Astelehenero 8:00etan zure epostan
Berotzar bolada baino lehen hitz eginak ginen honetaz eta hartaz jarduteko eta, besteak beste, klima aldaketaz, energia berriztagarriez, enpresa handien makroproiektuez, gizartearen jarreraz… Elkarrizketa egiteko garaia heldu zeneko, berriz, bero lamatan ginen. Primerako giroa, ezin egokiagoa, zientzialariari munduaren desmartxaz nahi beste galdera egiteko.
Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Ingurumen Ekonomian doktorea da (2002) Yorkeko Unibertsitatean, eta irakasle izana Manchesterreko eta Cambridgeko unibertsitateetan. Hogei urte baino gehiago darama han eta hemen eta munduko lau ertzetan ikerketan. BC3 – Basque Centre for Climate Change erakundeko Klima eta Natura Ingurunea ikerketa-ildoaren arduraduna da eta ikerketa-eremu nagusiak ditu jasangarritasunaren zientzia, ingurumen- eta ekonomia ekologikoa, baliabide naturalen modelizazioa, mundu mailako ingurumen-aldaketa, ingurumena eta garapena, eta biodibertsitatearen kontserbazioa.
Hilabete baino gehiago joan da elkartu garen orduko. Batean, Alemaniara behar zenuela, Berlinera; hurrena, Japoniara…
Mundu mailako ikerketak egiten ditugu, eta munduko lau bazterretako ikerlariak gara. Egunean hiru-lau ordu jarduten dugu lanean, online munduko hainbat zientzialarirekin batera bileretan. Ikerketa berean ari garen ikerlariok fisikoki ere elkartu beharrean gara, eta halaxe egiten dugu, hiru-lau egun adostu, eta elkartzen gara han edo hemen. Beharrezkoa da. Garai batean askoz bidaia gehiago egiten nuen. Pandemiaz gero, aldiz, gutxiago, nahiz eta hilabeteotan Lituaniara, Alemaniara eta Japoniara joan behar izan dudan. Kointzidentzia hutsa.
Iaz, Europako Ikerketa Kontseiluaren ERC Synergy Grant dirulaguntza jaso zenuen, gisako bekatan prestigiozkoena, gizartearen eta naturaren arteko elkarreraginak ikertzeko Afrika ekialdeko bederatzi mendi-ingurunetan. Ikerketaren helburua, berriz, etorkizun jasangarriagoetarako irtenbideak bilatzea da.
Lau pertsona gara ikerketa-taldearen gidariak. Diru horren zati handi bat ikerlariak kontratatzeko erabiliko dugu, doktoregaiak eta doktoregoa egina duten ikerlariak. Afrika ekialdeko mendi guneetan, hau da, Ugandan, Tanzanian eta Kenian, Afrika bertako ikerlariek jardungo dute lanean. Neuk ere urtean bi-hiru aldiz joan beharko dut hara eta, hasteko, azaroan egingo dugu lehen bilera Tanzanian, bertako kolaboratzaile afrikar mordoarekin.
Afrika ekialdean gauzatuko duzue ikerketa. Zertan ez hemen?
Hemen ere baditugu proiektuak, baina Afrikako horri ekitea erabaki genuen, ikusten genuelako Afrikako ekialdeko mendiguneek ezaugarri jakin eta berezi batzuk dituztela eta, ikerketa han eginda ere, emaitzak Pirinioetan, Alpeetan, Himalaian eta han eta hemen aplika daitezkeela. Nazioarteko proiektuaz ari gara, eta ikerketa gauzatzeko leku bat adostu beharra zegoen, eta halaxe!
Esan duzunez, hemen ere badituzue proiektuak…
Bai. Europan zehar, Euskal Herrian, Araban… Hainbat proiektu, trantsizio energetikoaren inguruan-eta, adibidez.
Eskutik datozkigu aspaldi trantsizio energetikoa eta klima aldaketa. Zer dira berotzar handi hauek, ordea?
