Berriz hasi dira laborarien manifestaldiak frantses estatu guzian. Sindikatu desberdinek aldarrikapenak hedatzen badituzte ere, entzun den lehena eta komunikabide nagusietan gomit izan dena, FNSEA "nagusia" izan da. Zer du saltzeko? Gezur andana bat ahal bezainbat boz biltzeko heldu den urtarrilean. Beharrik, hemen, beste lurralde anitzetan ez bezala, oposizio kementsua badu.
Urte hastapenean sekulako laborari manifestaldiak izan baziren ere, sua pixkanaka itzali zen. Nehork ez bazuen izigarri satisfos iduri, bakoitza itzuli zen bere etxaldera, ardiez, behiez edo lursailez okupatzera. Gastu gero eta handiagoak, pisu administratibo ezin jasana, ingurumenaren aldeko neurriak, irabazi meheak ziren iragan negu hondarreko salatu beharrak, "sindikatu nagusiko" kideen arabera. Ez zuten laborari guziek arrazoi horiekin bat egiten baina, oro har, denak ados ziren beste behin salatzeko ofizio hau beti bezala petzero zela eta, lurralde guzietan, nekazariak leher egitera uzten zirela, handi-mandi batzuen interesen hantzeko. Sindikatu desberdinetakoak izanik ere, gehienek sentipen hori partekatzen dute. Ahantziak bezala izatearena. XXI. mendeko esklabo berriak, astean 70 oren lanean pegeseria baten irabazteko hilabete bukaeran.
Hala ere ekaitza baretu zen. Sindikatu indartsuenak aire hartzearen bukaera jo zuen eta denek etxerako bidea hartu behar izan zuten. Geroztik? Neurri ttipi bat han, beste bat hemen, pestizida sorta bat onar eta kontrol gutxiago ezar lagunentzat. Eta orain ixo! Aski da. Lan egin behar duzue agro-industriak sakelak bete ditzan.
Irudi hori zait burura heldu, FNSEAk bere burua hautatzen duelarik. Ez da lehen aldia sindikatu horrek bere nagusitzat laborarien interesen kontra joanki den pertsona hautatzen duela.
Arnaud Rousseau, duela zenbait urte Xavier Beulin bezala, Avril agro-industria enpresako presidentea da eta denbora berean laborarien frantses sindikatu nagusiaren burua. Avril taldeak, 8 miliar euroko negozio zenbatekoa egin zuen 2023an. Urte berean, 400.000 euro baliatu zituen lobby aktibitatetan frantses estatuan, bere interes industrialen defenditzeko. Zifra eta adibide franko zerrendatzen ahal genituzke frogatzeko pertsona mota horrek ez duela batere laborarien defenditzeko asmorik. Denen agerikoa baldin bada ere, gure inguruetako laborari batzuen eta Frantziako laborari anitzen ordezkaria da. Nolaz laborari zentzudun batek holako ordezkari bat onartzen ahal du? Zer pentsa genezake fabriketako langile gehienek MEDEFeko burua hautatzen balute ordezkari bezala? Tokian tokiko laborari xumeek badituzte tokiko ordezkariak hautatzen, non da sistema hori hausten holako otso bat hautatzeraino? Dena den, zenbait hilabetez mutu egon ondoan, bere zaleak berriz xutitzera deitzen ditu. Bozak dira urtarrilean eta harrabots pixka bat egin behar da fededunek segi dezaten sinesten.
Maluruski, definizioaren arabera, fededun batek ez du erlijioz aldatzen bat-batean, bizpahiru argumentu entzun ondoan. Batzuek kaska aski azkarra hartu ondoan etxekoen ganik egiten dute urrats hori baina gutik. Gure lurraldean, beste bide bat posible dela frogatu da 40 bat urte hauetan. Bide hori aitzina doa. Egunero, urratsez urrats xendra marrazten ari da. Heldu diren bozentzat ere, borroka zuzenaren eremaile dira ELBko zerrendakideak indarrez beterik. Laborari anitzek iraun dezaten aurkezten dira.
Prezio duinen bermea, kalitatezko sailak eta mozkinak, ahal bezainbat tokian tokikoa kontsumitzea, jendeen heineko etxalde anitz, elkartasuna, transmisioa. Hona ELBren programaren agiri bat. Euskal Herriko laborantzaren geroa segurtatuko dituen balioak biltzen dituen sindikatua. Boz guziak konda izanen dira. Gure ofizioaren geroaren baitan sinesten dugun guziek ELB bozka dezagun!
Panpi Olaizola
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545