Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k nekazarien artean ezarritako izuari kolektiboki erantzun zioten, plantazioak eta tren-estazioak erasota.
1915ean, Maria N’koi lider espiritualak gidatuta, matxinatu egin ziren zerga kolonialen kontra egiteko. Agintariek N´koi atxilotu eta erbesteratu zuten, eta matxinoak mendian babestu behar izan ziren. Katangako meatzeetan, berriz, kolonizatzaileak beldur ziren errekrutaturiko meatzari esklaboek langile klase kontzientzia hartuko ote zuten. Hori eragozteko, afrikar “basakeriaren” mitoan oinarrituriko biolentzia genozida erabili zuten, baina “langile klase afrikarrak hazten jarraitu zuen”.
Patrice Lumumba (1925-1961) lehen ministro izendatu berriak bere lehen diskurtsoan 80 urteko zapalkuntza salatu zuen, Belgikako Boudewijn erregea aurrean zuela, eta garbi hitz egin zuen: “Jadanik ez gara zuen tximinoak”
1940an Alemaniak Belgika okupatu zuen, eta hankaz gora jarri zuen metropoli europarra garaiezina zen ustea. Kongoarrek ordura arte Bula Matadi deitzen zioten Belgikako estatuari (“Harri puskatzailea”, Henry Morton Stanleyri jarritako ezizena). 1941ean Katangako Kikole meatzean greba hasi zuten: “Keniako eta Amerikako beltzek Europan zuriak garaitu badituzte, zergatik ezin ditugu hemen ere garaitu?”, zioten. Bigarren Mundu Gerra amaitzerako herritarren deskontentua orokorra zen. Hala, 1950eko hamarkada amaieran Belgikak bere koloniaren gaineko kontrola erabat galdurik zeukan. 1960ko ekainaren 30ean, independentzia irabazi zuten.
Patrice Lumumba (1925-1961) lehen ministro izendatu berriak bere lehen diskurtsoan 80 urteko zapalkuntza salatu zuen, Belgikako Boudewijn erregea aurrean zuela, eta garbi hitz egin zuen: “Jadanik ez gara zuen tximinoak”. Lumumbak justizia sozialaren alde erakutsitako jarrera ez bide zitzaien gehiegi gustatu Kongoko meatzeetan interesak zituzten estatubatuar eta belgikarrei, eta CIAren eta Belgikako zerbitzu sekretuen laguntzaz torturatu eta desagerrarazi zuten buruzagi ezkertiarra.
Lumumbaren hilketak, Katangaren behin behineko sezesioak, Mobutu Sese Sekoren diktadurak... ez zuten lortu mezua guztiz ezabatzea. Gaur egun, benetako burujabetzaren eta duintasunaren aldeko borrokak jarraitzen duela dio Centre Tricontinentalek, are gehiago “panafrikanismo berritzaile bat Mendebaldeko Afrika eraldatzen ari denean”. Dosierrean Frantz Fanon (1925-1961) iraultzaile antikolonialista karibetarrak esandakoa dute gogoan: “Gu guztion patua jokoan dago Kongon”.
[Artikulu hau Larrun gehigarriaren 302. zenbakian argitaratu da, Kongo eta kobaltoa: zertarako gaude prest konektatuta jarraitzeko? erreportaje nagusiaren barruan]
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545