Bero, esan duzu? Zaude, ikusiko duzu zer izango den hemendik hamar urtera! Okerrena da bagenekiela. Ez da fenomeno berria. Berotzar handi hauek, alegia. Eta badakigu etorkizunean egoera areagotu besterik ez dela egingo. Baina jendeari ikaragarri kostatzen zaio kontzientzia hartzea. Etorkizunean ere horixe esango dute: “Arraioa, hau beroa, hau!”. Eta esango dut nik: “Akordatzen nola esan nion ARGIAko hari, elkarrizketa hartan, fenomenoa areagotuko zela?”. “Bai, egia!”. “Bada, hementxe duzu!”, esango dut nik. Halakoxeak gara. Zientziak aspaldi esan zuen, hamarkadak dira klima aldaketa zetorrela iragarri zuenetik. Ez zen dudazko baieztapena, ez zen hipotesia. Ez: bagenekien.
"Energia berriztagarriak hedatzeaz gain, energia kontsumoa apaldu behar da; biak egin ezean, ez dago irtenbiderik"
Zientzialariok bazenekiten. “Dakienak badaki, ez dakienak baleki...”.
Baina zientzialariok ez gara munduaren salbatzaileak. COVIDaren garaian, berdin: “Eskerrak zientziari!”, esan zuten batzuek. “Argi!”, esan nuen nik, “Hau arazo politikoa da, teknologikoa, ekonomikoa, zientifikoa… ez erantzukizun osoa zientziari leporatu”. Zientziak ez dauka irtenbide magikorik, aktore inportantea da gaia eztabaidatzeko garaian, baina zientziak ez du soluzioa, ez ardura osoa ere.
Zientziak zer zetorren baldin bazekien, zertan ez diogu ekin?
Garbi esanda: etxeko lanik ez dugu garaiz egin, etxeko lanak zein ziren jakinda ere! Oso pertsona gutxik eman dute pausorik bere burua benetan kontzientziatzeko, eta, kontzientzia hartu eta gero, ekintzara jotzeko. Oso gutxik. Erantzukizun handiena dutenek, berriz, ez dute bere egitekoa bete: ez legeak egiten dituztenek, ez politikariek, enpresari handiek… Eta, kasu eman, horiek denak pertsonak dira, ez dira ente sinboliko edo abstraktuak, pertsonak baizik! Inork ez du bere egitekorik bete, ez hemen, ez munduan. Zenbait neurri hartu dira, baina, gehienak, kosmetika hutsa izan dira. Beti betikoa: “Bai, ulertzen dugu… Ari gara, bai…”. Baina oso poliki ari gara ezer funtsezkoa egiten. Egia esan, hogeitaka urte daramatzagu horixe esaten, berandu gabiltzala, alegia. Orain, berriz, ero moduan gabiltza, trantsizio energetikoari heldu nahian, korrika eta presaka, arrapaladan. Eta badakigu zer datorren gauzak arrapaladan egiten direnean.
“Azkar eta ondo, usoak hegan”, da esaera.
Lanak behar bezala pentsatu eta planifikatu gabe, arazo berri gehiago sortzen dira. Lehengoak konpondu ez, eta berriak sortu, horixe gertatzen da. Aurretik, pedagogia egin izan balitz eta jendea kontzientziatu izan balitz, azpiegitura erraldoiek zer dakarten ohartu izan balitz… baina ez da ezer egin, eta halaxe gabiltza.
Gorbeialdeko Herri Unibertsitatea sortu zenuten, enpresa handiek –Solariak, kasu–, inguruan eguzki-plakak jartzeko makroproiektuak izututa…
Eta gero Arabako Herri Unibertsitatea sortu genuen, tresna bat behar genuelako proiektu handi horiei buru egiteko. Eta Araban sortu genuen, bertan arazo handia dugulako; landaguneetan, batez ere. Uste dut jendea orain oso kontzientea dela, ohartu dela arazo bat dugula –konpontzen erraza ez–, eta badaki irtenbidea eman behar diogula. Klima aldaketaren kontra egin behar dugu borroka eta, horretarako, energia berriztagarriak hedatu behar ditugu, azkar eta asko.
