AEBko eta munduko hiri handienetakoa den Los Angeles sute ikaragarriek harrapatu dute eta jadanik 150.000 lagun lekuz aldatu behar izan dituzte agintariek. Alkateak larrialdi egoera ezarri du, garrek ehundaka etxe kiskali dituzte hainbat auzotan, eta haizete gogorrek ez dute meniarik eman oraingoz. Mendiei kilometro askotako hedadura lapurtzen joan den hirigintza jasangaitz bat ere badago horren guztiaren atzean.
Kaliforniako Los Angeles hiria sute handiek inguratzen dute eta 11.000 hektarea dira jadanik suak kiskali dituenak, tartean baso eta mendia, baina baita auzo osoak ere. Hala, AEBetako telebista kateek emandako azken datuen arabera 1.000tik gora eraikin errauts bihurtu dira eta beste 15.000ak arrisku bera dute.
Los Angeleseko alkate Karen Bassek larrialdi egoera ezarri du eta jadanik 150.000 lagun lekuz aldatu dituzte. Hiriak "historia modernoan" izandako suterik handienak bizi dituela azpimarratu dute. Egoera asko okertu da haizearen ondorioz, 160 kilometro orduko abiadurarekin "suzko hurakan" itxura hartu baitu, Bassen esanetan. Zauritu ugari egon daitezkeela onartu dute eta gutxienez bost dira hildakoak.
NASAk eta AEBko Baso Zerbitzuak paratutako suteen mapan garbi ikus daitezke suaren nondik norakoak. Sute handiagoak egon izan diren arren –konparaziorako, Brasilen São Paulo estatuan soilik 370.000 hektarea baso tropikal erre ziren iaz eta milioika herrialde osoan–, Los Angeleseko garrek etorbide distiratsuak, luxuzko auzoak eta hiriguneak hartu dituzte, eta irudi ikusgarriak utzi.
Kaltetutako auzoen artean Hollywood, Malibu eta antzeko toki ezagunak daude, besteak beste. Zehazki, bi dira kalte handienak eragin dituzten suteak, bata kostaldean, hiriaren ipar-ekialdean, Palisades deiturikoa –horko mendien izena hartuta–; bertan daude Malibuko hondartza famatuak. Bestea iparraldean dagoen Los Angelesko Baso Nazionalaren natur parketik gertu, Eaton izenekoa.
Klimaren erotzeak ekarritako haizete lehorrek eta AEBko administrazio publikoak sarritan halako hondamendiei aurre egiteko erakutsi izan duen ezintasunak azaldu dezakete, hein batean, gertatutakoa. Baina Los Angelesen American Dream-a muturrera eraman izanak ere badu zerikusirik.
Aberatsen auzoek mendian gora egiten dute, eta hiriaren besoak mugarik gabe hedatzen dira, etxe-landaketa estentsibo baten moduan. Horrek arrisku bat baino gehiago dauka, horien artean, suteen artean amaitzekoa
Eremu horietan guztietan, aberatsen auzoek mendian gora egiten dute, eta hiriaren besoak mugarik gabe hedatzen dira, etxe-landaketa estentsibo baten moduan. Horrek arrisku bat baino gehiago dauka, horien artean, Kaliforniako klima mediterraneoan hain ohikoak diren suteen artean amaitzekoa.
Jadanik 2007an, Pello Zubiriak Net Hurbil sailean ohartarazi zigun fenomenoaz, Pindar bat aski Maliburen xarma guztia errausteko erreportajean. Mike Davis historialari eta soziologo kaliforniar ezaguna iturri bezala hartuta, Zubiriak azaldu zuen inguru horietan chaparral edo txaradia dela jatorrizko landaretza, eta hainbat faktoreren ondorioz hamarkada bakoitzean sute erraldoi bat egon ohi dela erregai bikain horrekin.
Iraganean Los Angeles megalopoli bat ez baizik kostaldeko jatorrizko herrien bizitokia zenean, sute horiek lurra biziberritzeko funtzioa egiten zuten. Orain aldiz, "modernitateari" egiten dizkion kalteak begibistakoak dira, berotze globalak, idorteek, landarerietan sortzen diren gaitzak eta beste hainbat faktorek ere sorturiko koktel hilgarrian.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545