | Jakoba Errekondo
Zenbat denbora da ez dituzula ohean egiten diren gauzak zuhaitz baten azpian egin? Siesta bat, adibidez. Edo txortan. Edo negar. Edo galdera beste era batera... (+)
Gosariaren plazerak
2026-04-13 | Jakoba Errekondo
Kax-kax. Familiako ohiturari segida emanez, etxeko Rhode Island Red oiloen urean pasatako arrautza, goiko muturrean, buelta osoan, koilaratxoarekin joka, kax-kax. Ogi puxka sartu, erdi gordinik... (+)
Elorri-xixta eta gaztaina
2026-03-30 | Jakoba Errekondo
Itsas Armada Handi eta Txit Zorionekoa zuen izen. 1588an Espainiako erregeak prestatu zuen espedizio militarra zen; 137 itsasontzi tresnatu zituen, eta Ingalaterra hankapean hartu nahi... (+)
Geroxeago bueltatu zaitez
2026-03-23 | Jakoba Errekondo
Animaliak gara. Denok, den-denok. Denok berdin. Ez batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago edo batere ez. Denok berdin. (+)
Lurrustela, etxekoen ametsa
2026-03-16 | Jakoba Errekondo
Usteldutako lurra bezalakorik ez dago. Onena da, eta bere ona zabaltzen du: ongarri ezinago ona da. (+)
gora