Lehen, “azkar eta ondo”. Orain, “azkar eta asko”!
Eta ondo, noski. Ez dago beste irtenbiderik. Edo bai: energia berriztagarriak hedatzeaz gain, gure energia kontsumoa apaldu behar dugu. Biak egin behar ditugu. Biak egin ezean, ez dago irtenbiderik. Zientziak garbi asko esan du hori ere.
Eta “azkar eta asko” egiten ari gara?
Ez. Mundu mailan kontsumo energetikoa ez da apaltzen ari, alderantziz baizik, igotzen. Gure Ipar Globalean –eta baita Hego Globalean ere–, bizimodu modernoa energia gehiago eskatzen ari zaigu. Gure gizartea gero eta konplexuagoa da, eta konplexutasun horri eusteko energia gehiago behar dugu. Eta ez da, bakarrik, lana, kontsumismoa ere hortxe baitugu, gure begien bistan, etengabe hazten.
Adibidez?
Adibidez, egiten ditugun aisialdirako bidaiak. Galdetu batari, galdetu besteari: oporretako destinoak gero eta urrutiago daude. Bata, Thailandiara; bestea, Balira, surf egitera; hirugarrena, Himalaiara, trekking egitera… Duela bi belaunaldi, inork ez zuen halako bidaiarik amesten, ezta ezti-bidaiaren kasuan ere! Orain, berriz, mugimendu hori normalizatu egin da, handik hona eta hemendik hara ibili beharra, ahal denik eta urrutiena joan beharra! Bidaia exotikoa izan ezean, ez da benetako bidaia. Hara!
Zerk ekarri du aldaketa hori?
Betaurrekoak aldatzeak. Orain lehen ez bezala ulertzen dugu mundua, beste modu batera. Influentzia piloa jasotzen ditugu –hortxe dira beti hedabideak, sare sozialak…–, eta aisialdi kontzeptua aldatuz joan da eta bidaia handiak normaldu egin dira. Jakina, gertatzen ari dena hori baino konplexuagoa da, adibidez ari naiz, esplikatzeko kontsumo energetikoa zergatik ez den murrizten. Egiturazko aldaketa jakin batzuk gertatu dira eta gure gizarteak ez du energia kontsumoa pribilegiotzat ikusten, eskubidetzat hartua du. Hori ere marketin sozialean dago oinarrituta. Nork sortzen ditu behar horiek, eta zergatik? Kontsumismoaren gurpil zoroan erraz asko sartzen gara, baina hortik ateratzen jakitea gero eta zailagoa zaigu.
"Ordezkari politikoek harro hitz egiten dute turistek hemen gastatzen duten diruaz, baina txintik
ez dute esaten haien aztarna ekologikoaz"
Energia kontsumoa ez zaigula pribilegioa iruditzen esan duzu oraintxe.
Halaxe da eta! Gu, izan ere, munduan, batez beste bada ere, herri pribilegiatua gara. Ikusi munduko datuak (zertan diren pobrezia, biolentzia, ebola…), eta ikusi nola bizi garen gu hemen, pribilegiatuen burbuilan, normala balitz bezala. Eta inori ezer esan, eta laster jasoko duzu erantzuna: “Zein demontre zara zu, ordea, niri esateko ez joateko Balira astebete surf egitera edo Himalaiara trekking egitera?!”. Berak ere esango lidake: “Zeuk ere hainbat bidaia egiten dituzu munduan barrena, krisi ekologikotik nola atera ikasteko bada ere!”. Eta egia da, nork bere kontraesanak ditu. Eta gero eta kontraesan gehiago eta handiagoak!
Kontsumoa murrizteaz ari ginen, energia berriztagarriak azkar eta asko hedatzeaz… Nola jokatu behar dugu horretarako?
