Ogi orde (Otorde) dabila maiatza su eske. Ogi truke beroa nahi du.

Luhartza, lur-txakurra eta txir-txir satorra

Txir-txir gozo ari dira uda hasiera fresko honetan txoriak. Eusebio Mugertza Azpiazu “Mendaro Txirristaka” eta “Kilimongo Dukea” bertsolariak (1874-1955) honela zioen: “Egun-sentiyan txantxangorriyak txir-txir kantari deitzian”. Lur gozoetako baratzeetan beste txir-txir bat entzuten da, txir-txir satorrarena; Aramaioko Oletan hala esaten diote, Ziortza-Bolibarren “lur-txakurra” esaten diotela ikasi nuen eta gurean, Gipuzkoako Beterrin, luhartza da.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2023ko ekainaren 05a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Luhartzak kantu nabarmena egiten du urte sasoi honetan, ilunabarrean batipat, eta zataren txir-txirraren tankerakoa omen da. Txir-txir satorrak, sator kantariak, hareapekoaren edo satorraren antzeko bizimodua du: lurpean bizi da, galeriak eginez, landareen sustraiei erasoz eta moztuz. Landareak oso-osorik ebaki ditzake ipurditik eta kalte handiak sortzen ditu. Parean harrapatzen dituenak ere gupidarik gabe jango ditu: har, zizare, txindurri… Arantzazuko egutegiko 1959ko martxoaren leheneko orriak honela dio: “Piper eta tomate azi onak erein eta ondo jagon, gabeko leiak edo lurtxakurrak ta bareak alperrik galtzea gura ez badozu”. Baina bera gustura asko jaten duenik ere bada: zata bera eta beste harrapariak, araba-zozoa, trikua, satagina, arratoia, azeria eta satorra. Asian lagunek ere jaten dute. Hemen zenbait arrainen arrantzarako beita ezin egokiagoa omen da.

Udaberriko iluntzetako txir-txir kantua arrarena da. Bere kantuak aire berezia izateko, lurpeko zulobideetan txoko bereziak eraikitzea da arraren lana, emeak bera aukera dezan. Artista izango da, izan ere, bere lur-zulatzaile teknikan oinarritzen omen da tunelak egiteko berezko makinena.

Zomorro gaiztoa da baratzezainarentzat, landare asko alferrik galtzen du. Eta jakina, badaki non bizi: bere bazka dagoen tokian baratzea egiteko lur onenak diren erribera lur harroetan. Zomorrotxar barbalot arraioa! Kilimongo Dukeak berak zioen: “Litxarreriyan gallentzen dira, satorra eta luartza”.

Bere izenekin saltsa ederra dugu; ea zoologoren batek noiz heltzen dion gai honi. Gazteleraz duen izenetako bat “Alacrán” da, arrabioak bezalaxe, eta nik uste hortik datorrela nahasmen guztia. “Arrabio” eta “luhartza” hitzak jaso direnean gaztelerazko bat eta bera eman izan zaie eta orain harrapazank. Manuel Larramendik bere 1745eko hiztegian dio arrabio dela “Alacrán y cualquier animalillo ponzoñoso” eta ezin harritu luhartzari ematen zaion karrokada izenekin: arrabio bera, luhartz, lur-txakur, txir-txir sator, sikilikitu, hogeita lau oreneko, otxabarri, xabiroi, arlui, zalmiroi, segarhora, pio-pio…

Txir-txir eta pio-pio, bere kantuak txitoenaren antza ere ba ote du?

Gaztaina nor bazeneko lanak
2026-11-09 | Jakoba Errekondo
Kirikinoak badu bere hesia. Kirikinoari gure bailaran “morkotsa” esaten zaio, baina han-hemen atso, karlo, arrotx, katakoskol, ardots, kormuts, arbots, lokots, mutxur, sokor, sokal, morkol, sokoil,... (+)
Nafarroako eta Lantarongo intxaurrak
2026-11-02 | Jakoba Errekondo
Duela ehunen bat aste izan zen. Urte pare bat bada Agur intxaurrondo, agur izenekoa idatzi nuela orri honetan bertan. Hartan nioen urak Atlantikora isurtzen ditugun... (+)
Asko ez da beti aski
2026-10-26 | Jakoba Errekondo
Bizi da ala hil da? Nola jakin aurtengo beroaldi eta lehorraldi gordin eta mokor hauen ondoren ihartu den arbola bat hil den ala bizi den,... (+)
Ardoa eta azukrea
2026-10-19 | Jakoba Errekondo
Ospatu beharra dago! Azkenaldi honetan ospakizuna ospakizunaren atzetik dugu inguruan. Horrelakoetan etxeko sagardoa nagusi da; dagoeneko upel, bukoi eta barrikak irakiten ari dira, hurrengo urtean... (+)
Babazaletzea
2026-10-12 | Jakoba Errekondo
Bada istilu eta nahaste-borrastea. Bada, izan ere, baba. Noizkoa ote da “baba” izena? Eta zer landare izendatzen zuen lehen hartan? Eta zer landare izendatzen du... (+)
gora