Martxoan haize, sagardian lore

Kontserbazio ekologikorako aurreikusia zegoen Gipuzkoako Markesbaso basoa egurgintzara bideratu nahi du Kutxabankek, salatu dutenez

Kutxabankek Markesbaso finkarako aurreikusita zegoen jatorrizko proiektutik aldentzea erabaki duela salatu dute 36 talde ekologistak eta kontserbazionistak. Zestoa eta Azpeitia artean dago Kutxabanken jabetzakoa den 290 hektareako eremu hori baso bihurtzea zen jatorrizko asmoa eta kontserbazio ekologikorako bideratzea. 36 taldeek salatu dute orain Kutxabankek beste planteamendu bat duela, "baso-ustiapenari lotutako irizpide produktiboak" lehenesten dituena. Oroitarazi dute Europako araudiak eskatzen duela 2030erako eremuen gutxienez %20 leheneratzea, eta nabarmendu dute Markesbaso dela baso autoktono bat berreskuratzeko dagoen Europako aukerarik handienetako bat.


2026ko uztailaren 09a
2025eko azaroan Gipuzkoako Aldundiaren aurrean egin zuten elkarretaratzea Markesbaso kontserbaziorako izatearen alde talde ekologista eta kontserbazionistek.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Talde ekologista eta kontserbazionistetako kide batzuk bezero moduan bildu dira Kutxabankeko ordezkariekin eta adierazi dutenez, "Kutxabankek uste du ezin duela Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako baso-politiketatik kanpo jardun". Argudio horrek ez ditu asebete talde ekologista eta kontserbazionistak, izan ere, gogorarazi dute "finkaren jabetza Kutxabankena dela eta, beraz, baduela aukera ingurumen-irizpide zorrotzagoekin bat datozen ekimenak sustatzeko".

Kutxabanken jarrera aldaketak izango duen ondorioa nabarmendu dute: "Euskadin errestaurazio ekologikoko proiektu eredugarri bat bultzatzeko aukera paregabeari uko egitea". Eta erabaki hori Europako Naturaren Leheneratzerako 2024/1991 Erregelamenduaren helburuekin kontraesanean dagoela ohartarazi dute; izan ere, araudi horrek 2030erako Europar Batasuneko lur- eta itsas-eremuen gutxienez %20 leheneratzea eta 2050erako behar duten ekosistema guztiak berreskuratzea ditu helburu.

"Kutxabanken jatorrizko proiektuak balio ekologiko handiko gune bat sortzea aurreikusten zuen"

Kutxabankek berak sustatutako jatorrizko proiektuak balio ekologiko handiko gune bat sortzea aurreikusten zuen, bertako ekosistemak berreskuratuta eta biodibertsitatea sustatuta. Honela zioen 2025eko azaroan Lurgaia Fundazioak, Kutxabankekin proiektu honetarako elkarlanean ari zenak: "2024ko azken hilabeteetan zehar prestatu zen proiektua. Helburua ingurune hori baso bihurtzea zen, hau da, bioaniztasunez beteriko ekosistema sortzea, inolako helburu produktiborik gabe".

Talde ekologista eta kontserbazionistek salatu dute jatorrizko planteamendu hori orain beste planteamendu batek ordezkatu duela, hain zuzen, "baso-ustiapenari lotutako irizpide produktiboak lehenesten dituenak". Lurgaiak honela kontatu zuen bilakaera nola izan zen: "Proiektua 2024ko abenduan okertzen hasi zen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamentuari proiektuaren helburuak, epeak eta dimentsioa jakinarazi zitzaizkionean. Bilera hartan, bide batez, aipatutako administrazioak hasieratik eragotzi zuen Lurgaia Fundazioaren presentzia”. Eta fundazioak zera gehitu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiari buruz: “Zaila da ulertzen GFAk interes pribatuaren alde lan egiteko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren azaleraren %100ean egurra ekoizteko duen asmoa, biodibertsitatea leheneratzeko aukera guztiak baztertuz eta ingurumena lehengoratzeko Europako politiken erakunde objektore gisa aurkeztuz”.

“Onartezintzat” jo dute 36 talde hauek gizarte-erantzukizuna duen Kutxabankek errentagarritasun ekonomikoa ondare naturalaren kontserbazioaren gainetik jartzen duen eredua aukeratu izana, bereziki larrialdi klimatikoan eta biodibertsitate-galeran gauden honetan.

Kutxabanki eskatu diote "bere jarrera berriro azter dezala" eta Markesbasoren kontserbaziorako jatorrizko proiektua "berreskura" dezala, "hasierako helburuak eta planteamenduak errespetatuz, eta publikoki defendatzen dituen jasangarritasun- eta gizarte-erantzukizun-balioekin koherente jokatuz".

Adierazpena izenpetu duten taldeak dira: Debanatura, Eibarko Baso Biziak, Elgoibarko Baso Biziak, Naturkon (16 talde batuta), Eguzki, Ekologistak Martxan, Zain Dezagun Urdaibai, BaSOS elkartea, Uhandre Baso Biziak, Hiri Berdeak, Soraluzeko Baso Biziak, Berriatuko Hostozabal, Sagarrak talde ekologista, Makatzak Arratiako ekologistak, Baserritar Bilgunea, Greenpeace, Elorrio-Atxondo Baso Biziak Natur Elkartea, Altza XXI, Sagarreta natur taldea (Hernani), Kukubaso eta Fridaysforfuture.

Gipuzkoako Ezkeltzu mendian bi haize errota jartzeko baimena eskatu diote Jaurlaritzari, bertan behera geratu zen proiektuaren eremu berean
2026-11-05 | Estitxu Eizagirre
Aia, Usurbil eta Zizurkilgo udalerriei eragingo lieke Alerion Spain SL enpresak "Aitz eta Andatz" izena jarri dion makroproiektuak. Bi haize errota jartzea da haren asmoa,... (+)
Urari buruzko mahai-inguruak, azoka, abereen eta etxaldeko lanen erakusketa... larunbatean Miarritzen
2026-11-02 | Estitxu Eizagirre
Euskal Herriko Laborantza Ganbarak 21. aldiz antolatu du Lurrama, bertako laborantza herrikoiaren festa. Ura du aurtengo gaia eta Frantziako Ardèche da eskualde gonbidatua. Miarritzeko Irati gelan... (+)
Bertako arto barietateei buruzko jardunaldia Donostian
2026-10-26 | Estitxu Eizagirre
Urriaren 29an, 18:00etan Cristina Enean, bertako arto barietateak berreskuratzeari buruzko jardunaldia egingo du Cristina Enea Fundazioaren Haziera hazi artxiboak. Bertan, bi esperientzia ezagutzeko aukera izango... (+)
EH Biziriken hitzaldi bira, "EAEko alderdi politikoek ingurugiroaren suntsiketan duten paper aktiboa" salatzeko
2026-10-26 | Estitxu Eizagirre
Urriaren 28an Amasa-Villabonan (Gipuzkoa) emango dute EH Bizirikeko kideek lehen hitzaldia, eta abenduaren 12an Bilbon bukatuko dute zazpi hitzaldiz osatutako bira. Hitzaldi horietan aztertuko dute... (+)
Ongi-etorri, mantangorri
2026-10-19 | Estitxu Eizagirre
Urriaren 17an Ordiziako (Gipuzkoa) Plaza Nagusian aurkeztu zuen EHKOlektiboak zigilu agroekologikoa: marigorriaren irudia ikus zitekeen Euskal Herri osotik etorritako ekoizleen mahaietan eta elikagaien etiketetan. Goiz... (+)
gora