Horretarako, politika egin behar dugu, politika, hizki larriz. Zientzialariak zientzialari dira; eta politikariak politikari. Eta politika, datu errealak eskuan egin behar da, ez datu abstraktuen gainean edo imajinario politiko baten arabera. Ideologia, izan ere, politikaren arlo bat besterik ez da, inportantea, baina ez da politika osoa. Ideologiak zer edo zertarako balio behar du, ebidentzian oinarritu behar du, eta horretarako, nahitaezkoak ditugu datuak; esan dut: ebidentziak. “Zein mundutan bizi gara? Zein dira hamar urte barruko proiekzioak? Zenbat energia kontsumitzen dugu? Zenbat murriztu behar dugu gure aztarna energetikoa?”. Alegia, bada helbururik, eta helburu horietara heltzeko ez du balio elizara joan eta errezatzeak, hori ez da politika egitea. Ebidentzian oinarritutako politika aktiboak behar dira,
Energia kontsumoa murrizteaz ari zara berriz.
Baina ez, bakarrik, teknologiaren bidez eraginkortasun energetikoa baliatuz: “Orain led bonbillak dauzkagu, energia gutxiago kontsumitzen dugu”. Teknologiak lagundu dezake, baina irtenbidea ez dago hor. Berez, bidea askoz sozialagoa, politikoagoa da: neurriak jarri behar dira mugikortasunari dagokionean, zaborren kudeaketan, aisialdian, turismoan… Horretarako, teknologiatik harago begiratu behar dugu. Teknologiak ez gaitu salbatuko, inoiz ez gaitu salbatu.
Turismoa aipatu duzunez, hortxe Asier Basurto Arrutiren liburua, Turismoa. Desazkundera bidaia.
Turismoak emisio pila bat eragiten du. Hasteko, gu denok handik hona eta hemendik hara gabiltza, eta, bestalde, kanpainak egiten dira turistak hona erakartzeko, gure zerbitzu sektoreari irabaziak ekartzeko eta, horren arabera, haiek zergak zuzen ordaintzeko, gure errenta eta ondasunak handitzeko eta abar. Baina horrek kostu jakin bat du, zeren sanferminetara datozen turistek, edo Donostiako pintxoaren parke tematikora datozenek, aztarna ekologiko izugarria eragiten dute. Gure ordezkari politikoek harro hitz egiten dute turistek hemen gastatzen duten diruaz, baina txintik ez dute esaten haien aztarna ekologikoaz. Diruaz besterik ez da hitz egiten, hori aurrerapena delakoan, progresoa.
Kontsumoaz ari garela, energia berriztagarriak dira soluzio?
Soluzioaren parte besterik ez. Ez pentsatu klima aldaketari aurre egiteko helburua berriztagarrien bidez bakarrik lortuko dugunik. Esango dizut berriz ere, berriztagarrien hedapen azkarra behar dugu, baina ordenatua. Derrigorrezkoa da plangintza estrategiko on bat egitea, bost urtera, hamar urtera, hogei urtera begira, eta aldian aldiko planak gauzatzea, eta ikastea, plangintzak berrikusi eta hobetu egin behar baitira, haien eragin negatiboak aztertu… Etengabeko lana da.
Enpresa handiek makroproiektuak asmatu dituzte. Gorbeialdea, esaterako, Solariaren kontrako pintadaz beterik dago.
Enpresa horiek beren interes pribatu eta partikularrak dituzte. Ni gizarte osoaren eta naturaren interesen alde ari naiz, ez bakarrik Araban edo Zigoitian bizi direnen interesen alde. “Ingurumen justizia” kontzeptu zentrala da, klima aldaketaren ondorioak ez baitira toki batekoak bakarrik. Lehengo batean, maiatzeko bero-boladan, lau egunean 11 pertsona hil omen ziren Euskal Herrian. Espainiako eta Frantziako estatuetan, bietan, mila pertsonatik gora ekaineko bero boladan. Eta halaxe leku guztietan. 2016ko uda, esate baterako, latza izan zen, Europan jendea erruz hil zen. Panorama bera da oraingoa. Datuak dira. Badakigu garai batzuetan hilkortasun tasa ikaragarri handitzen dela. Ez da oso abila izan behar horren arrazoiaz ohartzeko. Epidemiologoek badakite tenperatura jakin batzuk gertatzen direnean, pertsona zaurgarriek ondorio larriak jasoko dituztela, sufrituko dutela, eta asko hilko direla. Non dago hor justizia? Errealitateari aurrez aurre begiratu behar diogu. Ez ihes egin eta hurrengo bero bolada etorri arte trikuarena egin.
"Ekonomialari ekologikoa naiz eta ez, aldiz, finantza merkatuetan aditua. Erabaki horren atzean nire
balioak daude"
Makroproiektuek dakartzaten ehunka eta ehunka hektareak eguzki-plakaz beterik edo mendietako errotek izutzen gaituzte…
Hor bada hitz bat, ingelesezkoa, aztertzeko modukoa, eta da landscape. Eta frantsesez, territoire. Guk, paisaia erabiltzen dugu, zer estatiko bat, semantikoki bada ere. Baina beste hitz bat behar dugu euskaraz landscape kontzeptu hori adierazteko. Elhuyarrekin ere hitz egin dut honetaz. Landscape-k hainbat osagai hartzen ditu: kulturala, paisajistikoa, jendea, identitatea… Lurraldea izan daiteke erabili beharko genukeen hitza, ez paisaia. Lurralde hitzak paisaia-k ez dituen beste hainbat aldagai eta esanahi ditu. Askotan entzuten duguna da: “Ez apurtu nire paisaia, ze hau nire paisaia idilikoa da!”. Baina paisaiak gauza dinamikoak dira, aldakorrak, eta klima aldaketarekin are gehiago aldatuko dira. Munduan ez badiogu klima aldaketari buru egiten, hemengo paisaia asko pikutara joango dira: suteak izango dira, lehorteak… eta 50 urte barru oraingo paisaiarik ez da izango hemen. Lurralde hitza egokiagoa da, esanahi kolektiboa du, eta bertan harilkatuta daude naturaren balio anitzak. Kontua ez da, bakarrik, paisaia.
Suteak, lehorteak… apokalipsia!
Apokalipsia ez dakit, baina oraingo paisaiak akabo, agian. Ez dudarik izan. Ehun urte barru, beste era bateko paisaiak izango ditugu hemen, historian zehar gertatu zaigun bezala. Askok uste dute hemengo paisaia, dena zela harizti eta pagadi. Baina gezurra da, Gipuzkoan bertan oso baso gutxi zegoen, zuhaitzak bota eta ikatza egiteko erabili zirelako, adibidez. Ez haritzik, ez pagorik, larre ugari baizik. Haritz eta pago kontu hori, beraz, ez da egia, edo egia da Nafarroan edo Araban, horietan lur komunalak izan dituztelako. Baina pribatizatutako lurretan, Bizkaian eta Gipuzkoan, bestelako dinamika batzuek agindu dute.
Paisaiaz ari ginen, edo euskaraz adierazten asmatzen ez dugun landscape horretaz... Lurralde, agian.
Paisaia da gauza historikoa, emozionala, kulturala, identitatea sortzen duena… Zergatik ematen dio beldurra jendeari Solaria bat etortzeak? Ez, bakarrik, haren makroproiektuak lur hedadura handi bat hartu nahi duelako, baizik eta eguzki-plaka pila handi horrek bere lurraldearekiko atxikimendu sentimendua, pertenentzia… kenduko dizkiolako. Jendeak ez du ulertzen bere burua halako landscape zehatz bat gabe. Hori aldatzeak jendeari beldur itzela ematen dio, eta ez, bakarrik, itsusia delako, bestelako sentimendu, bizipen eta emozioak tartean direlako baizik. Eta horixe ez dugu ulertzen, edo ez gara ohartzen.
Gorago esan duzu enpresa handiek beren interes pribatuen alde baliatu nahi dutela egoera.
Beren akziodunen mozkinak babesteko. Kito! Horixe da enpresa eta korporazio handion helburua, ez besterik. Jasangarritasunez jantzi dezakete diskurtsoa, baina badakigu zertan sartu diren merkatu honetara: beren teknologia saltzera, sarea hedatzera, epe laburrean mozkinak lortzera gure bizkar, kosta ahala kosta. Nire ustez, hala ere, arlo publikotik enpresa pribatu batzuen aukerak baliatu behar ditugu, zorroztasun handiz jokatuta. Administrazio publikoak ezin dio utzi enpresa bati nahi duena egiten. Administrazioaren ardura publikoak hortxe egon beharko luke. Baina, askotan, jendeak ez du halako ardurarik ikusten, mesfidati izateko argudioak ditu. Batzuetan, arrazoi faltarik ez!
Erakundeetako ordezkariek –izan Jaurlaritzakoak, Nafarroako Gobernukoak edo diren eta ez diren erakundeetakoek– laster esango dizute ez diotela inori nahi duena egiten uzten…
Bai, baina badakigu korporazio handiek –Solariak, kasu–, eta administrazio publikoek negoziatzen dutela. Horixe da mundua. Hori da benetako politika, fokuetatik kanpo ere egiten dena. Badaude araudiak, baina baita haiek interpretatzeko moduak ere. Sektore publikoaren eta pribatuaren arteko harremana, izan liteke gatazkatsua edo izan liteke adiskidetsua. Eta negoziazioak fokurik gabeko bulego jakin batzuetan gauzatzen dira, gizarteak batere ez dakiela. Gardentasun handiz jokatu behar du administrazio publikoak. Administrazioaren helburu izan behar da trantsizio energetikoa oso modu ordenatuan eta garantistan egitea. Hori egin ezean, trantsizio energetikoa ez da bidezkoa izango, eta lehenago edo beranduago porrot egingo du.
"Herri indigenek ez dute natura menderatzeko jarrerarik, haien jokaera erromantizatu gabe ere. Gurea, berriz, da natura menderatu beharra. Hor dago gure zibilizazioaren ahuldade handienetako bat”
Azken galdera, zientzialariaren konpromiso edo engaiamenduaz...
Azken galdera, eta oso inportantea! Artikulu zientifiko bat idatzia dut horretaz, nazioarte mailan argitaratua, Nature aldizkari famatuan. Kar-kar... Klima aldaketa, batetik, hainbat gai sozial, bestetik, izugarrizko erronkak dauzkagu, eta ezin gara neutralak izan. Zientzialariok ezin gara neutralak izan, geure balioak ditugu, geure kultura propioa, munduarekiko ikuspegia, nahiak… Neutrala? Ezin! Ni ezertan ez naiz neutrala, ez bizitzan, ez zientzian… Nire balio-sisteman, gai batzuei beste batzuei baino garrantzi handiagoa ematen diet. Ekonomialari ekologikoa naiz eta ez, aldiz, finantza merkatuetan aditua. Erabaki horren atzean nire balioak daude. Baita zientzia egiterakoan neure buruari egiten dizkiodan galdera guztietan ere.
Zure balio-sistema.
Nire balio-sistemak ikerketa jakin batzuetara narama, munduari irtenbidea emateko garaian neure aletxoa jarri nahi dut. Neutrala... nola izango naiz, bada, neutrala? Ez naiz neutrala, jaio nintzenetik! Besterik da objektiboa izatea, eta objektiboa izateko beharra. Datuak objektibotasunez bildu eta aztertu behar ditut. Neutrala ez, objektiboa bai. Ez dira biak nahastu behar. Beraz, galderara itzuliz, nire erantzuna: zientzialariak gizartearekin guztiz konprometituta bizi behar du. Askotan, konpromisoa eskatzen zaie artistei. Palestina dugu adibide: hortxe da gizartea, kultur munduan ari direnei-eta begira, musikarien emanaldi eske. Eta artistak: “Beti guri ari zarete! Beste inor ez al dago?”. Berdin esan genezake zientzialariok: “Zertan galdetzen didazu niri konpromisoaz? Galdetzen al diozu tabernariari? Zu zer zara: bakarrik tabernaria, ala gizarte eztabaidan ere parte hartzen duzu?”. Bada, horixe: objektiboa bai, neutrala ez.
* * *
Naturarekiko pertzepzioa eta hizkuntza
“Gaiari buruzko ikerketa gauzatu genuen Euskal Herrian, Iparraldea eta Nafarroa artean hiru hizkuntza hitz dabiltzalako jokoan: batean, frantsesa eta euskara; bestean, euskara eta gaztelania. Jakin nahi genuen inguru horretan –Iratiko basoan-eta–, naturarekiko pertzepzioak eta naturarekiko balioak berdinak ziren edo ezberdinak, hizkuntza batean edo bestean. Ikerketa egin, eta ohartu ginen hizkuntzak naturarekiko erlazioa modu jakin batera bideratzen duela. Euskara, beraz, kultur identitatea errotzen duen elementu garrantzitsua da, naturarekin erlazionatuta dago. Naturarekiko harreman balio interesgarriak ditugu euskaldunok. Hau da, euskarak naturarekiko konexioa modu berezi batean gauzatzeko gaitasuna du. Konexio hori ez da hobea, ez okerragoa, da diferentea, da bestelako kultur identitate batek ez duena”.
Euskara eta natura
“Gure DNA soziologikoan, euskara eta natura lotuta datoz. Izendegia ere naturari lotuta dator, ez gutxitan!, eta ez da kasualitatea, DNA soziologiko hori hortxe dago latente, zaila da aztertzen, baina hortxe da. Horrek ez du esan nahi euskaldunok natura errespetu handiagoz tratatzen dugula, gauzak ez dira hain sinpleak, baizik eta gizakiaren eta naturaren artean harreman jakin batzuk sortzen direla, eta kultur identitatearekin interkonektatuta daudela. Hori, hemen eta mundu guztian! Komunitate baten barruan, naturarekiko eta gizartearekiko balio jakin batzuk sortzen dira, belaunaldiz belaunaldi bidaiatzen duten balioak dira, askotan. Baina kontuz, balioak ez dira aldaezinak, denboran zehar aldatu egin daitezke, denbora bakoitzak bere testuinguru ekosoziala baitu. Gure ikerketan esaten genuenez, hizkuntza minorizatu guztiak babestu behar dira, bioaniztasunarekin, naturarekin erlazioa duen gauza tangibleak direlako. Hizkuntza ez baita soilik intangible bat. Naturarekin hezurtu egiten den zerbait ere bada. Hizkuntza ikus dezakegu, hitz egin… Hizkuntza ez da gauza abstraktu bat, mundua ulertzeko betaurreko batzuk bezalakoxea da”.
Hizkuntza minorizatuak
“Uste dut munduko hizkuntza minorizatu guztiak babestu behar direla. Intrintsekoki, hizkuntza bat babestea balio bat da munduarentzat. Kultur balioa du hizkuntzak, mundua askotarikoago eta aberatsago egiten du. Horixe erakusten digute bateko eta besteko herri indigenek, Afrikan, Asian nahiz Latinoamerikan: naturarekiko ikuspegi jakin bat, harreman halako bat. Filosofoek esango luketen bezala, ontologia oso bat: hizkuntzak erakusten digu hiztunak nola ikusten duen bere burua, nola egiten duen bat naturarekin, adibidez. Baina guk hori, gurean, aspaldi galdu genuen”.
AZKEN HITZA
Naturarekin bat izan eta…
“Ipar Globalean, edo Mendebaldean, nahi duzun bezala esan, naturatik asko deskonektatu gara. Irudi normalizatua da natura guk kontrolatzeko, menderatzeko dagoela hor. Optimizatu daitekeen objektu bat balitz bezala, alegia: ‘Natura gauza salbaia da, eta guk, adimentsuok, ustiatu behar dugu handik onura gehien ateratzeko’. Orain, jakina, gauza bera modu ‘jasangarrian’ egin behar dugu, baina mentalitate hori, uste oker hori, burutik kendu gabe. Herri indigenek ez dute natura menderatzeko jarrerarik, haien jokaera erromantizatu gabe ere. Gurea, berriz, da natura menderatu beharra. Hor dago gure zibilizazioaren ahuldade handienetako bat”.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545